Tolosako inauterietan Beotibar berriro ere mozorro festa bilakatu da. Ikusleek San Frantziskoko giroa pilotalekura eraman dute eta eskualdekoez gain, kanpotik festara etorritakoek ere ederki gozatu dute pilotaz eta inauteriez. Esku pilota enpresek bi jaialdi antolatu dituzte bertan. Urrutikoetxea-Mariezkurrena eta Ezkurdia-Zabaleta izan dira estelarra jokatu duten lau pilotariak.
Bihar, Erik Jaka eta Xabier Tolosaren txanda izango da. Lizartzako aurrelariak Jon Ander Albisu izango du atzean eta anoetarrak aurrean Ezkurdiarekin kontatuko du. Hiru partida izango dituen jaialdia 16:30ean hasiko da.
Txapelketatik kanpo
Binakako txapelketan finalerdietarako kanporaketa jokatu zen asteburuan. Eskualdeko bi pilotarik dena zuten jokoan, eta biek txapelketari agur esan behar izan zioten.
Xabier Tolosa eta Ezkurdiak gertu izan zuten garaipena, baina azkenean Irribarria-Rezusta izan ziren finalerdietarako ligaxkarako sailkatu zirenak. 22-17koa izan zen azken emaitza.
Beste kanporaketa Jon Ander Peñak jokatu zuen, Albisu lagun zuela. Laso-Imaz izan zituzten aurrean eta partida borrokatzeko aukera handirik ere ez zuten izan. Erraz nagusitu ziren aurkariak, Laso handi batekin.
Gauzak horrela, binakako txapelketan eskualdeko pilotari bakarra geratzen da: Jokin Altuna. Amezketarrak Martijarekin osatzen du bikotea. Txapelaren lehian, azken bi sailkatuekin batera Elezkano-Zabaleta daude.