Erabateko gaitzespena taldean eginiko eraso matxistari

Ataria 2022ko mar. 1a, 20:14

Argazkiak: Tolosako Udala

Herritar ugarik salatu du Zaldunita egunean 18 urteko emakume batek jasan zuen eraso matxista eta babesa eta elkartasuna adierazi diote.

Tolosako Asanblada Feministak, Tolosako Udalak, Festa Batzordeak eta Tolosako gainerako eragile eta talde sozialek «erabateko gaitzespen, sumindura eta amorru handiena» adierazi dute Zaldunita egunean emakume batek jasandako eraso matxistaren aurrean, eta baieztatu dute taldean egindako eraso «ankerra» izan zela. 

Tolosako Asanblada Feministak, Tolosako Udalak eta Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak deitutako elkarretaratzean babesa eta elkartasuna adierazi diote biktimari eta bere ingurukoei, «baita bere eskubideak eta intimitatea babesteko errespetu osoa ere». 

Asanblada Feministaren eta Tolosako Udalaren artean osatu duten irakurketa bateratuan jaien inguruan guztiak ez duela balio adierazi dute, eta Tolosako inauterietan indarkeria matxistak eta sexu bortxakeriak ez dutela lekurik. «Tolosak jai berdinzaleak nahi ditu, emakumeak aske sentitzen diren jaiak nahi ditugu, eta ez ditugu onartzen, ezta onartuko ere, inolako eraso sexistarik. Ozen esaten dugu erasotzaileek ez dutela tokirik gure artean eta irmotasunetik erantzungo diegu beti eraso sexistei».

Indarkeria matxistarekin amaitzeko, baina, gizartearen eta erakunde guztien «jarrera aktiboa» ezinbestekoa dela esan dute, «jaiak libre eta bake giroan igarotzeko, emakume bat bera ere gehiago ez dadin erasotua sentitu, ez jai giroan ez eta bere egunerokoan ere».

Bide horretan, gizonezkoak «aktiboki» behar direla gehitu dute, «matxismoaren aurkako itun» bat egiteko. «Indarkeria matxista errotik ezabatzeko ez zaitezte konplize izan erasoen tratu txarren edo sexu indarkeriaren aurrean, eta kalera atera gaitezen salatzeko».

Bestalde, «gure herriaren berdintasuna» feminismoaren eskutik etorriko dela adierazi dute: «Emakumeak libre izan gaitezen Tolosan, inauterietan eta nonahi».

Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean, Eider Mendoza bozeramaileak sumindura eta amorrua adierazi du; «emakume bati eraso egiten zaionean, gizarte osoari egiten zaio eraso, eta gizarte osoari egiten zaio kalte. Zer dauka gizonezko batek buruan pentsatzeko emakume batekin edozer egin dezakeela?». 

Izaskun Landaida Emakunderen zuzendaria ere elkarretaratzean izan da, eta elkartasuna adierazi nahi izan dio biktimari, izan ere, «orain bera da lehentasuna. Horregatik ezinbestekoa da guztion elkartasuna eta babesa sentitzea egoerari aurre egiteko. Tolosako herritarren erantzuna handia izan da, eta hori garrantzitsua eta ezinbestekoa da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!