Badirudi atzo izan zela, baina jada hilabete igaro da Tolosako udaletxeko balkoian kuadrilla batek suziria piztu eta zerura bidean lehertu zela. Orduan hasi ziren 2022ko Inauteriak. Hasi bezala, amaitu ere egin ziren, sei egun beranduago. Jaiak ospatzeko goseak, ordea, bizirik dirau oraindik, batez ere herritar gazteen artean.
Horren adibide garbiena Tolosako Inauterietako Karroza Batzordea da. Aurten sortu dute taldea zenbait gaztek. Ez du etenaldirik egin, eta inauteriak garai berrietara moldatzeko nahiz belaunaldi berriak inauterietara egokitzeko prozesuarekin martxan jarraitzen du. «Lanerako dugun gogoa eta ilusioa transmititzeko mezuarekin jarraitzen dugu», adierazi dute.
Hori dela eta, inauteriak amaitu ondorengo bi asteburuetan, gogotsu aritu dira lanean, batez ere, urtean zehar karrozak eta konpartsak gordeta egoten diren Bellota pabiloian; autogestioan eta auzolanean garbitu dute. «Baldintza ezin hobeagoetan utzi dugu, udaleko garbiketa zerbitzuaren edota bestelakoen laguntzarik gabe», esan dute. Inauterietan karrozetan parte hartu zutenak aritu dira garbiketa lanetan; gehienak gazteak dira, 18 eta 30 urte bitartekoak. Logistika eta antolamendu gaiei dagokienez ere, buru-belarri ari dira lanean, datozen urteei begira. Horrela, taldea egonkortzeko eta aurrerago elkarte bilakatzeko helburuarekin, zenbait helburu ezarri dituzte. Batetik, udalarekin elkarlanean kudeatu nahi dute Bellota pabiloiaren erabilera. Bestetik, harreman zuzena izan nahi dute Tolosako Udaleko Kultura eta Jaiak Sailarekin, batzordean sortu daitezkeen proposamenak helarazteko helburuarekin.
Horiez gain, inauterietan kalera atera ohi diren karrozetako lagun talde eta kuadrillekin barne-lanketa bat egin nahi dute, batez ere, elkarteko kide izan nahiko luketenekin. Egungo egoera bideratzeko asmoz, horien iritziak eta proposamenak bildu nahi dituzte, besteak beste, partaide gazteenenak.
Bolumenari lotutako neurriak
Elkarte bilakatzeko helburuarekin lotuta, inauterietan kalera atera nahi duten karrozek bete beharreko baldintzen zerrenda bat osatuko dute, udalarekin aurrez adostutakoa. Horien artean, besteak beste, musikaren gaiari lotutakoak daude. «Batetik, bolumenak sortu ohi dituen gorabeherak ekiditeko alternatiba desberdinak lantzen ari gara», aurreratu dute batzordeko ordezkariek. «Bestetik, txarangen eta karrozen arteko elkarbizitza ahalik eta onena izan dadin lan egingo dugu», gaineratu dute.
Inauterietako karrozen batzordeko ordezkariek behin eta berriz nabarmentzen dute epe ertainera begirako prozesu bat dela: «Luze joko du. Ez da erraza izango askoren ideiak aldaraztea, ezta inauterien esentziari tendentzia eta moda berriak txertatzea ere. Denbora beharko dugu zein neurrik balio dezaketen ikusi eta zeintzuk aldatu, hobetu eta indartu beharko liratekeen aztertzeko. Helburua argia da: Inauteriak hobetzeko lanean jarraitzea».