Ahozkotasunaren Urrezko Kalabazak banatu dituzte

Ataria 2022ko mar. 26a, 17:38

Ataungo Jentilbaratza Elkarteari Urrezko Kalabaza emango zitzaiola argi zegoen, iragarrita baitzegoen, baina beste bi banatu dituzte ezustean: Juan Inazio Hartsuaga antropologo tolosarrari eta Arrate Leunda ipuin kontalari ordiziarrari.

Ahoz Aho ahozkotasunaren jaialdiaren azken eguna da gaurkoa, eta beste behin Urrezko Kalabaza sariak banatu dituzte, Tolosako Amarotz Auzo-Etxean. Emozio handiko sari banaketa izan da, eta, bide batez, aitortza egin diote antolakuntza lanetan aritzen diren Intujai Teatroko kideei. Hain justu, Intujai Teatroko May Gorostiagak esaldi batean egin du Ahoz Ahoren balantzea: "Hilabete izan da eta motza egin zaigu. Leher eginda gaude fisikoki, lan handia baitago atzetik, baina ikusi dugu ekintza guztiak oso ondo joan direla eta ikusten dugu nolako loturak ditugun euskal ipuin kontalarion artean. Azken egun hau gu elkartzeko izaten da, topagune bat bihurtu da Amarotz, eta behintzat urtean behin elkartzen gara gure kezkak, gure ametsak eta gure lana nola hobetu dezakegun elkarbanatzeko. Opari bat da".

Ataungo Jentilbaratza Elkarteak egiten duen lana saritu nahi izan dute Urrezko Kalabaza emanez. 40 urte bete zituen iaz elkarteak, eta urtero egiten duten emanaldian 200 pertsona baino gehiago inplikatzen dira, tartean gazteak, eta Joxe Migel Barandiaranen ondarea berreskuratzen zein beste bertsio batzuk egiten duten lana nabarmendu dute.

Juan Inazio Hartsuaga saritu dute berak ikertzen eta lantzen dituen teoriak oso ondo etortzen zaizkielako ipuin kontalariei, gero bere ipuinak osatzeko. Hartsuaga ezustean harrapatu du sariak: "Ni ez nabil mundu hauetan, lehen aldia da topaketa hauetara etortzen naizela. Erabaki dute sari bat ematea ingurune honetakoa ez den norbaiti; ni ez nabil liluraren edota literaturaren alderdian, nik beste alderdia lantzen dut, mezuarena eta mezu horren azterketarena".

Arrate Leundari saria eman diote ipuin kontaketan aitzindarietako bat izateagatik. "Harrituta geratu naiz nire izena entzuterakoan", esan du Leundak. "Ez nuen inondik ere espero, nire txikitasunean ez naizelako batere ezaguna. Besteak sariak jasotzen hasi direnean pentsatu dut zer polita izan behar duen horrelako sari bat jasotzea. Azken urteotan zirkuituetatik kanpo nabil, baina sari honek indar pixka bat eman dit, eta ez dakit berriro helduko diodan kontaketari".

Sari banaketaren ondoren, Amaia Agirre eta Oihana Iguaran bertsolarien txanda izan da. Sari banaketa, zein aurreko ipuin kontaketa eta hitzaldia hartu dituzte gai moduan bertsotarako.

Imanol Arabaolaza tolosarrak irabazi du Ahoz Aho narrazio lehiaketa

Ahoz Aho jaialdiaren gala nagusia egin zuten ostegunean Barrena Kultur Etxean, Ordizian. Bertan, ahozkotasunaren jaialdi horren barruan antolatzen duten Ahoz Aho narrazio lehiaketaren sariak banatu zituzten. Lehiaketaren 10. edizioa izan da aurtengoa. Irabazlea Imanol Arabaolaza tolosarra izan da, hark jaso zuen lehiaketa honetako sari preziatua, kalabaza. Bigarren saria Monika Arratibel ataundarrarentzat izan da. Eta hirugarren saria, Vanessa Gonzalez arrasatearrak eraman du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!