Elkarrizketa

«Tradizio bat ari gara sortzen mendiko euskal zinemagintzan»

Ataria 2022ko ots. 23a, 16:00

Mendi Film Festival jaialdiko lanik onenak bildu eta Tolosan eskainiko dituzte martxoaren 7tik 9ra. Urteroko hitzordua da mendi Tour eta zale asko biltzen ditu. Aitor Elduaien (Tolosa, 1975) jaialdiko komunikazio arduraduna da.

Bilboko Mendi Film Festival-aren barruko ekimena da Mendi Tour, ekimen zabala da beraz.
Urte osoko lana da. Erro nagusia abenduan Bilbon 10 egunez egiten den jaialdia da, baina ekimena zabalagoa da bai. Pasa den abenduan egindakoa 14. edizioa izan zen. Besteak beste, 52 pelikula aurkeztu genituen eta 50 izan ziren sail ofizialean parte hartu zutenak. Nazioarteko 11 estreinaldi izan genituen eta gaitegi horren inguruan –abentura, mendia eta natura– dabiltzan zuzendari entzutetsuenak izaten dira tarteko. Bilbon hamar egunez atmosfera oso berezia sortzen da eta atmosfera hori eraman nahi izaten dugu urtarriletik azarora bitarte herri batetik bestera. Euskal Herrian aritzen gara, baina Espainiara iritsi gara dagoeneko; Valentzia, Vigo, Valladolid, Burgos, Madrid...Lehen Mendi Tour Tolosan izan zen eta aurten 12. edizioa du.


Mendi Tourrek 12. edizioa, eta Mendi Film Festivalek 14.a, erreferente bat da jada.  
Zinemaldia dugun bezala, mendiaren bueltako lanek Mendi Film dute. Erreferentea da nazioartean, jaialdi gaztea bada ere indartzen ari dena. Katalunian badago 40 urte beteko dituen jaialdi bat, Italiako Trenton egiten den festibala da zaharrena... leku askotan daude jaialdiak, eta badago elkargo IAMF (International Alliance for Mountain Film) eta hor uztartzen gara 27 jaialdi, eta horien artean nahiko puntan gaude, harrokeriarik gabe esan genezake. 

Alfonbra gorririk gabeko jaialdia izango da... 
Alfonbratik kanpoko giroa sortzen da eta jendeak gustuko du ikustea filmeko protagonista ondoan duela eserita. Ikusle soslai jakin bat izaten dugu; mendizalea den pertsona, baina hori zabaltzen ari dela esango nuke, izan ere, jendea aspaldi dago konturatuta kalitatezko zine dokumentala dela bertan eskaintzen duguna. Gaitegiak, gidoiak, soinu bandak... oso landuak  dira. 

Kalitatean bilakaera bat egon da beraz?
Euskal Herri mailan arrastoa sortu dugula esan genezake, eta harro gaude. Euskal ekoizpenak geroz eta gehiago dira mendiaren bueltan, festibala oso aintzakotzat hartzen dute eta ekoizpen horiekin Mendi Filmera iristea eta are gehiago, sail ofizialera iristea da helburua, erakusleiho oso handia baita. Joan den urteetan oso eredu politak izan ditugu. Mendiak 1976 edo Amagana pelikulak adibidez, biak ala biak euskal ekoizpenak dira eta gehien eskatzen diren pelikulak dira. Txolitas ere hor dago. Fideltasun bat sortzen ari gara eta batez ere, tradizio bat mendiko euskal zinemagintzan.

Gaitegia mendia da, baina azpigaiak izango ditu ere.
Ingurumenari buruzko kezka handia sumatzen da lanetan, aldaketa klimatikoa eta abar, eta genero aldetik geroz eta protagonismo handiagoa dute emakumeek alor guztietan.

Zer esan zenezake azken Mendi Film jaialdiari buruz?
Esango nuke iazkoa film luzeen festibala izan zela eta horietako batzuk Tolosan ikusi ahali izango dira. Bilbon parte hartutako 52 filmetatik hautaketa egin dugu. 

Egitaraua

Martxoak 7, astelehena. Action Directe (sail ofiziala) eta Le Cavalier Mongol (zuzendari eta soinu banda onena), 19:30etik aurrera, Leidorren.
Martxoak 8, asteartea. Amagana (euskaraz film onena) eta Mendiak 1976 (mendiko film onena eta ikusleen saria), 19:30ean, Leidorren.
Martxoak 9, asteazkena. Txango (Mendi Film Bizkaia Ternua), Jötunn (sail ofiziala) eta Black ice (eskaladako film onena), 19:30ean, Leidorren.

* Sarrerak 5 euro eta hiru egunetarako bonuak 12 euro. Mendifilmfestival.com webgunean edo Kutxabank bidez eskuratu daitezke.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!