BPXport enpresak kudeatuko ditu kirol instalazioak

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko mar. 8a, 07:57

Berazubi estadioko irudia; 2015ean amaitu zuen Tolosako Udalak eremua eraberritzeko bigarren fasea. ITZEA URKIZU

Otsaileko bilkuran hartu zuen erabakia udalak; EH Bilduk aurka bozkatu ondoren, kalitatezko botoa erabili zuen alkateak.

Tolosako Udalaren azken osoko bilkuran (otsailekoan), herriko udal kirol-instalazioen kudeaketa integralerako zerbitzuen emakida kontratua esleitu zioten BPXport XXI SLU enpresari. Irailean eman zitzaion hasiera lizitazioari eta bi proiektu aurkeztu zituzten: BPXport enpresak bata, eta Kirolzer enpresak bestea. Otsailean, kontratazio mahaiak emakida-kontratua BPXport enpresari esleitzea proposatu zion kontratazio organoari, bi ezaugarri nagusirekin: 10 urteko kontratua formalizatzea eta kanona 120.000 eurokoa izatea. Gainera, ordutegia zabaldu egingo da; astean zehar 07:00etatik 22:00etara egongo dira irekita instalazioak, jaiegunetan, berriz, 08:00etatik 14:00etara.

Orain, enpresa emakidadunak gaur egun indarrean dagoen hitzarmen kolektiboa aplikatu beharko die bere zerbitzura dauden eta egongo diren langile guztiei. «Beharrezkoa da hasieratik lizitazioaren plegu teknikoan jasotakoa mantentzea. Horrela, ez dago lekurik egungo langileen baldintzen aurkako erabakirik hartzeko», esan zuen Joxe Mari Villanueva (PSE-EE) kirol zinegotziak.

Kontratua esleitu aurretik, udal kirol-instalazioetako langileen ordezkaritzak iragazki bat erregistratu zuten udalean. Bertan, kiroldegiaren kudeaketaren esleipen berriak sortu duen kezka adierazi zuen. Esleitutako enpresaren proiektuak, zenbait puntutan subrograziorako eskubidea urratzen duela salatu zuten. Geroago, langile horien ordezkaritza sindikalak udaletxeko idazkariarengana jo zuen, informazio gehigarria eta azalpenak eskatuz. Hori dela eta, irizpenari zuzenketa bat egin zitzaion, langileen lan baldintzak bermatze aldera, Kirolzer enpresari kudeaketari buruzko espedientea kontsultatzeko sarbidea emanez.

Oposizioak (EH Bildu) kezka azaldu zuen langileen etorkizunarekiko, eta kontratuaren jarraipen estua egiteko eskatu zuen. Era berean, kezkagarritzat jo zuen lizitazioetan baldintza ekonomikoek teknikoek baino gehiago balio izatea: «Alde ekonomikoak pisu handiagoa izaten duenean ondorioak ekartzen ditu zerbitzuaren kalitatean, langileen baldintzetan edota erabiltzaileengan», esan zuen Ander Figeridok.

Gainera, erabakiaren aurka bozkatu zuen EH Bilduk. Andu Martinez de Rituertok gogoratu zuen ekainean udal gobernuak 14 urtetarako onartu nahi izan zuela kontratazioa, baina horrela izateko oposizioaren aldeko bozka behar zutela. «Prest agertu gara baldintzak negoziatzeko, eta zerbitzua ahal zen heinean publifikatze aldera, epe motz baterako kontratua esleitzeko. Udal Gobernuak, ordea, adostasuna bilatu baino nahiago izan du lizitazioaren urteak eta diru kopurua jaitsi, aldebakartasunez onartu ahal izateko».

Udal gobernuko zinegotzi batek, udal kirol-instalazioekin duen lan-harremana tarteko, ez zuen puntu honen eztabaidan, ezta bozketan ere parte hartu. Ondorioz, berdinketa tekniko bat izan zen, eta azkenean, alkateak kalitatezko botoa erabili zuen, erabakia onartu ahal izateko. «Legeak hala behartuta atera dugu lizitazio berria, eta hobekuntzak txertatu dira bertan. Kalitatezko zerbitzua ematen jarraitzea da helburu bakarra, eta beraz, aro berri batean sartuko gara», esan zuen Peonek.

Lanpostu berriak

Bilkura berean, giza baliabideak arrazionalizatzeko programaren barruan, plantilla organikoa eta lanpostuen zerrenda onartu zituzten aho batez. «Eraldaketa prozesu batean murgilduta gaude, eta hori aurrera eramateko beharrezkoa da onartzea; udal jarduerarako ezinbesteko tresna da», adierazi zuen Xabier Balerdi EAJ alderdiko zinegotziak.

2022rako, idazkaritza sailaren barruan, modernizazio teknikari postu berri bat sortzea proposatu du udalak. Era berean, giza baliabideetako azpi-sailean, lanpostu berri bat sortzea aurreikusten du. Diru publiko exekutiboko zerbitzua udalak bere gain hartuko duela baieztatu zuen Balerdik, baita horretarako teknikari bat eta bi administrari kontratatuko direla ere. «Postu horiek, 2021ean erretiratu diren bi langileren plazak amortizatuz sortuko dira», gaineratu zuen.

Udal gobernuko ordezkari den Villanuevak egindako lana azpimarratu zuen: «Pauso garrantzitsuak ematen ari gara, eta horietako bat da hau». Figeridok esan zuenez, lanpostuen egonkortze prozesuaren lehen pausoa babestu eta aurrera begira laguntzeko prest daude, «legeak agintzen duen behin-behinekotasun tasaz harago lan egiteko».

Aldaketak eta diru laguntzak

Bestetik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren arau berrietara moldatzeko, hiri-lurren gainbalioaren ordenantza fiskalean hainbat aldaketa egitea onartu zuen udalbatzak, tasa bere horretan mantenduz. «Foru araua aldatu beharra dago, zerga oinarria zehazteko», azaldu zuen Begoña Tolosak (EAJ). Hori dela eta, ordenantza fiskaletan zenbait aldaketa egitea proposatu zuen udalak. Figeridoren arabera, «zentzuzkoa da udal tasa bere horretan uztea, eta ondoren koefizienteen aldaketak diru bilketan zer nolako eragin erreala duen aztertzea, erabaki egokia hartu ahal izateko».

Tolosako Udalaren 2020-2022 Diru laguntzen Plan Estrategikoan bi aldaketa egitea ere onartu zuten. Batetik, kultur jarduerari lotuta, irabazi askorik gabeko erakundeei, urteurrenak edo efemerideak ospatzeko, 5.000 euroko laguntza ematea proposatu zuen Tolosak. Bestetik, Tolosaldeko Arraun Klubari (TAK), 35.000 euroko laguntza ematea aurreikusten du udalak, traineru berri bat erosteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!