Gustuko lekuan aldaparik ez, pentsatu eta egin. Tolosan faltan sumatzen zuen hori eskaintzeko asmoz ekin zion proiektuari 2017an, eta horretan dihardu gaur egun ere.
NZBko atea gurutzatzen baduzu, goitik behera jantzi zaitezke bertan, detailerik txikienak ahaztu gabe, guztia topatuko duzulako: mota guztietako arropaz gain, zapiak, gerrikoak, bitxiak, motxilak, poltsak, galtzerdiak, zapatilak, sandaliak, eguzkitarako betaurrekoak, diru zorroak eta beste hainbat osagarri aurki daitezke. Finean, denetarik dago eta denek dute ukitu berezi bat, besteetatik bereizten duena. Guzti-guztia, emakumeentzat.
Gehienbat erosotasuna da bilatzen dutena NZB dendan. Egunerokoan erabiltzeko moduko arropa eta osagarriak eskaintzen dituzte horretarako. Markaren arabera, badaude sport estilora hurbiltzen direnak. Hala ere, badira zertxobait jantziagoak izan daitezkeen arropak ere.
Eta hori bai, ingurumenak kezkatuta eta ingurumena zaintzea helburu, hainbat markek eskaintzen dutena kontuan izanda, birziklatutako materialekin egindako arropa zein oinetakoak erosteko aukera ere badago. «Marka batzuk material birzkilatuarekin egiten dute lan, gustuko dut hori, eta asko zaintzen dut gero dendan saltzeko erosten dudana», azaldu du.
Marka handi zein txikiak
Hainbat marka ezagunekin egiten du lan, Ecoalf edo French Connection bezalakoekin, besteak beste. Erreferentziazko bizpahiru marka handi izaten ditu normalean dendan, kanpotik ekartzen dituenak, baina geroz eta gehiago aurki daitezke bertako markak, marka txikiagoak, Euskal Herriko sortzaileenak direnak. «Marka txikiekin lan egiteak baditu bere abantailak, bertakoa zaindu egin behar da, eta sortzaile bikainak ditugu urrutira joan gabe».
Bertakoen artean, Maixala edo Hamahiru bezalako marka euskaldunak aurki daitezke motxila eta poltsetan, eta Land Studio marka, adibidez, arropan. «Askotan, kanpora joaten gara arropa edo osagarri bereziak aurkitzera, baina hemen bertan ere eder eta on askoak ditugu».
Eskaintza anitza eta zabala duenez, adin guztietako emakumeentzat bada zerbait, izan gazte zein helduentzat. Orain, gainera, udaberrian sartu berri, kolore biziak nabarmendu dira dendan, kolore alaiak, «gu ere alaitzeko».
NZB
- Helbidea. Korreo kalea 16, Tolosa
- Telefonoa. 943 573 960
- Instagram. @nzb_tolosa