Gehigarria: komertzio txikia

Auzoa argitzen duen txokoa

Ataria 2022ko api. 16a, 15:59

Ateak zabaldu bezain laster biziberritu zuen auzoa 3 Tabernak. Hiru urte daramatzate Oria kaleko 12. zenbakian, eta geroztik, auzotarren elkargunea bilakatu da.

Bertan, geldialditxo bat egiten duten guztiek artean murgildu daitezke zerbait edaten duten bitartean edota bertako plater berezien laguntzarekin. Izan ere, taberna ez ezik, artisten txokoa ere bada.

«Tolosar askok ezagutzen ez zuten plaza zen lehen, baina taberna ireki genuenetik askoz ezagunagoa da», kontatu dute 3 Tabernan. Kokaleku bikaina du, plaza zabal batek inguratzen baitu lokala. Horri esker, terrazako zerbitzua eskaintzen dute, egun eguzkitsuetarako ezin hobea. Gainera, egunero dago zabalik. Astean zehar 17:00etan abiatzen badira ere, asteburuetan goizean goizetik iluntzera arte zabaltzen dituzte ateak.

Mokadutxo bat hartu nahi dutenek bertan lortzeko arazorik ez dute izango, razioen eskaintza zabala baitute: kroketak, txanpiak, natxoak guakamolearekin eta albondigak tomatearekin, besteak beste. Gose gehiagorekin etortzen direnek barazki eta haragi lasagna dastatzeko aukera ere izango dute, baina inor ez da geratzen bertako plater izarra probatu gabe: pizza. Guztira, hamalau pizza ezberdin egiten dituzte, eta zerrenda handitzeko asmoarekin jarraitzen dute.

Hala ere, pizza osorik nahi ez duenak, barran edukitzen dituzten pizzak zatika probatzeko aukera ere izaten du. Astelehenetik asteazkenera tragoarekin mokadutxo bat oparitzen dute, eta ostegunetan pizzapote ospatzen dute; tragoarekin batera, pizza zati bat jateko aukera eskaintzen dute. Nahi duenak, ordea, asteko edozein egunetan arte poteoan murgiltzeko aukera ere izango du. Izan ere, taberna ez ezik, artisten lanen erakusleiho ere bada 3 Taberna. «Bezeroek, zerbait edan eta jaten duten bitartean, ondo pasatzeko taberna ere izatea da helburu», esan dute.

Hala, urtean zehar hainbat ekimen antolatzen dituzte; zuzeneko musika eta erakusketak dira nagusi, baina dantza edota bertso saioak eta tailerrak ere antolatu izan dituzte, besteak beste. Guztira 70 ekitaldi antolatu zituzten lehen urtean, baina pandemia iristean bertan behera utzi behar izan zuten. Maiatzetik aurrera ohiturei berriro eusteko eta taberna artez betetzeko asmoarekin daude, «errespetuzko gune bat eraikiz».

 

3 TABERNA

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!