Lehen balorazioa, garbiketarena

Ataria 2022ko mar. 3a, 14:09

Inauterietan 265 metro kubiko hondakin jaso dituzte Tolosan; kaleak garbitzeko, 768.400 litro ur eta 800 litro desinfektatzaile erabili ditu udalak. Astelenita goizean pilatu zen hondakin gehien.

Urtero bezala, inauteriak igaro ondoren, balorazioak egiteari ekin dio Tolosako Udalak. Bihar emango dute balorazio orokorraren berri, baina aurrez, kale garbiketari buruzko datuak helarazi ditu. Hondakinei dagokienez, kaleko garbiketa makinen bitartez, 265 metro kubiko hondakin jaso dituzte langileek. Era berean, inauterietan bilketa berezia egin da eta edukiontzi gehiago jarri dira. Kamioiek 13.182 kilo hondakin bildu dituzte sei egunetan.

Aurtengo inauterietan makineria berria erabili dute kale garbitzaileek, eta egunero, goizean goiz hasita (6:00etatik aurrera), goiz osoan zehar egin dituzte garbiketa lanak. Guztira, 768.400 litro ur eta 800 litro desinfektatzaile erabili dituzte. 40 langiletik gora aritu dira egunero lanean, herritarrak kalera irteten zirenerako kaleak garbi egon zitezen.

Behin garbiketa lanak gauzatuta, udaleko sail ezberdinek nahiz kale garbiketako zerbitzuak, brigadak eta hondakin bilketa zerbitzuak egiten duten lana azpimarratu du udalak. Aurten ere, zerbitzu horiek indartu ditu udalak inauterietan, jaiak kalean ospatu eta kaleak jaiei eusteko. "Inauterien ospakizunak ezinbestekoa dute garbitzaileen lana, eta horregatik, udaletik modu berezian aipatu eta txalotu nahi dugu aurtengo urtean egindako lana, egunetik egunera, zailtasunak zailtasun, kaleak garbi eta txukun mantentzea lortu delako", adierazi dute.

Astelenita, konplexuena

Zaldunita izan zen inauterietako egun jendetsuena eta horrek eragina izan zuen Astelenita goizeko garbiketa lanetan. "Hondakin asko zegoen kaleetan pilatuta eta horrek zaildu egin zuen ohiko garbiketa jarduna, bereziki San Frantzisko pasealekuan eta Rondilla kalean. Langileek eskuz jaso behar izan zituzten zenbait hondakin, guztia erabat garbi uzteko", aitortu dute. 

Astelenita egun konplexuena izan bazen ere, aurtengo inauterietan, beste urteetan baino hondakin gehiago bildu da Hauster egunean, Asteartita egunaren ondoren. "Edonola ere, zailtasunak zailtasun, kaleak garbi eta desinfektatuta izan dira egunero, eguneko lehen ordurako", esan dute udaletik. 

Oria ibaian garbiketa lanak egitea ere aurreikusita zuen udalak, eta baieztatu dutenez, datozen egunetan ekingo die lan horiei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!