ERREPORTAJEA

Helmugara lehenbailehen iristeko

Imanol Garcia Landa 2022ko mai. 7a, 11:40

'Etxerako bidea gertu!' lelopean mobilizazioa antolatu du gaurko Sare Herritarrak, Izan Bidea dinamikaren barruan. Elkarguneetako bat Tolosa izango da, eta Aiztondotik Oriora abiatuko dira. Euskal presoen eskubideen alde kilometroak egitea da asmoa.

Bi urte pasatxo bete dira Sare Herritarrak Izan Bidea dinamika martxan jarri zuenetik, justu COVID-19a dela-eta ezarritako konfinamenduaren aurretik. Dinamika horren aterkian hainbat egitasmo antolatu dituzte Etxerako bidea gertu! lelopean. Zehazki, gaurko, bi mobilizazio egingo dira Tolosaldean. Horietako batek Tolosa izango du elkargunea, eta bestean Aiztondotik abiatu eta Oriora joango dira.

Izan Bidea dinamikaren bitartez ibiltarien sarea sortzen ari dira. Saretik azaldu dutenez, helburua da euskal presoek pairatzen duten «salbuespen legediarekin amaitu» eta Euskal Herrira ekartzeko «kontsentsua aktibatzea». Egitasmoaren bidez ibiltari sareko kideek kilometroak egitea nahi da, zehazki 3.127.326 kilometro egin arte, Euskal Herriak dituen biztanle kopurua bezainbeste. Kilometro horiek motorrik gabe egin behar dira: oinez, korrika, bizikletan, patinetean... Biharkoan ahal diren kilometro gehienak batu nahi dituzte antolatutako mobilizazioetan, eta horretarako ahal dituzten pertsona gehienak elkartu nahi dituzte, pertsona bakoitzak egiten dituen kilometroak zenbatzen baitira.

Tolosan elkartuko direnak, eskualdeko lau lekutik abiatuko diren zutabeetan parte hartuko dute. Alegiatik 10:30ean, Anoetatik 11:00etan, Lizartza eta Txarama aldetik 11:15ean eta Ibarratik 11:30ean jarriko dira martxan zutabeak. Berastegitik Ibarraraino joango dira, gero han bat egiteko zutabearekin. 12:00etan bat egingo dute Tolosako Plaza Zaharrean, eta Alde Zaharretik kalejira egingo dute.

 

Karmele Elizaran: «Aplikazio bat dago norbanako bakoitzak egiten dituen kilometroak zenbatzeko»



Aiztondo bailarako herritarrek Orion egingo den Saretze Egunean parte hartuko dute. Bertara joateko 08:30ean abiatuko dira zutabeak Amasa-Villabonako Berdura plazatik, Asteasuko plazatik eta Zizurkilgo Joxe Arregi plazatik eta 08:45ean Adunako plazatik. Ondoren, 13:30ean Orioko plazan ekitaldia egingo dute eta 14:00etan bazkaria. Arratsaldean, 17:30ean, Distopia elektrotxarangaren emanaldia, jokoak eta haurrentzat txokoa izango dira. Behin ekitaldiak bukatuta, Aduna, Amasa-Villabona, Asteasu eta Zizurkilera buelta egiteko Oriotik autobusak abiatuko dira 20:00etan. Aiztondotik joango direnaz gain, Orion Burantzaldetik (Lasarte, Usurbil eta Andoain) eta Urola-Kostatik (Zarautz eta Orio bertakoak) joandakoak elkartuko dira.

Nahikari Iturbe Sareko kideak azaldu duenez, Orioko egitasmoa billabonatarren eta oriotarren arteko beste egitasmo batetik abiatu zen: «Villabonatik pentsatu zuten kilometroak egiteko Oriora joango zirela eta bertan hamaiketakoa egin. Gero Oriokoak joan ziren bueltan. Eta hor atera zen egun maiatzaren 7an zerbait batera egiteko ideia». Horrelako ekinbideekin «sarekideen arteko harremanak sendotzeko aukera» ematen duela gaineratu du Iturbek.

Etxerako bidea gertu! dinamikan kilometroak egitea da helburua, beraz, eta 3.127.326 kilometro horiek egiteko erronka betetzen ari dira. «Orain arte bi milioi kilometro inguru zenbatu dira, eta urria bitarte dago denbora falta direnak egiteko», esan du Karmele Elizaran Sareko kideak. «Aplikazio bat dago norbanako bakoitzak egiten dituen kilometro horiek zenbatzeko, eta zerrendara gehitzeko». Josune Agirrezabala Sareko kideak gaineratu duenez, «ziur gaude maiatzaren 7an jendea bilduko garela, eta horrela ahal ditugun kilometro gehienak zenbatuko ditugula. Aurrera atera behar dugu erronka denon artean».

Urriaren 8an izango da Izan Bidea erronkaren bukaera, Donostian. Azken kilometroak egiteko mobilizazio handi bat antolatu dute. «Urtero urrian egiten da Sarek deitutako mobilizazio nazionala, eta dinamikari denok elkarrekin eman nahi diogu amaiera, egun horretan ere kilometroak eginez», esan du Iturbek. «Erronka beteko dugu, eta Donostian egingo den dinamika honen azken mobilizazio horretan erronka burutu dela ospatzeko aukera izango dugu».

Eskualdekoak, hamar preso

Guztira 189 euskal preso daude (maiatzaren 2ko datua), 26 emakumezko eta 163 gizonezko. Horietatik 104 Euskal Herriko espetxeetan daude, 65 Espainiako Estatuko espetxeetan eta 20 Frantziako Estatuan. Eskualdeko euskal presoak hamar dira, horietatik bi Euskal Herriko espetxeetan, zazpi Espainiako Estatuko kartzeletan eta bat Frantziako Estatukoetan.

Eskualdeko azken Euskal Herriratzea aurreko astean izan zen. Ana Belen Egues preso elduaindarra Madrilgo Alcala Meco espetxetik Arabako Zaballa espetxera eraman zuten. «Aurretik leku batetik bestera eraman dute», esan du Agirrezabalak. «Asturiastik Madrilgo Alcala Meco espetxera eraman zuten, eta azkenean Zaballara. Madrilen baldintza kaskarretan egon da, bigarren graduan, preso gatazkatsuen moduluan. Astean behin bakarrik atera zitekeen liburutegira edo gimnasiora joateko; oso mugatuta zegoen modulu horretan zegoelako». Elizaranek gaineratu duenez, «emakume presoek zigor bikoitza izaten dute. Gutxiago direnez, ez dituzte berehala lekualdatzen eta zigorra areagotu egiten diete».

COVID-19a dela-eta hartu diren murrizketek kalean eragina izan dute, eta espetxeetan ere asko nabaritu dela diote Saretik. «Presoek dituzten bisean bisekoetan eten asko izan dira», esan du Iturbek. «Bisean bisekorik gabe denbora asko egon dira, eta lekualdaketak dauden garaian ere berrogeialdian jartzen dituzte. Eta nahiz eta bigarren graduan izan, isolatuta egon behar izaten dute espetxe bakoitzak duen protokoloaren arabera. Espetxetik espetxera mugitzeak ere beraientzako zama gehigarri hori ere badu».

Preso bakoitzaren egoera aztertzerakoan, espetxeetan izaten diren graduen baldintzak kontuan hartzen dira. Zigorraren laurdena bete duen presoak baimenak jasotzen hasteko aukera du, erdia beteta duenak hirugarren gradua izatekoa, eta hiru laurdenak bete dituenak baldintzapeko askatasuna. Egoera horretan gradu progresioaren gaia ere kontuan hartzekoa dela azaldu dute Sare Herritarra mugimendutik. Izan ere, baldintzapeko askatasuna emateko, aurretik hirugarren gradua emanda izatea eskatzen da, eta horren aurretik bigarren gradua. «Hau da, onuretan progresio bat izan behar dela argudiatzen du Fiskaltzak, adibidez preso bati baldintzapeko askatasuna ez ematea eskatzeko», azaldu du Iturbek. «Aurretik euskal presoei orokorrean salbuespeneko egoera ezarri zaienez, eta beraz, baldintza hobeak ukatu zaizkienez, orain zigorrak jarraipena du legez izan beharko lituzketen eskubideak berriro ukatuz». Eskualdeko preso guztiek beraien kondenaren laurdena beteta dutela ekarri dute gogora Saretik, eta, beraz, baimenak jasotzeko eskubidea dutela. «Gradu progresioaren bide horretan sartzeko aukera lukete, baina salbuespeneko politika horrek mantsotzen du gradu progresio hori aplikatzea», esan du Iturbek. «Zer esanik ez, kontuan izanda oraindik eskualdeko zazpi preso daudela Euskal Herritik kanpoko espetxeetan».

Izan ere, euskal presoei salbuespeneko legedia aplikatzen zaiela salatu dute. «Larriki gaixo dauden presoek etxean egon beharko lukete, eta legeak bere horretan beteta, preso askok etxean egon beharko lukete. Eta ez da gertatzen», zehaztu du Iturbek. «Hori bakarrik aldatuko balitz asko aldatuko litzateke egoera, eta elkarbizitzaren, bakearen eta konponbidearen aldeko bidea asko zabalduko litzateke».

Horregatik oraindik mobilizatzea beharrezkoa dela diote Sare Herritarratik. «Azken presoa atera arte hor jarraituko dugu mobilizatzen», esan du Elizaranek. Agirrezabalak bere aldetik, biharko egitasmoa ekarri du gogora berriro: «Deialdia egina dago, ahal duen jende gehienak parte hartu ahal izateko. Presoak etxera ekartzea denon artean lortuko dugu, ez batzuen artean bakarrik».

 

Eskualdeko presoen egoera

(1) LUIS 'SUNI' IRURETAGOIENA (Tolosa)

Lannemezango (Frantzia) espetxean, 330 kilometrora. 14 urte kartzelan. Zigorra 2024an beteko du.

(2) JUAN KARLOS BESANCE (Villabona)

Dueñasko (Palentzia, Espainia) espetxean, 310 kilometrora. 11 urte kartzelan. Zigorraren 3/4 2033an beteko ditu.

(3) OSKAR ZELARAIN (Villabona)

Soriako (Espainia) espetxean, 260 kilometrora. 19 urte kartzelan. Zigorraren 3/4 2031n beteko ditu.

(4) IÑIGO GURIDI (Villabona)

Leongo (Espainia) espetxean, 370 kilometrora. 24 urte kartzelan. Zigorraren 3/4 2023an beteko ditu.

(5) MANEX CASTRO (Villabona)

El Duesoko (Kantabria, Espainia) espetxean, 170 kilometrora. 13 urte kartzelan. Zigorraren 3/4 2039an beteko ditu.

(6) ANA BELEN EGUES (Elduain)

Zaballako (Araba) espetxean. 20 urte kartzelan. Zigorraren 3/4 2024an beteko ditu.

(7) AITOR AGIRREBARRENA (Lizartza)

Villabonako (Asturias, Espainia) espetxean, 385 kilometrora. 19 urte kartzelan. Zigorraren 3/4 2028an beteko ditu.

(2) GARI ETXEBERRIA (Lizartza)

Dueñasko (Palentzia, Espainia) espetxean, 310 kilometrora. 15 urte kartzelan. Zigorraren 3/4 2022an beteko ditu.

(8) ANDONI GOIKOETXEA (Gaztelu)

Martuteneko (Gipuzkoa) espetxean. 3 urte kartzelan. Zigorraren 3/4 2024an beteko ditu.

(9) ANDONI OTEGI (Leaburu)

Logroñoko (Errioxa, Espainia) espetxean, 170 kilometrora. 20 urte kartzelan. Zigorraren 3/4 2031n beteko ditu.

 

ETXERAKO BIDEA GERTU!

Tolosa

10:30. Alegiatik zutabea.

11:00. Anoetatik zutabea.

11:15. Lizartza-Txaramatik zutabea.

11:30. Ibarratik zutabea.

12:00. Tolosako Plaza Zaharretik abiatuta kalejira.

Orio

08:30. Amasa-Villabona, Asteasu eta Zizurkilgo plazetatik zutabeak.

08:45. Adunatik zutabea.

13:30. Ekitaldia Orioko plazan.

14:00. Bazkaria.

 17:30. Distopia elektrotxaranga, jokoak eta haurrentzako txokoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!