"Jarrai dezagun bidea egiten, etxeratu arte"

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko maiatzaren 7a

Sare Herritarrak deituta, gaur, eskualdeko herritarrak herri ezberdinetatik abiatuta mobilizatu dira. 'Etxerako bidea gertu' lelopean Tolosako Plaza Zaharrean elkartu dira Alegiatik, Lizartza-Txaramatik, Ibarratik edota Anoetatik abiatutako zutabeak. 

'Etxerako bidea gertu!' lelopean atera dira gaurkoan kalera Tolosaldeko herritarrak. Sare Herritarrak deituta eta Izan Bidea dinamikaren barruan, zutabe ezberdinak atera dira eskualdeko herri ezberdinetatik. Alegiatik, Lizartza-Txaramatik, Ibarratik eta Anoetatik abiatu dira oinez herritarrak, eta Tolosako Plaza Zaharrean elkartu dira, Tolosako kaleetan barrena kalejira egiteko.

Tolosako Plaza Zaharrean egin dute bat guztiek, eta zanpantzar doinuak izan dituzte azken kilometroak egiteko bide erakusle. Tolosako kaleak zehartu dituzte batu beharreko kilometro horiek egiteko, eta berriz ere, Plaza Zaharrean elkartu dira. Izan Bidea dinamikaren barruko ekimenera 500 kilometrotik gora batu dituzte gaurko saiakerarekin. Euskal Herrian dauden biztanleak bezainbeste kilometro egin behar dituzte, zehazki, 3127.326. 

Erronka honen bitartez, "euskal presoei ezarritako salbuespenezko espetxe politika bertan behera uzteko herri honek duen nahia, eta mugimenduaren bitartez, aktibazioaren bitartez eta kilometroak eginez" adierazi nahi izan dute. Hein batean "lortu" dutela esan dute: "Espetxe politikaren barruan aldaketa garrantzitsuak ikusten hasiak gara".  

40 urte luzeetako "urruntze politika amaitzen hasiak gara", azaldu dute ekitaldi amaieran.  "Lorpen hauek urte guzti hauetan egindako lanaren eta kalean bildutako herritarren bultzadaren fruitua dira", esan dute, eta "eskerrak" eman dituzte, eta bide horretan urratsak ematen jarraitzeko eskatu diete herritarrei.

Oraindik egiteko duten bidea "luzea" dela azpimarratu dute: "85 dira Euskal Herritik kanpo dauden euskal presoak". Eta "jarrai dezagun bidea egiten, etxeratu arte", oihukatu dute. 

Era berean, dinamikaren amaierara begira jarri dira, eta urriaren 8rako deia egin dute gonbita luzatuz: "Donostiako kaleak bete eta Illunbe txiki utzi behar dugu". 

 

Erlazionatuak

Etxeratzeko bidea gerturatzeko, ibilian

Eneritz Maiz Etxarri 2022 mai 07 Tolosa

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!