Kimetz arropa dendak 25 urteko ibilbidea du moda munduan. Nesken eta mutilen arropa (kalitatezko streetwear arropa) saltzen hasi ziren berezko estiloa duen Tolosako denda batean, eta azken urteetan garapen handia izan du. 2007an, Kale Nagusian zituzten bi dendak bereiztea erabaki zuten: Kimetz #01 (mutilen moda) eta Kimetz #02 (nesken moda). Iaz, berriz, helburu berri bat ezarri zioten bere buruari, eta hirugarren denda irekitzea erabaki zuten Korreo kalean. Horrela, Tolosako Alde Zaharrean kokatzen dira hiru dendak, eroslearentzat erosketa esperientzia erraztuz.
Ezaugarri klasikoek eta modernoek bat egiten dute denda horietan; diseinua eta funtzionaltasuna bateratzen dituzten jantziak eta oinetakoak dituzte, joskera eta materialen kalitate berezikoak. «Gure janzkerarekin mundua aldatzeko alea jarri nahi dugu; moda egiteko modu bat babestu. Sormena, benetakotasuna, jasangarritasuna eta gertutasuna oinarri dituen denda ireki genuen, bertako sortzaileen lana, hau da, norbere inguruko baliabideekin modu ekologikoan eta natura errespetatuz egiten dena, balioan jarriko zuena; eta noski, balio horiekin bat egiten duten markak bidelagun izango dituena. Horiek dira komertzio txikiaren geroa bermatzeko ez ezik, munduaren etorkizuna sendotzeko sustraiak. Modak aldakorrak dira; egiteko moduak, ordea, eraldatzaileak».
1854ko hiriburuaren mapa soinean
Korreo kaleko dendan, bere ilusio handienetako bat abiarazi zuten jabeek pasa den udazkenean; bere lehen marka propioa diseinatzea eta saltzea erabaki zuten: Andia arropa marka. Tolosarrek, herriko txoko ezagunenetatik abiatuta sortutako marka da, herriko eraikin garrantzitsuenetan oinarritzen baitira lehen bildumaren diseinuak. «Tolosaren presentzia diseinuetan ez da esplizitua, sotila baizik», azaldu dute.
Horrela, lehen hilabeteetan, Oria ibaian Zerkausiko arkuen isla daramaten kamisetak, Berdura Plazako bankuen marrazkiak edo Andia Dorrearen koloreak nabarmentzen dituzten jertseak eta 1854ko Tolosaren mapa (Gipuzkoako hiriburu izan zenekoa) daramatenak izan dituzte salgai. Azken horiek, «arrakasta handia» izan dutela aitortu dute jabeek, baita Andia izena daramaten txapelek ere. «Egunerokotasunean hainbeste arreta jartzen ez diegun elementu horiei erreparatu diegu, hala nola, banku baten egiturari, ibaiaren islari edo koloretako horma bati. Horrela, diseinuek tolosarrak ez direnei ere zerbait iradoki diezaiekete», gaineratu dute.
Letxuga kalea eta zubiak
Lehen bildumak izandako erantzun onaren ondoren, dagoeneko Korreo kaleko dendan daude diseinu eta jantzi berriak, herritarrek Andiaren izena soinean jantzita eramaten jarrai dezaten. Besteak beste, Letxuga kaleari buruzko kamisetak edota Tolosan Oria ibaiak egiten duen ibilbidearekin eta hura zeharkatzeko dauden zazpi zubien marrazkiekin osatutako diseinua daramaten arropak erosi ahal izango dira.
Kontakizuna, etiketan
Sarri, diseinuagatik edota koloreagatik gustuko dugulako jartzen dugu janzten dugun arropa. Andiak, ordea, haratago joan nahi izan du. Izan ere, jantzi bakoitzak bere diseinuaren atzean ezkutatzen duen istorio txikia kontatzen du, etiketatze zainduaren bitartez, erabiltzailea bera enbaxadore bilakatuz.
Ziurtagiri ekologikoa
Aire freskoa modari, aire garbia munduari lelopean aurkeztu zuen bere burua Andiak. Gisa honetara egiten du ingurumenarekiko eta giza eskubideekiko errespetuaren aldeko aitortza, eta, era berean, moda egiteko modua aldatzeko aldarriarekin bat egiten dute. «Andiak ziurtagiri ekologikoa du; izan ere, jantzi guztiek duten kotoia organikoa da, eta gainerako materialak jatorri ez-bizidunekoak edo birziklatutakoak dira».
Fair Wear zigilua ere badu, produkzio guztian inplikatutako langile guztien giza eskubideak errespetatzen direla bermatzen duena. «Horrela, moda egiteko beste modu bat aldarrikatzen dugu, jasangarriagoa eta bidezkoagoa, bai naturarekin, baita gizartearekin ere».
KIMETZ
KIMETZ ARROPA DENDA
- Arropa mota. Andia arropa marka (neskak eta mutilak)
- Helbidea. Korreo kalea 35, Tolosa
KIMETZ #01 ARROPA DENDA
- Arropa mota. Mutilen moda
- Helbidea. Kale Nagusia 8, Tolosa
KIMETZ #02 ARROPA DENDA
- Arropa mota. Nesken moda
- Helbidea. Kale Nagusia 21, Tolosa
KONTAKTUAK
- Telefonoa. 943 57 18 40
- Helbide elektronikoa. kimetz@kimetz.eu
- Webgunea. Kimetz.eu
- Instagram. @kimetz.eu eta @andia.arropa
- Facebook. Kimetz Denda eta Andia Arropa