Zazpi film eta lehen lerroko gonbidatuak, Mendi Tourren 12. edizioan

Ataria 2022ko mar. 3a, 15:55

Aitor Elduaien eta Olatz Peon, Leidor aretoaren kanpoan, Mendi Tour Tolosaren kartelarekin.

Mendi Film nazioarteko jaialdiko pelikula onenen zirkuitu ibiltaria Tolosako Leidorrera itzuliko da martxoaren 7, 8 eta 9an. Saioetara bertaratzen direnek mendiko zinemarik onenarekin gozatuko dute berriz ere.

Ekitaldiaren aurkezpenean, Olatz Peon Tolosako alkateak azaldu duenez, "plazer bat da niretzat Mendi Tourreko edizio berri bat aurkeztea".  "Ohikoak izaten diren ekimenak berreskuratzeko garai batean gaudela" azpimarratu du, eta berarentzat hori "oso pozgarria" dela gaineratu du. "Filmetan istorio oso ezberdinak, oso zirraragarriak, gizakiak mugitzeko modukoak izaten dira. Beraz, ez da interesgarria bakarrik mendizaleentzat, baita beste guztiontzat ere", zehaztu du Peonek.

Mendi Film Jaialdiko komunikazio arduraduna den Aitor Elduaienek aurten "giza balioetan asko oinarritutako pelikulak" datozela esan du. "2021eko abenduan egindako Mendi Film jaialdian film luzeak izan ziren distira berezia izan zutenak, eta haietatik pieza eder batzuk badakarzkigu Tolosara". Bestalde, Elduaienek nabarmendu du emango diren filmak maiz protagonistak edo zuzendariak bertan daudela izango dela. "Hori luxu bat da, eta ikusleek asko gozatuko dute". Bide batez, Tolosako Udalari eta TolosaGasari eskerrak eman dizkio Elduaienek, beste behin eman duten babesarengatik.

Tolosako Mendi Tour emanaldian, beraz, BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdiaren 14. edizioko zazpi film eskainiko dira, Mendi Filmeko 6 sari jaso zituztenak, hau da, hango palmaresaren zati handi bat dakar Tolosako aurtengo programazioak.

Gonbidatuei dagokionez, ‘Mendiak-1976’ arrakastatsuaren izenean Gregorio Ariz euskal alpinista aitzindaria, eta Luis Arrieta, Dani Burgui eta Jesus Iriarte zuzendari nafarrak bertan izango dira. Mendi Filmen estreinatu zen pelikula bi sari eskuratuz: Mendiko Film Onena eta Ikusleen Saria. Harrez gero Iruñeko Golem zinemetan zazpi astez iraun du karteldegian, eta Mendi Tourrean ere harrera bikaina izaten ari da.

Mikel Sarasola zuzendari eta kayaker donostiarrak ‘Jötunn’ aurkeztuko du, joan zen udan Islandian eginiko kayak espedizioaren irudi ikusgarriekin. Eta Bideolan ekoiztetxeko Iker Larrañagak eta Jon Goikoetxeak, ‘Amagana’ film laburra aurkeztuko dute, Itziar Zabala eskalatzaile dimoztarra protagonista duena. Euskarazko Film Onenaren saria jaso zuten Mendi Filmen.

Martxoaren 7, 8 eta 9an izango dira, beraz, saioak, eta 19:30ean hasiko dira. Jatorrizko bertsioetan eskaintzen dira pelikulak, Mendi Filmek sortutako azpitituluekin lagunduta. Bestalde, zeinu hizkuntzen interpretazioa eskainiko da pelikulen aurkezpenetan. Sarrerak salgai daude Kutxabank.es webgunean, Mendifilmfestival.com webgunean eta Leidorreko leihatilan.

Egitaraua

Martxoak 7, astelehena

ACTION DIRECTE. Mendi Film 2021 Sail Ofiziala. Melissa Le Nevé eskalatzaile frantziarra da Action Directe  9a
graduko bide ikonikoa eskalatu duen lehen emakumea. Temati heldu dio erronkari hainbat urtez, gorputz-arima bide horretan jarrita.

LE CAVALIER MONGOL. Zuzendari Onena eta Soinu Banda Onena Mendi Film 2021. Darhat haranean, Mongolia iparraldean, tribu nomaden zaldiak bidelapurren esku desagertzen ari dira. Baina Shukhert, Darhateko zaldun zaindaria, haien atzetik dabil atsedenik gabe, western baten tankeran, “dagokiona berreskuratzeko”.

Martxoak 8, asteartea

AMAGANA. Euskarazko Film Onena Mendi Film 2021. Itziar Zabala Baltzolako kobaren altzoan hazi eta hezitako puntako eskalatzailea da. Hari zor dion debozioak darama, berriro, amagana.

MENDIAK-1976. Mendiko Film Onena eta Ikusleen Saria Mendi Film 2021. Historia zirraragarria, 1976an Shakhaur (7.116m) inguruan espedizio nafar bat eta poloniar bat betirako anaitu zituena: gailur historikoa, istripu tragikoa, mugarik gabeko elkartasuna, erreskate gogoangarria, eskutitz harreman zentsuratua, berreskuratutako kontaktua, eta duela bi hilabete Bilbon, 45 urte, berriz elkartzea.

Martxoak 9, asteazkena

BLACK ICE. Eskalada Film Onena Mendi Film 2021. Larruazal beltzekoentzat ezohikoa den jokogune bat: elurra eta izotz hormak. Eta berezko dituzten ezaugarriak: anaitasuna eta rollo ona. Menphistar batzuk protagonista, alpinista izatea zer den ikasi nahi dutenak haien irakaslearengan uste on osoa jarriz: Conrad Anker.

JÖTUNN. Mendi Film 2021 Sail Ofiziala. Islandia, suaren eta izotzaren lurraldea, munduan ur-jauzi gehien dituen lekuetako bat da; muturreko kayaka egiteko erreferentziazko lekuetako bat beraz. Puntako hiru kayakerrentzat gutizia bat: Mikel Sarasola, Aniol Serrasolses eta Aleix Salvat.

TXANGO. Mendi Film Bizkaia Ternua Beka 2021. Mendian hasiberri den lagun talde baten txangoa Pagasarrira (671 m, Bilbo). Kolore eta ñabardura aberatsez betetako ibilaldia, kultura eta genero aniztasunaren ispilu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!