Bi urteren ostean, bueltan dira Tolosako San Joan jaiak. Aurten betiko moduan ospatuko direla iragarri dute udaletik, eta "ohiko egitarau aberatsa" antolatu dute.
Izarne Iglesias kultura saileko zinegotziak esan du eragileekin batera egitarau oparoa prestatu dutela. Jaien hasiera iragartzeko suziria Udal dantza taldeko ballet irakasleak, Katixa Pereak, jaurtiko du, dantza taldearen 25. urteurrena dela-eta, omenaldi modura.
Berritasunak izango direla ere azaldu du zinegotziak. Esaterako, aurten San Joan egunean, Trianguloa plazan eskopetari talde guztiak bildu ordez, erdiak soilik elkartuko dira; "urteetako eskaria zen, eta horrela herritarrek korporazioaren eta alkatearen dantza ikusteko aukera izango dute".
Musikak protagonismoa izango du sanjoanetan, eta udalak bertako taldeak sustatzearekin batera, "goi mailako ikuskizunak" prestatu ditu. Hala, Huntza, Nikotina, Joseba Tapia, Skakeitan, Dupla, Bulego edota Kerobia taldeen doinuez gozatzeko aukera izango da.
Kirol jarduerak ere azpimarratu ditu Iglesiasek, hurrengo asteburuan hasita kirol mota desberdinetako probak eta txapelketak izango direlarik.
Arduraz jokatzeko deia
Olatz Peon Tolosako alkateak esan duenez, jaiez gozatzeko "gogotsu" dago herria; "San Joan jaien ospakizunaren bueltan, Tolosak tradizioa, ilusioa, alaitasuna… berreskuratuko du. Gogoz eta desioz har ditzagula aurtengo San Joan jaiak, eta gozatu ditzagula festa giroan, zentzuz, arduraz eta errespetuz jokatuta”.
Alkateak gogoratu du udalak jai berdinzaleen alde lanean diharduela azken urteetan eragileekin eta herritarrekin lankidetzan. Hala, amaitu berri du 2022-2024 Jaien Behatokiaren Ekintza Plana "berdintasunaren eta parekidetasunaren aldeko urrats sendoak egiten jarraitzeko". "Jaiak era baketsu, alai eta parte hartzailean bizi nahi ditugu, errespetuan eta berdintasunean oinarrituta. Tolosak ez dituelako eraso sexistak onartzen ezta onartuko. Ez dugu iraganean gertatutakoak errepikatzerik nahi. Ozen gaitzetsi ditu beti Tolosak eraso sexistak eta ozen diogu oraingoan ere horrelakoek ez dutela lekurik Tolosan. Tolosak jai berdinzaleak nahi dituelako, emakumeak aske sentitzen garen jaiak nahi ditugu”, esan du.
Zentzu horretan, San Joan jaietarako indarkeria matxistaren aurkako kanpaina berezia jarriko du martxan udaleko berdintasun sailak. Batetik, #LIBRENonahi kalkamoniak banatuko dituzte eta eskuragarri egongo dira, baita ere, eraikin publikoetan. Horrez gain, Joka Sano kartelak jarriko dituzte herrian zehar, non 24 orduko arreta telefono zenbakia agertuko den. Egitarauko eskuorrietan, berriz, indarkeria matxistaren aurkako mezuak txertatu ditu udalak eta udaltzaingoaren telefonoa ere agertzen da. Tabernariei gutun bat ere bidaliko zaie, eraso sexista bat gertatuko balitz jarraitu beharreko gomendioekin.
Eragileen hainbat ordezkari izan dira sanjoanetako aurkezpenean, eta horietako bat Jon Garmendia Tolosako Txistulari Bandako zuzendaria izan da. Ekainaren 26an Euskal Herria plazan izango den kontzertua "berezia" izango dela esan du. Arnas Berriz izena eman diote emanaldiari, eta ohiko txistulari formatutik atera eta beste gauza batzuk ere egin daitezkeela erakutsi nahi dute. "Kontzertu berritzaileago bat egin nahi izan dugu", azaldu du. Txistulari Bandaz gain, Tolosako Musika Bandak, Hodeiertz abesbatzak, Udaberri dantza taldeak, Giroarte dultzainero taldeak eta Tolosako dultzaineroak, Ane Urbizu akordeoi jotzaileak eta Irene Lopez abeslariak hartuko dute parte, eta "puntako musikariekin" osatutako taldea izango dute, Ander Zubillaga gitarrarekin, Igor Oiarbide baxuarekin, David Gorospe baterian eta Oier Ponce teklatuan direla. "Txistuarekin entzutera hain ohituak ez gauden zenbait abesti eta estilo joko ditugu eta helduak eta gazteak gonbidatu nahi ditugu".
Bestalde, Juan Bautista Aranzabe jubilatuen elkarteko kideak esan duenez, sanjoanetako egitarauan helduen eguna indarra hartzen ari da, "izan ere, gazteek euren eguna badute, guk zergatik ez gurea?". Egitarau "motza baina betea" antolatu dutela azaldu du. Mus txapelketa, puntu txapelketa, toka txapelketa edota bazkaria izango dituzte. Bazkarian, Rufo Ruiz de Eguilaz umorista eta Iñigo Perurena soinu jotzailea izango dituzte. Omenaldia ere egingo diete herriko lau jubilaturi. "Garrantzitsua da guretzat festa hau egitea, eta ilusioz gaude".