Mesedea itzultzeko, elkarrekin

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko mar. 1a, 08:58

1971n lortu zuen ofizialtasuna San Esteban txarangak, Alcoyanok Asteartitan ateratzeari utzi zionean; iaz urteurren berezia ospatu ezin izan zutenez, bi txarangetako kideak elkarrekin aterako dira gaur.

San Esteban elkarteko txaranga 1969an atera zen lehen aldiz Inauterietan; ordurako, 24 urte zituen elkarteak (2020an 75 urte bete ziren ireki zela). Hala ere, 1971n lortu zuen ofizialtasuna, hain justu, Alcoyano txarangak Asteartitan ateratzeari utzi zionean. Iaz, beraz, 50 urte bete ziren inauterietan ofizialki jotzen hasi zirenetik. Hutsune hura bete eta festen azken egunean ateratzen dira geroztik. Beti jantzi berde eta horiekin; 2009an jantziak aldatu arren, kolore beroekin jarraitzen dute oraindik: ponpoi berdedun txapela horia eta blusa berde eta horia.

2007an, txarangaren alma mater Joakin Santamaria hil zenean, umezurtz geratu ziren, «desagertzeko zorian». Berehala heldu zen erreleboa, Jon Etxabarriren, Juan Mari Hilarioren, Arturo Vicenteren eta Manu Agirreren eskutik. Horiek sortu zuten txaranga batzordea, eta beranduago, Ramon Zubeldia batu zitzaien.

Duela hamar urte ia 50 musikari atera ziren San Esteban elkarteko txarangan. Kuadrilla handia osatzen dute urtero, eta ohiko musikariez gain, ikasle gazteak ateratzen dira. Helduen eskarmentua, gazteen ikasteko gogoarekin uztartzen dutela diote txarangako kideek, inor ez baztertzea baita beraien filosofia. Azken hamarkadetan, baina, bigarren gaztaro musikala bizi ahal izan dute elkarteko bazkide beteranoenek, musika eskoletan instrumentu gehiago jotzen ikasten aritu baitira, gero txarangan atera ahal izateko.

Ignacio Mocoroak egin zuen bere garaian elkarteko ereserkia; gero, Uxolak jarri zion letra kantuari: «Mendia, pelota eta inauteriak, San Esteban onek ditu maitiak; txaranga jo eta jo, alaituz kaliak; atzetik ditugu, zahar eta gaztiak; inauterietan hona etorri, eta gure musikaz pozik; ez dagoelako holako tokirik; belar gainean, lainoen azpitik». 2013an, berriz, habanera berria estreinatu zuten, Amaia Lizasok Angel Brizen laguntzarekin idatzitakoa.

Etxe berriko lehen gosaria

Asteartita egunean, goizeko zazpietan elkartuko dira elkartean, geroago, diana joz, pattar zezenera joateko. Orain arte, San Frantzisko pasealekuko 34. zenbakian zegoen elkartea; aurten, baina, hemen dator lehen berritasuna: elkarte berria inauguratu dute. Lehen elkartea zegoen eraikina bota du udalak, baina horren atzean egindako eraikin berriaren beheko solairuan esleitu zion lokala elkarteari. Bertan elkartuko dira, beraz, elkarteko nahiz txarangako kideak.

Elkarte berriaren estreinaldia, ordea, ez da 2022ko berritasun bakarra izango. Alcoyano txarangako dozena bat musikari batuko zaizkie San Esteban txarangako kideei Asteartitan. Duela mende erdi egindako mesedea eskertzeko keinua izango da. Ondorioz, bi txarangetako jantziak uztartuko dituzte txaranga bakarrean, eguna are gehiago koloreztatuz.

Behin pattar zezenetik itzultzen direnean, bertan gosalduko dute. Txarangak elkarte berrian egingo duen lehen gosaria izango da. Zintzurra busti eta sabela bete ondoren, herriko txokoetara eramango dute festa giroa. Urteroko ibilbidea burutu eta ohiturazko geldialdiak egin ondoren, 12:00etan Plaza Berrian egingo den txarangen bilkuran hartuko dute parte, Sukalde, Arco Iris eta Txapel Haundi txarangekin batera; euria eginez gero, Berdura plazan elkartuko dira. Behin elkarrekin hainbat pieza jo ondoren, Gaztelako Ateraino joango dira kalejiran. 2008an, Lopez Mendizabal plazan kasualitatez gertatu zena usadio bihurtzen jarraitzen dute oraindik txaranga hauek.

Goizeko saioan, baina, ezingo dute indarra guztiz xahutu, arratsaldean ere instrumentuetatik inauteri doinuak atera beharko dituztelako. Txaranga ofiziala izanik, zezen plazako zezen festaren aurretik, udaletxe plazan egon beharko dute 16:00etan, bertatik kalejira abiatzeko. Behin zezen festa girotuta, urtez urte indar handiagoa duen jaitsieran joko dute; inauterietako azkena izango da, gainera. Berdura Plazan egingo den dantzaldiarekin emango diote amaiera egunari, eta baita aurtengo inauteriei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!