Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileek 258. greba eguna egingo dute etzi

Ataria 2022ko mar. 22a, 12:58

Gipuzkoako Foru Aldundiak bilera eskaerei "entzungor" egin ondoren, Aldundia bera eta Patronalak Lan Harremanen Kontseilura deituko dituzte, negoziazioa berraktibatzeko asmoz.

Lau urteko gatazka eta 257 greba egunen ondoren, Gipuzkoako adinekoen egoitzetan egoera "gero eta larriagoa eta jasangaitzagoa" dela adierazi du ELA sindikatuak. "Egoitzen eredu ankerraren egiturazko egoerari pandemia, eta honek ekarri dituen ondorio eta neurriak gehitu behar zaizkio", adierazi dute goizean Tolosako Trianguloa plazan egin duten elkarretaratzean. "Lehen prekarioak ziren lan baldintzak okertzea besterik ez du eragin eta lehen langile kopurua eta ratioak oso eskasak zirela salatzen bagenuen, orain egoera are okerragoa da, ez direlako ordezkapenak egiten. Lan baldintzak hain dira gogorrak, inork ez duela egoitzetan lan egin nahi", gaineratu dute.

Ondorioz, geroz eta langile gutxiagok, lan karga handiagoari eta baldintza prekarioagoetan lan egiteari aurre egin behar diotela nabarmendu dute. "Egoiliarrengan ondorio kaltegarriak ditu. Egoitzetan ematen den zerbitzua geroz eta okerragoa da, Aldundiak beste aldera begiratzen duen bitartean".

Otsailaren 16ko greba egunean egin zioten langileek azken bilera eskaera Aldundiari, zenbait eragileren (senideak, pentsiodunak, feministak eta auzo elkarteak) atxikipenarekin. Erakundeak, ordea, "inolako erantzukizunik hartu gabe" jarraitzen duela adierazi dute. "Langile, sindikatu, senide eta eragile desberdinek egindako bilera eskaerari, ez dio erantzun, beste behin ere bere jarrera antidemokratikoa eta egoerarekiko utzikeria erakutsiz, baina ELAk ez du etsiko gatazka konpontzeko beharrezkoa den bilera bat bideratzeko ahaleginean. Bestetik, Patronalek inoiz baino negozio handiagoa egiten dute pandemiak sorturiko egoera honen eta Aldundiaren utzikeriaren kontura".

Bitartean, egoera hau gehien pairatzen ari direnak egoiliarrak eta langileak direla gogoratu dute. "Pandemiak argi erakutsi digu zein diren funtsezkoak ziren lanak, gelditu ezin zirenak; egoitzetako langileei balkoietatik txalo egin genien, ezinbestekoak diren beste sektore batzuetako langileei bezala. Zaintza lanak funtsezkoak dira, eta inoiz baino argiago geratu da hori. Lan hauek aitortu eta duintzetik urrun, gure erakunde eta patronalek egoera hau, eredu anker hau, betikotu eta negozioa handitzeko erabili nahi dute".

ELAk aurreratu dutenez, parean izango dituzte eta borrokan jarraituko dute, "ez egoiliarrek, ezta langileek ere ez dutelako bizitzen ari direna merezi". Greban jarraituko dutela ere baieztatu dute, "%100eko gutxieneko zerbitzuak ezarriz bada ere, hau da, grebarako eskubidea ukatuz isilik nahi gaituztelako". Egoerari buelta emateko, "beharrezkotzat" jotzen dute erakundeek jarrera aldatzea: "Hori lortu arte ez dugu etsiko".

Hori dela eta, bihar elkarretaratzeak egingo dituzte Gipuzkoako zaharren egoitzetan; bestetik, etzi, 258. greba eguna egingo dute. Egun horretan, Lan Harremanen Kontseilura deituko dituzte Aldundia eta Patronalak, negoziazioa berraktibatzeko bilera egin asmoz; egun horretan, elkarretaratzea egingo dute Aldundiaren egoitzaren aurrean, 11:00etan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!