ELKARRIZKETA

«Gustatuko litzaidake noizbait nire kirola olinpiar jokoetan ikustea»

Imanol Garcia Landa 2022ko api. 22a, 07:58

Irati Lakunza, Tolosako Usabalgo igerilekuan. I. GARCIA LANDA

Orain arteko denboraldi onena egiten ari da Irati Lakunza. Murgilaldiko 400 metroko proban denboraldiko markarik onena egin du mundu mailan, bere errendimenduan gora egiten ari dela erakutsiz. Bestalde, hegats igeriketak errekonozimendu gehiago izatea nahiko luke.

Hegats igerilarien artean munduko onenetakoa da Irati Lakunza (Tolosa, 1996). Iazko Munduko Txapelketan bosgarren postua lortu zuen. Aurten, uztailean egingo da txapelketa hori Kolonbian, eta podiuma du helburu. Egun, Getxon dagoen Fadurako goi errendimenduko gunean entrenatzen du.

Nola murgildu zinen hegats igeriketan?

Beti gustatu izan zaizkit uretan egiten diren kirolak. Txikitatik hasi nintzen igeriketa klasikoa egiten, udako ikastaroetan lehenengo, gero kiroldegi zaharrean astero egiten ziren ikastaroetan, eta hortik salto egin genuen Tolosaldeak zeukan igeriketa taldera. Iritsi zen une bat exijentzia maila altua eskatzen zela, gure ustez umetxo bati eskatu behar zaiona baino gehiago, eta ni igeriketara joateaz gain, solfeo ikasten nuen, instrumentua jotzen nuen, dantzara joaten nintzen, eta uste genuen garrantzitsua zela beste arloetan ere garatzea ume eta pertsona bezala. Orduan erabaki genuen beste modalitate bat probatzea, hain justu, hegats igeriketa. Nik igeri egiten nuenean, ondoko kaleetan hor aritzen ziren, eta kasualitatez nire entrenatzailea, une hartakoa eta gaur egun bera dena, nire aitarekin egiten du lan. Egun batean galdetu zidan ea zergatik ez nuen probatzen, eta horrela hasi ginen.



Eta ikusten denez gustatu zitzaizun. Hasieratik izan zenuen gustuko?

Hasieran sentsazioa ez zen oso polita izan. Hegatsak oso deserosoak dira, eta ez bazaude ohituta, desatsegina da. Niri hasieratik gehien gustatu zitzaidana egin genuen lagun taldea izan zen. Zortzi edo hamar bat gazte geunden antzeko adina genuenak, eta gogoan dut oso ondo pasatzen genuela entrenamenduetan. Niri hasieratik erakarri zidana kirol honetan familia giroa eta zer ondo pasatzen genuen izan zen.

Zenbat urterekin hasi zinen?

Hamabi urte ingururekin hasi nintzen. Nire lehenengo txapelketa ofiziala 2008an izan zen.

Noiz ikusi zenuen ondo moldatzen zinela?

Hasieran ni ez nintzen errendimendu baten bila joaten. Ondo pasatzera joaten nintzen, eta ariketa fisikoa egitera. Baina, egia esan, betidanik izan naiz oso pertsona koordinatua eta flexiblea, hori txikitatik daukat, eta horiek bi ezaugarri oso garrantzitsuak dira kirol honetarako. Gutxi entrenatzen genuen, eta infantil mailan emaitzak onak ziren. Segi genuen eta orain arte.

 

«Jaio eta formatu zaren herrian zure esfortzua eta lorpenak errekonozitzeak ilusioa egiten dizu»



Eta noiz hasi zinen emaitza jakin bat lortzeko entrenatzen?

Hasi eta bi urtera edo, bi egun entrenatzetik bost egun entrenatzera pasa nintzen. Kadete nintzenean, esan nuen gustatzen zitzaidala eta prest nengoela beste gauza batzuk sakrifikatzeko. Eta horrela hasi nintzen, hamalau urterekin.

Igarondo Urpekoak taldean zaude hasieratik.

Taldean berrogei inguru izango gara lizentzia dugunok. Badaude taldekideak Tolosaldekoak ez direnak, eta batzuk bakarrik zeharkaldietan parte hartzen dute, ez dituzte igerilekuetako probak egiten. Infantiletatik master kategoria arteko igerilariak daude taldean, denetatik pixka bat.



Gaur egun ere entrenatzaile bera duzula esan duzu.

Bai, Jon Espina da entrenatzailea. Goiko mailetan Jon dago entrenatzaile, eta infantil eta kadeteak Jone Gomezek eramaten ditu.

Zuri tokatu al zaizu entrenatzaile izatea?

Noizbehinka, norbaitek ezin badu, eta ikastaro modukoak ematen ditugunean, aritu naiz, baina ez gehiegi. Ez dut asko balio gaztetxoekin egoteko; ez da ez zaidalako gustatzen, izaera kontuarengatik da.

Klubeko gaztetxoentzat erreferentea izango zara.

Bai, baina azkenean nik egiten dudana gaztetxoei transmititzea zaila egiten zait.

Hegats igeriketa kirol minorizatua da eta ez dago Olinpiar Jokoen barruan. Eskaerarik egin da jokoetan sartzeko?

Hurrengo Olinpiar Jokoak Parisen dira, 2024an, eta badakit eskaera bat egin zela orain lau urte baina ezezkoa eman zuten. Badakit interes bat dagoela, baina baita kontrako interesak ere. Ez galdetu zergatik, ez baita oso argi geratu ez igerilarientzat eta ezta federazioarentzat ere. Ez dakit zergatik izan den, baina oraingoz itxarotea geratzen da. Niri ez zait tokatuko Olinpiar Joko batzuetan igeri egitea, baina gustatuko litzaidake noizbait nire kirola Olinpiar Jokoetan ikustea.


Jon Espina entrenatzailea eta Irati Lakunza, Espainiako Federazioak antolatutako proba batean.

Agian 2028an?

Urte horretarako lekua edo egoitza ez dakit edo atera den edo hurrengo urtean aterako den. Inork ez digu abisatu eta gauza hauek denbora askorekin abisatzen dira. Ez da kasua.

Olinpiar kirola izango balitz, parte hartzeko aukera izango zenuke, Munduko Txapelketetan parte hartzen duzulako.

Irizpideak ikusi beharko lirateke, baina pentsatzen dut gutxieneko markengatik joango nintzatekeela. Baina nahiago dut horretan ez pentsatu, triste jartzen naiz eta.

Borroka handia egin behar izaten duzue hegats igeriketa existitzen dela jakinarazteko?

Betiko kontua izaten da, marra finko bat dagoelako bai diru laguntzentzako bai errekonozimenduentzako: olinpiar kirola den ala ez den. Muga oso finkoa da, eta izan daiteke dena izatetik guztia zure kabuz moldatu behar izatera. Betidanik izan da horrela, eta hor jarraitzen dugu lan egiten, beste errekonozimendu bat izateko.

Hegats igeriketak bere federazioa du, edo igeriketan dago sartuta?

Hegats igeriketa ur azpiko kirolen federazioan dago sartuta, beste kirol batzuekin: urpekaritza, ur azpiko arrantza... Igeriketakoarekin ez du zerikusirik.

Kontua da igeriketakoekin leku berean entrenatzen duzuela.

Bai, hori da. Apnea ere gure federazioan sartzen da eta horiek ere igerilekuan entrenatzen dute. Gainontzeko guztiak itsasoan egiten dira, beraz, pixka bat hor erdian gaude.

Gaur egun ez duzu Usabalen entrenatzen, Getxoko Fadurako igerilekuan baizik. Nolatan?

Bi arrazoi nagusi izan ziren. Albaitaritza gradua bukatu nuenean, gustuko master bat ikusi nuen Leioan, EHUn, eta bestetik, banekien bertan errendimendu altuko zentro bat zegoela, sekulako azpiegiturekin. Eta pausoa eman nuen hara joateko.

Bekak izaten dira horrelako zentroetan. Zure kasua al da?

Betiko arazoa da. Ni goi mailako kirolari bezala izendatuta nago, baina olinpiar kirola ez denez, ez dut diru laguntzarik jasotzen. Faduran dauden zerbitzu tekniko eta biomedikoak erabili ditzaket, baina ez dut bekarik edo laguntzarik jasotzen.

Nolakoak izaten dira entrenamenduak?

Egun normal bat izango litzateke igeriketa saio bat egitea, gero zuzenean gimnasiora, eta orain dela gutxi hasi gara hipoxia erabiltzen entrenamenduetan, eta ordubete egoten naiz maskara jarrita. Gero, arratsaldean, saio bikoitza tokatzen denean, berriro uretara, eta ez denean tokatzen, bihotza lantzeko lanak egitera, hau da, bizikletan edo eliptikoan.



Zenbat ordu, beraz?

Gutxienez bost ordu, astelehenetik larunbatera.

Horrek erakusten du goi mailako kirolari bat izatea zer den.

Azkenean fisikoki nekagarria da, baina dinamikan sartzea da zailena. Nahiz eta 24 orduetan ez egon entrenatzen, 24 orduak horri begira zaude; hau da, zer jaten duzun, nola hartzen duzun atseden... Gainontzeko guztia izaten da zailena, gero entrenamendu horiek ondo burutzeko.

Albaitari bezala aritu zara lanen batean?

Praktiketan aritu nintzen, eta ikusi nituen gauza batzuk ez zitzaizkidan gustatu, eta horregatik egin nuen masterra, laborategiaren alorrera bideratzeko.

Aurtengo emaitzei begira jarriz, nola doa oraingoz urtea?

Ba nire bizitzako denboraldirik onena izaten ari da, bai emaitzengatik, eta baita ikasten eta disfrutatzen ari naizenagatik ere. Sekulakoa izaten ari da. Denboraldia irailean hasi zen. Lehenengo txapelketa garrantzitsuena abenduan izan nuen, eta oso ondo joan zen. Azkenekoa Erkidegoen Arteko Espainiako Txapelketa izan zen, eta hori primerakoa izan zen. Oso denbora ona lortu nuen. Egindako lanari nolabaiteko zentzua ematen diote lortutako emaitzek.

Entrenamendu ordu guztiek bere emaitza eman dute, beraz.

Bai sartutako orduek, eta baita egindako entrenamendu motek ere. Adibidez, hipoxiako entrenamenduak egiten ditugu, eta ikusten da ez datozela gaizki. Azkenean, emaitzek erakusten dizute egindako lana ondo dagoela.

Azken txapelketa horretan bost urrezko domina lortu zenituen. Ordizia Sarian lehen postua lortu zenuen, eta Munduko Kopako proba bat izan zenuen Hungarian. Hor zer emaitza lortu zenituen?

Hungarian hirugarren eta zazpigarren postuak lortu nituen. Ondo, beraz.



Aurtengo helburu nagusia Kolonbian izango den Munduko Txapelketa da?

Bai, azkeneko ziklo honetan entrenamenduak planifikatuta daude egun zehatz horretan proba perfektu ateratzeko. Horretan ari gara lanean.

Aurretik Munduko Kopa jokatuko duzu, apirilean, Alemanian.

Bai, apirilaren 23 eta 24an Leipzig hirian izango gara. Munduko Kopako hirugarren saioa izango da. Lehenengoa Polonian izan zen, eta hartara ez ginen joan. Alemanian, helburua markak hobetzea izango da. 200 eta 400 metro ur azalean ariko naiz, eta test moduko bat izango da. Ea zer sentsazio ditudan, eta horren arabera aurrera begirako lanak bideratu beharko ditugu.

Uztailean Kolonbiako Munduko Txapelketan parte hartzeko txartela lortuta duzu. Ze probatan ariko zara?

400 metroko bi probak egingo ditut, ur azalekoa eta murgilaldia.

Aurreko urtean izan zinen Munduko Txapelketan, eta murgilaldian bosgarren postua lortu zenuen. Aurtengorako zer asmo duzu?

Erkidegoen Arteko Espainiako Txapelketan egin nuen denborarekin, 3.02,94, une honetan lehenengo postua dut munduko sailkapenean. Egia da txapelketa dezente falta direla besteen markak ikusteko, baina podiuma borrokatzera goaz. Ez dut oso altu esan nahi, gero gertatzen dena gertatuko delako.

Edozein kiroletan, eta proba batera, edozer gauza gertatu daiteke.

Bai, gainera, 400 metro murgilaldian finala zuzenean izaten da. Goizetik arratsaldera botilak betetzeko arazoak izaten dira, eta orain dela urte batzuk erabaki zuten zuzenean finala jokatzea. Urteko zortzi denbora onenek hartzen dute parte. Aurreko urtean 3.07ko denborarekin laugarren denbora onenarekin nindoan, eta aurten 3.02rekin hortxe ibiliko naiz. Ur azalean finalerdiak eta finala izaten dira.

Markei dagokionez, Espainiako zer marka dituzu?

Abiadurak ihes egiten dit oraindik, baina 200 eta 400 metro ur azalekoak, eta 100 eta 400 metro murgilaldikoak nireak dira.

Eta Europa mailan?

400 metro murgilaldian egin nuen azken marka horrekin Europako markatik segundo batera geratu nintzen. Hori ere beste helburu bat izan daiteke. Ez dakit lortuko dudan ala ez, baina horretara iristea polita izango litzateke. Oraingoz, Europako bosgarren marka onena dut.

Beraz, markei dagokionez, distantzia eta modalitate horretan moldatzen zara hobekien. Gustura aritzen zara eskafandrako modalitatean, ur barruan sartuta egoten.

Ez dakit gustura esango nukeen, baina fisikoki edo teknikoki berezkoa dut hori. Ez galdetu zergatik, ez baitut bestea baino gehiago entrenatzen. Ondoen aritzen naizen proba da, bai.

Munduko Txapelketan podiuma lortzeak zer suposatuko lizuke?

Txikitako amets bat lortzea. Emozio handikoa izango litzateke... Pentsatzeak bakarrik urduri jartzen nau. Saiatzen naiz horretan gehiegi ez pentsatzen; lana egin behar da hori lortzeko eta horretan saiatuko gara.

Europako Txapelketak ere egiten dira? Hor lortu al duzu podiumik?

Bai, egiten dira. Urte batean Munduko Txapelketa izatean da eta hurrengoan Europakoa. Eta ez dut Europakoan podiumik lortu.

Zein izaten dira aurkari nagusiak nazioarte mailan?

400 metrokoan, adibidez, txinatarrak aurkari gogorrak dira. Eskafandrako teknika oso barneratuta daukate, eta oso lanketa partikularra dute. Ur azalean europarrak dira onenak, bai errusiarrak eta baita ukrainarrak ere.

2021eko abenduan Tolosako kirolari onenaren saria jaso zenuen. Zer suposatu zuen zuretzat?

Jaio eta formatu zaren herrian zure esfortzua eta zure lorpenak errekonozitzeak ilusioa egiten dizu. Pena izan zen bertan ezin izan nuela egon, eta ama bidali behar izan nuen. Pila bat eskertzen diet nire alde bozkatu zuten guztiei, eta baita galan bertan egon zirenei ere.

Usabal kiroldegiaren sarreran plaka jarri dizute?

Azkenaldian, orain dela lau urtetik edo, ez dute plakarik jartzen. Hortik pasatzen nintzenean, pentsatzen nuen ea noizbait nire izena hor jarriko ote zuten, baina berandu iritsi naiz.

Esan daiteke aurretik saria jaso dutenen maila horretan zaudela, behintzat.

Tolosan sekulako kirolariak daude, eta beraiekin batera sari hori izateak satisfazio handia ematen dit.



Etorkizunera begira, zer asmo duzu hegats igeriketan?

Ni hemendik hamar urtera ez naiz ikusten igeri egiten. Orain une onenean nago, eta nahiko nuke bizpahiru urtez dinamika honetan sartuta egon. Aurtengo esperientzia sekulakoa izaten ari da Faduran entrenatzen, hemengo teknikoekin eta medikuekin, eta atleta profesional bat bezala sentitzen naiz. Esperientzia hau pila bat disfrutatzen ari naiz, eta gustatuko litzaidake bi edo hiru urtez horrela segitzea. Ez dakit aguantatuko dudan ere. Erritmo hau oso zaila da eramaten, bizitza pertsonalarekin moldatzeko, eta baita ikasketekin eta lanarekin moldatzeko ere. Ahal dudan arte saiatuko naiz horrela jarraitzen, eta ezin badut, pistoia jaitsi beharko dut, edota hegats igeriketari beste modu batean lagundu. Bakarrik atleta bezala izan gabe, entrenatzaileei prestatzen lagunduz, edo igerilariei motibatuz. Nire arrastoa nolabait utziz; nola ez dakit, baina arrastoa utzi nahiko nuke.

Albaitaritza ikasi duzu, baina kirolari lotuta lan egitea aurreikusten al duzu?

Entrenatzaile bezala ez dut neure burua ikusten. Ez zait ateratzen; taldeari lagunduko diot nolabait, eta hori badakit ziur, baina ez dut uste entrenatzaile moduan jarriko naizenik. Gero, bizitzak buelta pila bat ematen ditu, baina printzipioz ez dago nire asmoen artean.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!