Txakur Eredugarria programaren bigarren edizioa antolatu dute

Ataria 2022ko mar. 16a, 15:16

Datozen asteetan hasiko dira urte amaierara arte luzatuko diren heziketa saio berriak; animalien jabetza arduratsua sustatzea eta ohitura egokiak indartu eta elkarbizitza hobetzeko txakur jabeei txakurrak hezteko baliabideak ematea da helburua.

Urrian abiarazi zuen Tolosako Udalak Txakur Eredugarria programa, Kangune zentroarekin elkarlanean. Zenbait tolosarrek egindako eskariari erantzunez jarri zen martxan formakuntza-programa, pertsonen eta animalien arteko elkarbizitza hobetu eta animalien jabetza arduratsua sustatzeko helburuarekin.
35 lagunek hartu zuten parte lehen edizioan. Programak izandako harrera ona ikusita, heziketa saio berriak martxan jartzea erabaki du udalak eta martxo amaieran edo apirila hasieran jarriko dute abian programaren bigarren edizioa; urte amaiera arte luzatuko da.

Formakuntza saioen helburua jabeei txakurrak hezteko baliabideak ematea da; horretarako, ibilaldi praktikoak egingo dituzte, txakurrak hirian zehar modu egokian eramateko eta paseo ohitura egokiak indartzeko. Bi motatako saioak eskainiko dituzte: batetik, klase praktikoak, txakurren eta pertsonen artean sortzen diren harremanak lantzeko, teknika desberdinen bidez, eta bestetik, ibilbide gidatuak, eguneroko ohiturak lantzeko. Paseo horietan, txakur parkeetan egin daitezkeen ariketak eta herrigunean izan beharreko jokabideak landuko dira. Saioak doakoak izango dira eta Xabier Arrese hezitzaileak eskainiko ditu. 

Aurreko edizioan bezala, taldeak osatuko dira izena ematen duten herritarrekin. Astelehenetan izango dira saioak, 19:00etatik 20:00etara, baina osatzen diren taldeen arabera ordutegia aldatu ahal izango da. Izena eman nahi dutenek, info@kangune.eus helbidera mezua idatzi edo 606 851 310 telefono zenbakira deitu behar dute; astebeteko epea dute, hilaren 23an amaituko baita epea, martxoko azken astean edo apirila hasieran saioekin hasi ahal izateko.

Gorotzen arazoari irtenbidea emateko neurriak
Pertsonen eta animalien arteko elkarbizitza sustatzeko, eta tolosarrei udalerri atsegina, txukuna, erosoa eta bizigarria eskaintzeko, lan lerro ezberdinak lantzen ari da udala azken urteetan. Orain abiatuko den formakuntza saioen bigarren edizioaz gain, Larramendi eta San Esteban auzoetan txakur parkeak sortu dira eta eremu gehiago sortzeko eta daudenak egokitzeko aukera ere aztertzen eta lantzen ari da udala.

Era berean, hasiak dira txakur gorotzen arazoari irtenbidea emateko neurriak lantzen. "Izan ere, herriko kaleetan txakurren gorotzen presentzia nabarmena da eta debekatuta dago txakur gorotzak nonahi uztea. Gorotzak jasotzeko ardura txakurraren jabearena da; hortaz, neurriak hartuko dira", gogoratu du udalak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!