Otsailaren 25ean, Ostiral Mehean, Tolosak aspaldiko intzidentziarik baxuena zuen: 412 kasu, 14 eguneko eta 100.000 biztanleko. Azaro hasieratik ez genuen balio hori ikusi eta, momentuz, ez dugu berriro ikusi. Tolosaldeko udalerri txikiagoetan ere nabarmena izan da inauterietako olatua, esaterako, Zizurkilen, Ibarran, Iruran, Anoetan, Alegian eta Asteasun. Ikuspuntu zientifikotik zaila da frogatzea udalerri hauetan guztietan inauteriak izan direla kutsatzeen kausa, baina, kasu guztietan apirileko lehen egunetan hasi da kasu positiboen gorakada susmagarria ikus daiteke. Analisi sakonagoa egiteko Tolosako kasura mugatuz, aipatzekoa da martxoaren 20an Tolosa zela 1.000tik gorako intzidentzia metatua zuen Gipuzkoako udalerri handi bakarra (5.000 biztanletik gorakoa).
Badakit, irakurle, agian pentsatuko duzula analisi honek ez duela ezertarako balio. Agian pentsatuko duzu intzidentzia igo zen bezala orain jaitsiko dela eta berriro aurreko egoeran egongo garela laster. Baliteke hori horrela izatea, baina, baliteke inauterietako olatuak iraun duen tartean hainbat bizilagunek gaizki pasa izana. Baliteke horietako batzuk oraindik COVID-19aren ondorioak pairatzen egotea.
Inauterietako olatuaren hasiera otsailaren 26an finka dezakegu, intzidentzia metatuaren joera aldaketa gertatu zen egunean. Egun horretan hilabete eta erdiko beheranzko joera eten egin zen eta une honetan oraindik dirauen olatua gorantz hasi zen. Puntu gorenera martxoaren 16an iritsi ginen (1.634ko intzidentziara) eta beheranzko joera nabarmena den arren, oraindik ere olatua ez da amaitu (baliteke bi edo hiru aste barru amaitzea). Gauzak horrela, inauterietan jarraitutako «segurtasun eta prebentzio» neurriei esker, hilabete inguru iraun duen olatua sortu genuen.
«Gauzak horrela, inauterietan jarraitutako 'segurtasun eta prebentzio' neurriei esker, hilabete inguru iraun duen olatua sortu genuen»
Azken hilabeteko datu horiek aztertzeko, oso baliagarria da 14 eguneko tasaren ordez 30 eguneko tasa kalkulatzea. Horrela egiten badugu, azken hilabeteko positiboen kopurua biztanleriarekin zuzenduz, Gipuzkoa osoko 1.000 biztanletik gorako udalerrien artean, Tolosari dagokio, alde handiz, podium tamalgarri honen urrezko domina (Zizurkil dago bigarren postuan). Inauterietako olatuan zehar 455 tolosar kutsatu dira datu ofizialen arabera (biztanleriaren %2,3). Zaila da esatea horietako zenbat kutsatu diren inauterien kausaz; izan ere, argi dago ospatu izan ez balira ere positiboak egongo liratekeela. Hala ere, inauteririk ospatu ez duten Gipuzkoako herrien joerak Tolosara ekarrita, Tolosak 180 kutsatu inguru izango lituzke inauteririk gabeko agertokian. Horrek esan nahi du, malgu jokatuz eta positibo ofizialen arabera, 270 tolosar inguru kutsatu direla inauterien kausaz. Hori ez da, noski, ikerketa estatistiko sakon baten emaitza, baina, arazoaren tamainaren erakusle ona da.
Inauteriek onura asko ere ekarri omen dizkigute eta ongizate pertsonalerako pizgarria izan omen da. Ziur Donostiako Ospitaleko ZIUko geletako umore eta barre-algarak Tolosako zezen plazatik entzuteko modukoak zirela.