Emozioak partekatzearen garrantziaz

Ataria 2022ko mai. 13a, 14:39

Ikasturte osoan buru osasunaren inguruan egin duten lanketari amaiera emateko Espazio Lagunkoien Topaketa egin dute Inmakulada LH Ikastolan.

Tolosako ikasleek buru osasunaren inguruan ikasturtean egin dutena lanketari amaiera emateko Espazio Lagunkoien Topaketa egin dute. Ez zaude bakarrik proiektuaren barruan kokatzen da Espazio Lagunkoien ekimena, eta helburua da buru osasunaren zaintzan eta prebentzioan arreta jartzea, gazteen ongizatea bermatzeko. Horretarako, ikasleek euren emozio eta kezkez "lasai eta era seguruan" hitz egiten dute Espazio Lagunkoi deiturikoetan.

Bada, topaketa egin dute Inmakulada LH Ikastolan, eta askotariko tailerrak izan dituzte, ipuin kontaketa eta eskulanak, dantza eta yoga edota bertsolaritza eta antzerkia, eta ondoren, Edurne Pasaban, Agustin Erkizia, Irantzu Tolosa eta Iratxe Etxenikerekin mahai ingurua izan dute.

Mahai inguruan proiektuaren barruan egindakoak kontatu dituzte. Besteak beste, azaldu dute motxila bat sortu dutela, 'Hustu zure motxila motxila honetan' leloarekin, "Ikastolako edozein kidek bere sentimenduak bertan askatzeko". Pertsona moduan "asko" balio izan diela ekimenak esan dute, asko ikasi dutela, eta garrantzitsua dela espazio lagunkoiak izatea, "oso babestuak" sentitzen direlako.
 
Edurne Pasabanek, berriz, bere bizitzako mendirik zailena depresiotik irtetea izan dela kontatu du: "Nik ez dut ezkutatu depresioa izan nuela eta hiru aldiz saiatu naizela nire buruaz beste egiten, 8.000korik zailena gaixotasunetik sendatzea izan da". Iratxe Etxenikek, berriz, emozioak partekatzeko espazioak edukitzearen garrantzia azpimarratu du, bere aitaren adibidea jarriz: "Pasa den urtean kontatu nuen lehenengoz aitak bere buruaz beste egin zuela; ez zuen emozioen askapen bat izan, eta horrela amaitu zuen". Ikastetxeen helburuez ere aritu da, helburu nagusia pertsonak formatzea izan behar duela azalduz, "norbere beldur, zalantza, kezkak adierazteko aukera izanik era seguruan".
 

Ikasle ugarik parte hartu dute tailerretan, eta mahai inguruan ere asko izan dira gaia arretaz jarraitu dutelarik. "Topaketa bat egin nahi izan dugu ikasleak konturatzeko bakarrik ez daudela, isiltasunari oihu egiteko, tabuak hausteko eta osasun mentalaz normaltasunez aritzeko", azaldu du Julen Domintxin ikasleak. Hala, proiektuaren bultzatzaileak "gustura" azaldu dira bai topaketak bai eta proiektuak, oro har izan duena harrera onarekin.

Erlazionatuak

Astero, ordubete, buruko osasunaz

Erabiltzailearen aurpegia Miren Garate 2022 mai 13 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!