SAPERE AUDE

Fagoterapia: birusak sendatzeko erabiltzen direnean

Erabiltzailearen aurpegia Ane Amundarain 2022ko api. 4a, 07:57

Infekzio bat duzuenean, tratamendu modura antibiotikoa beharrean birus bat hartzeko prest egongo al zinatekete? Bada, ez da ideia hain zoroa, horixe baita fagoterapiaren oinarria: bakterioek eragindako infekzioak sendatzeko bakterioak hiltzen dituzten birusak erabiltzea, hain zuzen. Beharbada, pandemiak hain luze jotzen duen honetan ez zaudete birusak begi onekin ikusteko prest, baina agian, testu hau irakurri ondoren birusei estimu pixka bat gehiago izango diezue.

Oinarrian, birusek mota guztietako zelulak infektatu ditzakete: animalienak, landareenak, onddoenak, algenak… eta bakterioak ere bai. Zehazki, bakterioak infektatzen eta hiltzen dituzten birusei bakteriofago deritzaie (hortik fagoterapia kontzeptua). Bakteriofagoei (fagoak hemendik aurrera) buruzko lehen lanak XX. mende hasieran argitaratu ziren, bakterioak gaixotu eta hiltzen zituzten birusak aurkitu zirenean. Honela, birus hauek giza gaixotasunak eragiten zituzten bakterioak akabatzeko tratamendu modura erabiltzea planteatu zen. Oraindik antibiotikorik ezagutzen ez zenez, 1930. hamarkadan fagoterapiak arrakasta izan zuen hainbat gaixotasun infekziosoren tratamenduan. Hala ere, beraien erabilerak hainbat zalantza sortu zituen, besteak beste oraindik fagoen biologia ulertzen ez zelako, tratamenduaren arrakasta ezartzeko kriterio ezberdinen erabileragatik eta fago prestakinak lortzeko teknika estandarizaturik ez zegoelako.

«Bakterioek eragindako infekzioak sendatzeko bakterioak bakterioak hiltzen dituzten birusak hiltzea da fagoterapia»

Era berean, 30 eta 40. hamarkadetan antibiotikoen garapenean emandako aurrerapauso izugarriek fagoterapia alde batera uztea eragin zuten. Izan ere, fagoen aldean, bereziki espektro zabaleko antibiotikoek aldi berean bakterio ezberdin askoren aurka egiteko gaitasuna eskaintzen zuten. Aldiz, fago bakoitzak bakterio mota jakin bat era espezifikoan infektatzen duenez, pausorik zailena infekzio bakoitzarentzako fago egokiak aurkitzea da. Gaur egun fago ehundaka batzuk ezagutzen badira ere, naturan 1031 (milioi-milioi-milioi-milioi-milioi… Euskaltzaindia, nola esaten da?) mota ezberdin aurkitu daitezkeela uste da. Hainbesteren artean, gaixotasun ugariren aurkako fago egokiak existitu beharko dira, ala?

Azken urteotan, antibiotikoen aurkako erresistentzia mundu mailako osasun-arazoa bihurtu da. Honela, gure artean antibiotiko gehienen aurka erresistenteak diren gero eta bakterio gehiago dauzkagunez, erresistentzia garatu duten bakterio hauentzat tratamendu eraginkorrak garatzea ezinbestekoa bihurtu da. Antibiotikoen aldean, fagoen abantaila nagusia espezifikotasuna da; izan ere, fagoek ez dute bakterio itua ez den beste zelularik infektatzen. Eman dezagun, Vibrio Cholerae (kolera gaitza eragiten duen bakterioa) infektatzen duen fago batek V.cholerae bakarrik akabatuko du, gizakiarengan eta mikrobiotako gainerako mikroorganismoengan inongo eragin toxikorik izan gabe (pentsa, zuetatik zenbat egon zarete tripetatik gaizki antibiotikoak hartu ondoren?). Beraz, fagoen erabilera antibiotikoen aldean albo-kalteak nabarmen murrizteko aukera ederra izan daiteke.

Dirudienez, XXI. mendeak ahaztutako teknologia honen bigarren jaiotza ekarri du, herrialde gero eta gehiagotan beraien ikerketa eta garapenerako interesa sortu delarik. Hala ere, bakteriofagoen ozeanoan oraindik ur tantatxo bat besterik ezagutzen ez dugunez, ez da erokeria etorkizunean bronkitis baten aurka medikuak birus prestakinak aginduko dizkigula pentsatzea…

Iturria: https://microbioblog.es/fagoterapia-emplear-virus-como 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!