Aisialdi taldeek hartu dute inauterien kontrola

Ataria 2022ko otsailaren 28a

Ohikoa baino bi aisialdi talde gutxiago izan dira Astelenita egunez Tolosako kaleetan; mozorroa prestatzeko azkeneko asteen egindako ahaleginaren emaitzak ikusi dira kalean

Ez dute prestaketarako denbora luzea izan, baina aisialdi taldeek beren ekarpena egin diote inauterietako astelenitari. Kirikiño, Txiribitu, Ttenttek eta Kazkabarra taldeetako gaztetxoak kalera atera dira euren mozorroak jantzita eta dantzaz alaitu dute San Frantzisko ibiltokia, bertaratutakoen gozamenerako.

Inauterietako bigarren egun handian kolorea jarri dute gaztetxoek. Horixe izan zen, hain zuzen, Kazkabarrak aurtengorako aukeratutako mozorroa. Kolorez atera dira umeak eta margolariz begiraleak.

Ttenttek, berriz, bere 40 + 1 urtemuga ospatu nahi izan du modu berezian. Aurreko urteetan ateratako mozorroak berreskuratu eta aurrez ikasitako koreografiak dantzatu dituzte.

Pirataz jantzita agertu dira kalera Kirikiño aisialdi taldekoak. Banderak astinduz eta oihuak eta dantzak eginaz egin dute goiz pasa gaztetxoek, begiraleen eta publikoaren begiradapean. Txiribitu taldeak, azkenik, eguraldi lagun, hondartza inprobisatua atera dute kalera. Sorosleak, marmokak, hondartza zaleak... guztiak nahastuan ibili dira.

Arratsaldeko zezen festara joanez borobildu dute euren egun nagusia Tolosa eta inguruetako gaztetxoek. Festarako harra barruan sartuta daukate eta urtebeteko etenak ez du haria eten. Luzarorako ziurtatuta dago Tolosako inauteria.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!