Alpino Uzturre Mendi Elkarteak irteera antolatu du Jaizkibelera

Ataria 2022ko martxoaren 7a

Igande goizean egingo dute, eta 8:00etan abiatuko dira Tolosatik; 9 kilometro pasatxoko ibilaldia da eta hiru ordu eta erdian egitea aurreikusten dute.

Alpino Uzturre Mendi Elkarteak irteera berri bat antolatu du igande goizerako. 8:00etan izango da irteera, San Frantzisko eliza atariko autobus geltokitik. Gero, Jaizkibelgo antzinako paradoretik abiatuko dira eta ibilbide zirkularra burutuko dute. "Lehenik, Jaizkibel gailurrerako bidean, Bidasoa inguruko eta Lapurdiko kosta ikusi ahal izango dugu. Ondoren, Hondarribia eta Pasaia arteko mugan, geldialdia egingo dugu Remigio Mendibururen La unión de los pueblos monumentua ezagutzeko. Azkenik, Labetxuraino jaitsiko gara, higatutako arrokek eragindako arte naturalaz gozatzeko", adierazi dute elkartetik. 9,3 kilometroko ibilbidea izango da, eta hiru ordu eta erdian egitea aurreikusten dute. Desnibel positibo metatua 587 metrokoa da. Nahi duenak, ikusgai du irteeraren inguruko azalpen bideoa.

Irteeran parte hartzeko interesa duenak, hiru modu ditu informazio gehigarria lortzeko edo izena emateko: Alpinouzturre.eus webgunea bisitatzea, info@alpinouzturre.eus helbide elektronikora mezua idaztea edota 943 652 789 telefono zenbakira deitzea. Autobusaren prezioa 10 eurokoa izango da bazkideentzat; gainerakoek, 11 euro ordaindu beharko dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!