ELKARRIZKETA

«Erabat ezberdinak dira igeriketa eta hegats igeriketa»

Imanol Garcia Landa 2022ko api. 22a, 07:57

Irati Lakunzak hegats igeriketa kirolaren berezitasunez hitz egin du.

Hegats igeriketa gehiago ezagutu nahiko genuke. Zer modalitate daude?

Bi bereizketa handi daude. Hegats bakarrarekin igeri egiten dugunok, hegats handi horrekin, eta besteak bi hegatsekin egiten dutenak. Hegats bakarrarekin igeri egiten dugunok hiru proba mota izaten ditugu: ur azalekoa, tutu bat erabiliz eta 50 metrotik 1.500 metrora bitarteko distantziak daude; eskafandra edo murgilaldia izenekoa, eta hor erreguladore batekin goaz, eta hori lotuta doa aire konprimitua duen botila batera, eta probak 100 eta 400 metrokoak dira; azkenik, apneako probak daude, hau da, arnasari eutsi egiten diozunekoak, eta 50 metrokoa bakarrik dago. Bi hegatsekin igeri egiten dutenak ur azaleko modalitatea egiten dute, eta 50, 100 eta 200 metro egiten dituzte.

Zergatik parte hartzen duzu hegats bakarreko modalitatean bakarrik?

Txikitan denok denetatik egiten dugu, eta gero zure ezaugarri fisikoengatik edo, bata edo bestea aukeratzen duzu. Nik hegats bakarrarekin egiten dut igeri, 200 eta 400 metroko distantziak, eta ur azalean eta eskafandrarekin. Apnea ez dut egiten, eta gainera 50 metro bakarrik dira eta nire abiadura ez da hain ona. Nik egiten ditudan probak minutu bat eta erdi eta hiru minutu artekoak dira. Proba azkarrak dira, potentzia handia eskatzen dutenak, baina 50 metroko batekin alderatuz, 15 segundotan amaitzen baitute horiek, ez dira hain biziak.



Eskafandrako modalitatean ur azpitik joaten zarete. Ur azalekoa nolakoa da zehazki?

Eskafandran erabat murgilduta zoaz, eta burua ateratzen baduzu deskalifikatu egiten zaituzte. Ur azaleko modalitatean beti egon behar du zure gorputzeko atal bat uraren azala hausten. Batzuetan tutua izaten da, bestetan ipurdia, eta bestetan hegatsa, zure mugimenduaren arabera.

Biraketa ematea da unerik zailena?

Azkenean orduak eta orduak ematen ditugu entrenatzen, eta beste edozer arlo bezala, hori ere entrenatu egiten da. Nik uste dut zailagoa dela irteera, ondo ateratzea, biraketa ematea baino.



Igeri azkarrago egiten duzue igeriketako igerilariek baino.

Bai, azkenean sekulako hegatsa daukagu, eta bultzatzen dugun ur kantitatea askoz handiagoa da igeriketan baino. Besoak biraketa egiterakoan bakarrik erabiltzen ditugu, bultzada emateko. Jendeak pentsatzen du antza duten kirolak direla, baina antzekotasun bakarra uretan entrenatzen dugula da. Erabat ezberdinak dira. Guk ia indar guztia enborraren beheko aldearekin egiten dugu, eta igeriketan dena goitik egiten dute. Entrenatzeko modua ere ezberdina da.

Gimnasioan ere entrenatzen duzue?

Bai, gure kirolean faktore garrantzitsua indarra da. Hegats horiek mugitzeko sekulako indarra behar dugu. Esango nuke %70 inguru uretan entrenatzen dugula eta beste guztia gimnasioan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!