Prestaketa lanetarako denbora tarte txikia izan bada ere, oro har, "positiboa" izan da Tolosako Udalak aurtengo inauterien inguruan egin duen balorazioa. "Tolosak ilusioz eta gogotsu hartu ditu aurtengo jaiak, eta ia bere horretan ospatu ahal izan dira. Desberdinak izanagatik ere, ez dute hutsik egin aurtengo inauteriek, eta umorea, sormena eta irudimena nagusitu dira beste behin Tolosako kaleetan. Zoritxarrez, igandean gertatutako eraso sexistak itsustu du guztia", azaldu du udalak.
Balorazio zehatza egin aurretik, udal sail ezberdinek, jaien aurretik, inauterietan eta inauterien ondoren egindako lana azpimarratu eta eskertu ditu udalak: kultura eta festak, gazteria, gizarte zerbitzuak, berdintasuna, brigada, udaltzaingoa eta garbiketa zerbitzua, besteak beste. Txaranga, Udal Musika Banda, Udal Txistulari Banda eta gainerako herriko eragile eta taldeen ezinbesteko lana ere aitortu du.
"Neurriek erantzun ona"
Aurten, jende pilaketak ekiditeko neurriak hartu dira, esaterako, karrozen kopuruaren kasuan, zezen plazarako sarrera-irteeretan eta Rondilla kalean. Karroza kopurua eta kokapena mugatu egin da, zezen plazarako sarrera-irteerak musikarik gabe egin dira eta Rondilla kalea hutsik utzi da oinezkoek leku gehiago izateko.
Neurri guztiak positiboki baloratu ditu udalak, eta aurrera begira, mahai gainean jarri du horiek mantentzeko aukera. "Esperientzia ona izan da Rondilla kalea hutsik izatea, txarangek eta herritarrek espazio gehiago izan dutelako kalean lasai ibiltzeko, eta zezenetarako sarrerak eta irteerak modu antolatu eta ordenatuagoan egiteko aukera izan da aurten”, azpimarratu du Olatz Peon alkateak.
Elkarlanerako zubiak
Denbora errekorrean antolatu dira aurtengo inauteriak, eta egitaraua ia osotasunean mantendu bada ere, aurrez zenbait lan egiteko tarterik ez da izan, horien artean, soinu mugatzaileak jartzeko eta zarataren kontrola egiteko lanketari eta arautegiari dagokiona, eta horrek izan du isla aurtengo inauterietan. "Edozein kasutan, aurrerapauso garrantzitsuak eman dira aurten, lanerako zubiak eraiki baitira, gazteekin batetik, eta karroza eta konpartsekin bestetik. Eraikitako zubi horiek oso baliagarriak izango dira, aurrera begira lanean jarraitzeko", gaineratu du alkateak.
Inauteri ereduaren inguruan hausnartzea beharrezkotzat jo du udalak, eta zentzu horretan, hurrengo urtera begira bereziki hiru ardatz edo alorretan jarriko ditu bere indarrak. "Karroza eta konpartsen kasuan, parte hartzeko baldintzak zehaztuko dira, araudia osatuz horretarako, eta arauak betetzen ez dituztenekin neurriak hartuko dira. Udalak jarri ahal izango dituen baldintzen artean dago, esaterako, goizean zehar dantza egitea beharrezkoa izatea, karrozen eta konpartsen parte hartzeak jaietako eguneko egitarauarekin bat egin dezan. Alondegian, aurten soinu eta zarata izugarria izan da eta datorren urtera begira gehiegizko musika bolumenari irtenbidea ematea izango da lehentasuna", esan du Peonek.
Inauteriak "guztionak" direla eta "guztiontzat" izan behar dutela nabarmendu zuen alkateak egitarauaren aurkezpenean. Balorazio orokorrean ere ideia bera azpimarratu du. "Gazteak festaren parte dira eta festaren parte izan nahi badute oreka bilatu behar da inauterietako gainerako eragile guztiekin. Elkarbizitza mantentze aldera, datorren urtera begira, modu berezian erreparatuko diegu hiru alor zehatzei: musikaren bolumenari, karrozetako arautegiari eta alkohol kontsumo arduratsuari. Horrez gain, txosnaguneari dagokionez, datorren urteko Inauteriei begira, kokapena aldatzeko lanketa egingo dugu”, adierazi du alkateak.
Udala atzo bildu zen jaietan parte hartzen duten eragile guztiekin balorazio orokorra egiteko. Balorazioa herritarrei irekitzea ere proposatu zen atzoko bileran eta horrela egingo da datorren urtean. 2022ko inauteriak igarota, lanean jarraituko da orain, hurrengo urtean hobetzekoak diren alorrak aintzat hartuta.