Astero, ordubete, buruko osasunaz

Erabiltzailearen aurpegia Miren Garate 2022ko mai. 13a, 14:48

Ikasleen buruko osasuneko arazoak prebenitzeko, "espazio lagunkoiak" sortu dituzte Tolosako Inmakulada lanbide ikastolan. Ikasleek "espazio seguru bat" izan dute euren emozioez eta kezkez hitz egiteko; suizidioa, depresioa eta antsietatea landu dituzte.

Astean behin, ordubetez, “espazio lagunkoi” bihurtzen dute Tolosako Inmakulada lanbide ikastolako jangela. Ikastolako zuzendariak, irakasleek eta ikasleek azaldu dutenez, osasun mentaleko gaiak lantzea, ikasleek beren emozio eta kezkei buruz aritzeko “espazio seguru bat” izatea eta osasun mentalaren arloko jarduerak gauzatzea dira gune horren helburuak, buruko osasuneko arazoen prebentzioa sustatze aldera. Urte osoan egindako lana plazaratzeko asmoz, Espazio Lagunkoien I. Topaketa egingo dute, gaur, ikastolan bertan. Tolosaldeko lanbide heziketako hirurehunen bat ikasle dira biltzekoak.

Ana Monge zuzendariaren esanetan, orain hiru urte inguru hasi ziren buruko osasunaren gaiari heltzen Inmakuladan. Osasun arloan lan egingo duten profesionalak prestatzen dituzte ikastolan, eta buru gaixotasunak dituzten pertsonekin lan egiteko trebetasunak lantzeko beharra ikusi zuten, ospitale eta enpresek ere gero eta eskaera handiagoa baitute arlo horretan. Hala, Donostiako Easo Politeknikoarekin eta Osakidetzarekin elkarlanean, buruko osasuneko espezializazio bat diseinatzen hasi ziren, eta Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuan erregistratu zuten. “Garai hartan, jabetzen ginen hemendik ateratzen ziren ikasleak ez zeudela behar adina prestatuta arlo horretan, baina ikasleen egoeraz ere ez ginen hainbeste jabetzen”, esan du zuzendariak.

COVID-19aren pandemia etorri zen gero, eta ikasleen egoera emozionala okerrera zihoala ikusi zuten ikastolan. Itxaso Urbieta eta Enara Larrain dira buruko osasunaren arloko proiektuan murgilduta dauden irakasleetako bi. “Konfinamenduan, adituek aipatzen zuten buruko osasuneko larrialdiak gainezka eginda zeudela, eta guk ere ikusten genuen asaldurak ugaritzen ari zirela. Igandeetan ere egin behar izan genituen tutoretzak, ikasleak gaizki ikusten genituelako”, esan du Larrainek.

Esanguratsua da kontatu duen adibide bat: Inmakuladako Osasun Dokumentazioko ikasleek, hainbat eskola lagin moduan hartuz, ikerketa bat egin zuten; tartean, suizidioari buruzko galderak ere bazeuden. “Bederatzi ikaslek erantzun zuten COVIDa agertu zenez geroztik suizidatzeko ideiak eduki zituztela. Hori ikusita, ikasleek esan ziguten zerbait egin beharra zegoela”.

Psikologo bat jartzea ere erabaki zuen ikastolak sasoi hartan. “Ikasleen artean antsietate handia zegoen, eta Osakidetza oso urrun zegoen; orain ere bai, baina orduan are gehiago. Baliabide batzuk bagenituen, eta hori lehenetsi genuen”, zehaztu du Mongek. Astean behin etortzen zen hasieran; bitan gero. “Itxaron zerrenda genuen, eta saioak mugatu egin behar izan genituen, ikasle bakoitza gutxienez hilean behin pasatzeko”.

Jarraitu irakurtzen Gipuzkoako Hitzan.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!