Trianguloa plazako postuak Zerkausira itzuli dira

Ataria 2022ko martxoaren 4a

Larrialdi egoera indargabetuta, ohiko eremuetara itzuliko da larunbateroko azoka, pixkanaka; lehen urrats modura, Trianguloko postuak Zerkausira lekualdatu dira.

Pandemia garaian, indarrean izan diren neurriei jarraituz, eta pertsonen arteko distantzia mantentzeko, ohiko hiru plazez gain, Trianguloan eta San Frantzisko pasealekuan kokatu dira, orain artean, azokako postuak.

Larrialdi egoera indargabetuta eta pandemia atzean uzten ari garen honetan, ohiko eremuetara itzuliko da larunbateroko azoka, pixkanaka. Gauzak horrela, lehen urrats modura, Trianguloko postuak Zerkausira lekualdatu dira; hala egin zuten pasa den Zaldunita bezperan. Horretarako, berrantolatu egin da Zerkausiko postuen kokapena.

Eraldaketa fisiko zein digitala

Pandemia garaia baliatu du udalak, Azoka Lagunak proiektua abiarazteaz gain, azoka garai berrietara egokitzeko urratsak egiteko eta larunbateroko azokaren eremuen azterketa eta berrantolaketa egiteko, azokak indartzeko estrategia zabal baten baitan. Azokagile eta ekoizleekin proposamena landu eta adostu ondoren, larunbatean antolaketa berria martxan jarri zen Zerkausian, eta datozen hilabeteetan lanketari jarraipena emango zaio, postuak berrantolatu eta azoka gune guztiei irudi bateratua emateko helburuarekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!