Eslovakiara joan-etorria, ukrainarrak laguntzeko

Asier Imaz / Irati Saizar 2022ko mar. 17a, 11:59

Ukrainako 26 errefuxiatu ekarri zituzten Euskal Herrira. Argazkiak: Berria

Lau furgoneta hartu eta zortzi lagunek Eslovakiara egin dute bidaia, Ukrainako errefuxiatuei laguntzeko materiala eraman eta 26 ukrainar bueltan ekartzeko.

Ukrainiako errefuxiatuei laguntza emateko karabana atera zen martxoaren 5ean Euskal Herritik. Laguntzeko materiala eramateaz gain, 26 errefuxiatu ekarri dituzte bueltan Euskal Herrira. Karabanan parte hartu du Jose Ignazio Amondarain tolosarrak.

Lau furgoneta ilaran jarri eta Eslovakiarako bidea hartu zuten martxoaren 5ean zortzi lagunek. Nergroup izeneko talde bat dago, Euskal Herriko hamasei enpresa inguruk osatzen dutena, eta talde horren ideia izan da bidaia antolatzearena. Amondarainek kontatu duenez, eredu parte-hartzailean oinarritutako taldea da eta enpresen irabazien %5a bideratzen dute erantzukizun sozialerako proiektuak babesteko. "Lehenik furgoneta batean joateko ideia atera zen, eta gidari lanak nork egin zitzakeen erabakitzeko garaian, zortzi gidari aurkeztu ginen, beraz, lau furgoneta alokatu genituen".

Igandean, 04:00etan ekin zioten bideari eta igandean 10:00ak aldera iritsi ziren helmugara. "Bi pertsona joan ginen furgoneta bakoitzean, txandaka gidatuz, eta bidaia osoa jarraian egin ahal izan genuen". Hara iritsitakoan, eraman zuten materiala deskargatu, gaua pasa, eta hurrengo egunean hasi zuten bueltako bidea: "Itzulera motelagoa izan zen, haurrak zeuden tartean, jende heldua ere bai, baita maskotak ere, eta hiru egun behar izan genituen bueltako bidea osatzeko". Amondarainek zazpi errefuxiatu eta hiru txakurrekin batera egin zuen bueltako bidea.

Denera 6.300 kilometro inguru egin dituzte errepidean. "Google Maps aplikazioari begiratuta 5.000 kilometro inguru daudela jartzen du, baina kontua da, hara iritsitakoan, hara eta hona ibili ginela eramandako materialak deskargatzen", kontatu du Amondarainek.

Mugak zeharkatzeko arazorik ez dutela izan esan du. Badaezpada, Austria eta Hungariatik barrena ez joatea erabaki zuten, eta horren ordez, Frantzia, Alemania eta Txekia gurutzatu zituzten.

Eraman eta ekarri

Materiala eraman bai, baina itzuleran 26 ukrainar ekarri dituzte, eta baita hiru txakur eta bost katu ere. Amondarain eta gainerakoak bidaian zeuden bitartean, Euskal Herritik talde bat aritu dela guztia antolatzen azaldu du tolosarrak. "Eslovakiako Unibertsitateko jendearekin harremanetan jarri ziren talde horretako kideak, eta gu hara iristerako bagenekien zein ukrainar ekarri behar genituen, izen-abizenak genituen".

Euskal Herrira iritsitako errefuxiatu guztiak ordea, ez dira bertan geratu. Amondarainek kontatu duenez, ukrainar batek, esaterako, Pariserako bidea hartu zuen eta Hendaian trena hartzen lagundu zioten. Beste lau lagun, berriz, Gironara joanak dira. Gainerako ukrainarrak Euskal Herriko familietan geratu dira.

Bidaiaren gogortasunaz ere hitz egin du Amondarainek: "Esperientzia polita izan da, baina gogorra ere bai aldi berean. Errefuxiatuak hartu genituenean, lehen egunean kosta egin zitzaien gurekin hitz egitea, triste zeuden eta gu ere hala geunden egoeraren gordina ikusita, baina azken egunerako irekitzen joan ziren, eta harreman polita egin genuen".

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!