Gizonezko bat atxilotu dute lapurtzeagatik

Ataria 2022ko martxoaren 1a

Ertzaintzak jakinarazi du 32 urteko gizonezko bat atxilotu duela gaur goizaldean Tolosako inauterietan lapurtzeagatik. Gizona telefono mugikor bat lapurtzen ari zenean atxilotu dute. Motxila batean 8 mugikor, diru zorro batzuk, garraio-txartelak eta 138 euro zeramatzan.

Gaur goizaldean Tolosako inauterietan izaten diren lapurretei aurre egiteko abian jarritako dispositibo berezi batean parte hartzen ari ziren ertzainek telefono mugikor baten lapurretaren berri izan dute. Lapurretaren tokira gerturatzean 32 urteko gizonezko bat atera dute jai girotik, lapurreta egiten saiatzen ari zela identifikatu ondoren. Gizonezkoak zeraman motxila miatu dutenean 8 telefono mugikor, diru zorro batzuk, 138 euro, dokumentazioa eta beste hainbat objektu aurkitu dizkiote. Segurtasun sailak esan du gizonezkoa atxilotu dutela lapurretak egotzita eta polizia egoitzara eraman dutela dagozkion  eginbideak hasteko. Gizona gaur goizean zehar jarri dute agintari judizialaren eskuetan Tolosako Guardiako Epaitegian.

Oriako ertzain etxeko buruzagitzaren arabera, inauterietan telefono mugikor asko atzeman dituzte eta ertzain etxean dituzte. Horien jabeek bertan eskatu ditzakete dagokion salaketa jarri ondoren, telefonoaren jabetza egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztuta.  

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!