Oriaburu eraikina erreferentziazko gune izatea nahi dute

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko api. 12a, 19:59

Bertako areto nagusia erabiltzeko arautegi berria zehaztu du udalak, baita ordaindu beharreko tasa ere; kanpoko elkarteek ere erabili ahal izango dute.

2016az geroztik, Oriaburu eraikinean dago kokatuta Tolosa&Co merkataritza elkartearen egoitza. 2018an, Emari Coworking espazio berria ireki zuten bertan. «Tolosako hiri-ekonomiari lotutako eraikina da, erreferentziazko gunea, garapen ekonomiko eta sozialari eta tokiko enplegu planei eta politikei lotutako espazioa», esan du Xarles Iturbe udal gobernuko zinegotziak. Bada, eraikinaren erabilera sustatu eta kanpoko eragileei ateak ireki asmoz, bertako areto nagusia erabiltzeko arautegia zehaztu du udalak martxoko osoko bilkuran, baita erabiltzeagatik ordaindu beharreko tasa ere. Bi erabakiak aho batez onartu dituzte.

Eraikinaren erabilera arautzea da arautegi berriaren helburua. «Erabiltzaileen eskubide, betebehar eta erantzukizunak zehazten ditu, eta areto nagusiaren erabilera definitu eta arautzen du; betiere, garapen ekonomikoarekin eta ekintzailetasunarekin lotutako jardueretara bideratuko da», esan du Iturbek.

Bertako eragileez gain, kanpoko elkarte, enpresa edo erakundeek ere espazioa erabiltzeko aukera izango dute. Elektronikoki egin behar da erreserba udaleko erregistro elektronikoan. Kanpoko eragileek, astelehenetik ostiralera erabili ahal izango dute aretoa, 08:00etatik 20:00etara, eta erabileragatik, orduko hiru euro ordaindu beharko dute.

Aldaketak, Mugi sisteman

Halaber, Tolosa Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzan integratzeko prozesuan beste udalerri baten sarrerak baldintzetan eragindako aldaketak onartu zituzten. Integrazioa amaitu gabe zegoela, Oñati sartu da partzuergoan, eta horrek, integrazio baldintzak aldatu ditu, udalbatzak azaroan onartutako hitzarmen eta estatutuak aldatu ez badira ere. Partaidetza portzentajea jaitsi egingo da, urteko ekarpena, berriz, handitu; 3.971 eurotik 7.139 eurora handituko da, Mugi Birtuala proiektuarengatik. «Herritarrei erraztasunak eta ordaintzeko modu erosoagoak eskaintzea da helburua», adierazi du Patxi Amantegi udal gobernuko zinegotziak.

Mugi sistemak «garraio publikoa sustatzeko tresna» izan beharko luke EH Bildurentzat, «zerbitzua hobetuz, erabiltzaile gehiago erakarri eta galdutakoak berreskuratzeko». Ander Figerido zinegotziak «onartezintzat» jo ditu, «Lurraldebus zerbitzuan eta Renfen gertatzen diren murrizketak».

Mugiren zerbitzua hobetzeko, tarifa sistema aldatzeko mozioa adostu dute oposizioko ordezkariek PSE-EE alderdiko zinegotzia eta udal gobernuko kidea den Joxe Mari Villanuevarekin. Zenbait eskari egin dituzte: salneurri justu, bidezkoak, progresiboak eta sozialak bultzatzea, tarifa sisteman laugarren tartea gehitzea erabiltzaileak deskontuak lehenago jaso ditzan, eta prezioak Gipuzkoa osoan modu bateratuan jaistea, legeak ahalbidetzen duen moduan garraio publikoa Gipuzkoako errepideen irabazietatik finantzatuz. «Tolosarrok eta Gipuzkoarrok ez dezagun berriz ere gure gain hartu erregai fosilen eta energiaren etengabeko igoerak sortutako krisi ekonomikoaren zama», gaineratu du Figeridok.

Prezio berriak

Apirilaren 1ean jarri zuen martxan udalak Eguneko Arreta Zerbitzu integral berria Uzturre Zentroan, bakardade egoeran dauden adineko pertsonei laguntza eskaintzeko helburuarekin. Zerbitzua indartu egin dute eta askotariko saioak antolatu dituzte, prebentzioa, autonomia eta pertsonen harremanak lantzeko. Zerbitzu honen prezioak ere berretsi zituzten bilkuran: eguneroko saioen kostua 0,5 eurokoa izango da; astean bi saio egiten dituzten erabiltzaileek, 0,75 euro ordaindu beharko dute saioko; eta astean saio bakarrera gerturatzen direnek, euro bat saioko.

Era berean, Uzturre zentroak eskaintzen dituen gainerako zerbitzuen aurtengo prezioak eguneratzea ere onartu dute; hortaz, apirilean eguneratuko dira tarifak, abenduko KPIren arabera.

Kristina Pelaez oposizioko zinegotziak «harrigarritzat» jo du 2014tik tarifen eguneraketa ez adostu izana eta 2017an Uzturre egoitzak aldebakarrez igo izana. Azken honengatik «zigor espedienterik ez irekitzea» deitoratu du, udal gobernuaren jarrera «zalantzan» jarriz.

Bestetik, turismo jasangarriaren aldeko apustuan, urratsak egiten jarraitzen du udalak. Aste Santuan oroigarri berriak jarriko dira salgai turismo bulego berrian: katiluak eta aterkiak. Bilkuran, horien prezio publikoak onartu zituzten. Katiluak bederatzi euro balioko ditu; aterkiak, berriz, 21 euro.

Sahara eta Ukraina

Amaieran, bi mozio jorratu ziren. EAJ-PNV eta EH Bildu alderdiek aurkeztutako Mendebaldeko Saharari buruzko mozioa, EAJ-PNV eta EH Bilduren aldeko bozkekin onartutakoa. Horrez gain, Ukrainari buruzko bi mozio irakurri ziren: batetik, EAJ-PNV eta PSE-EEk aurkeztutakoa, eta bestetik, EH Bilduk aurkeztutakoa. Azkenean, lehena onartu zuten martxoko osoko bilkuran.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!