Publiko zabalak gozatzeko moduko egitaraua prestatu dute astebururako, Topic-en

Ataria 2022ko mar. 9a, 14:58

Larunbat goizean, bisita gidatua antolatu dute Txotxongiloak eta emakumea ekimenaren baitan, arratsaldean 'La Paz y otras lunas' antzezlana ikusteko aukera izango da, eta igandean Don Inorrez taldeak 'Sastraka' bere azken diskoa aurkeztuko du.

Larunbatean, emakumeak omenduko ditu Txotxongiloen museoak. Martxoaren 8an ospatu zen Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta, Txotxongiloak eta emakumea ekimena antolatuko du. "Bisita gidatua da, txotxongiloen munduan emakumeek sortzaile, zuzendari, aktore, artista, emakume eta titiriteroen ama bezala duten zeregina ezagutzera eramateko", adierazi dute antolatzaileek. 11:30ean izango da lehenengo bisita, euskaraz; bigarrena, berriz, 12:30ean izango da, gaztelaniaz. 12 urte bitarteko haurrentzat 5 euro balioko du bisitarako sarrerak; 13 urtetik gorakoek, 6 euro ordaindu beharko dute.

Larunbat goizekoa, ordea, ez da eguneko ekitaldi bakarra izango. 18:30ean, Ezezagunok antzerki konpainiak La Paz y otras lunas ikuskizuna eskainiko du. "Aristofanesen La Paz obra antimilitaristatik abiatuta sortutako antzezlana da. Adimen-urritasuna duten aktoreei antzerki-prestakuntza eman eta antzerki-muntaiak publikoki irudikatzea da taldearen jardueraren helburua, baita antzerkiaren dinamiken bitartez, parte-hartzaileei eguneroko bizitzan erabilgarriak diren tresnak eskaintzea ere", azaldu dute.

Azkenik, igandean, Don Inorrez musika taldeak Sastraka bere azken diskoa aurkeztuko du, Topic-eko aretoan, 19:00etan hasiko den kontzertuan. Sastraka beste hainbeste arlotan arituak diren lau lagunen lanaren emaitza da. Honen guztiaren sorreran Pello Lizarraldek Juan Ignacio Agorreta margolariari bidali zion testu bat dago; oinarri bera hartuta, handik gutxira, Imanol Ubeda musikariak hamabi kanta ondu zituen eta Imanol Rayo zinemagileak argazki bilduma. Erein argitaletxeak argitaratuko du laster Sastraka disko-liburua eta egindako lan guztia jasotzen du: testua, margoak, diskoa, argazkiak eta argazki horiei laguntzeko sartutako soinuak.

Inauterietako maskarak erakusketa

Egun hauetan, Topic-eko Anbigu aretoan, Inauterietako maskarak erakusketa berria bisitatu daiteke; apirilaren 1a bitarte (ostirala) egongo da zabalik.
Antonio Valle Madrilgo Erkidegoko Arte Plastikoen eta Diseinuaren Eskolako zuzendariak egin ditu bertan ikusgai dauden animalien maskarak. Falla motako kartoian eginda daude eta pintura akrilikoekin apainduta. Manuel Donoso zuzendariak zuzendu eta Athanor Orkestrak interpretatu zuen Camille Saint-Saëns konpositorearen Animalien inauteria kontzerturako atrezzo gisa sortu ziren.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!