Gehigarria: komertzio txikia

Esperientziak egin ditu aditu

Ataria 2022ko api. 17a, 15:59

Klasikoetako bat da Tolosan Kopibat denda. Lokal txikiago batean abiatu zuen bere ibilbidea 1993an, eta 2001etik daude Lizardi plazako 2. zenbakian. Ordutik, punta-puntako makineriarekin egiten dituzte kopiak zein inprimatzeak.

Klasiko bat izanagatik, eguneratuta bizi dira, esaterako, 1995ean, diapositibetatik fotokopiak koloretan egiten zituzten makina bat ekarri zuten. Joxean Azurmendi arduradunak kontatu du Tolosan sentsazio bat eragin zuela garai hartan: «Mendira joaten zen jende askok diapositibak egiten zituen, eta paperean ateratzen hasi ginen ia fotokopia baten prezioan. Lan pila bat egin genuen».

Gaur egun, teknologia aurrerapenek hala eskatuta, inprimatze digitala lantzen dute gehienbat. Zuri-beltzean edota koloretan egiten dituzte kopiak eta inprimaketak, A4 eta A3an.

Inprimaketen kasuan, USB memorian eramanda edo kopibat@gmail.com helbide elektronikora bidalita egiten dituzte. Eta neurri estandarretatik aparte, plotter bat daukate, zabaleran metro bat arte inprimatzen duena.

Plastifikazioak edota planoen inpresioak ere egiten dituzte, bai zuri-beltzean eta baita koloretan ere. Kartelgintzari ere eskaintzen diote lekua, eta zenbait inprenta lan ere egiten dituzte.

Horrez gain, eskola materialaren eta bulego materialaren eskaintza zabala dago, denetarik aurki daiteke. Marka ezagun ugari dituzte eskura, eta ahal denetan, eskola agendak eta bestelakoak euskaraz izan daitezen saiatzen dira, «nahiz eta ez den lan erraza».

Kontsumigarri informatikoetan, hau da, tinta kartutxoetan eta tonerretan adituak dira. 30 urteko esperientzia dute horretan ere, eta merkatua oso ondo ezagutzen dute. «1995ean, toner kartutxoak eskuz birziklatzen hasi ginen, lan hori egiten duten enpresak sortu aurretik», kontatu du Azurmendik.

Ia hogeita hamar urte hauetan jaso duten esperientziak ematen die profesionaltasuna, jakintza horrekin egiten die aurre bezeroen eskakizunei. «Dendarekin hasi ginenean, guztia eskuz egiten genuen, eta makina berriak sortu ahala joan gara lana egokitzen. Mundu bat da».

Bilketa puntua

Hogeita bost urte daramatzate Seur paketeria enpresarekin lanean, bilketa puntua izaten. Paketeak hartu, itzuli edota bidali egin daitezke zerbitzu horren bitartez. Komertzioa zabalik dagoen ordutegian gerturatu daiteke dendara, bezeroen erosotasuna bilatzea helburu.

KOPIBAT



Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!