Bi arroila jaitsiera, datorren astebururako

Ataria 2022ko mar. 4a, 09:32

Martxoko bigarren astebururako irteera antolatu du Oargi Mendi Elkarteak Nafarroara; hilaren 12an Monreal herrira joango dira, eta 13an Aizpunera.

Tolosako Oargi Mendi Elkarteak irteera berri bat antolatu du martxoaren 12 eta 13rako. Arroila jaitsiera bana egingo dute egun bakoitzean, biak ere Nafarroan. Bi egunetan, Tolosako Usabal kiroldegiko aparkalekutik irtengo dira (ordua aurrerago zehaztuko dute). Datozen egunetan eguraldiak lagunduz gero, arroilak lehorrak egongo dira, baina baliteke zenbait putzu geratzea, eta beraz, neoprenoa eramatea gomendatzen dute, baita eskularruak ere. Horiez gain, eskarpinak, kaskoa, arnesa zortzi formako korapiloa duen sokarekin eta soka-muturra eramatea eskatu dute antolatzaileek.

Martxoaren 12an, larunbata, Nafarroako Monreal herrira joango dira; bertan Diablozulo izeneko arroila jaitsiko dute. "Ez du zailtasun handirik, baina nahiko luzea da; 22 aldiz egin behar da rappela eta jaitsiera luzeena 30 metro ingurukoa da. Ordubete inguru beharko dugu arroila inguratzeko, eta 2 edo 3 ordu gero jaisteko", azaldu dute antolatzaileek.

Martxoaren 13an, igandea, Ultzurrun herrira joango dira, Artetako jaiotzan kotxe bat utzi eta beste kotxeekin Aizpun herrira igotzeko. "Honek ere ez du zailtasun berezirik; bederatzi aldiz egin behar da rappela eta jaitsiera luzeena 47 metrokoa da. Ordu erdi inguru beharko dugu arroila inguratzeko, eta bi ordu gero jaisteko".

Jaitsieratan parte hartzeko interesa dutenek, martxoaren 9a (asteazkena) baino lehen eman behar dute izena, oargimendi@gmail.com helbide elektronikora mezua bidaliz edo 688 698 642 telefono zenbakira deituz. Informazio gehiago nahi izanez gero ere bi bide horiek erabili daitezke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!