Mozorroz garbitu dute kalea

Ataria 2022ko otsailaren 28a

Zaborrez beteta esnatu dira gaur Tolosako kale bazterrak; ajeari buelta emateko asmoz, bigarren egunez, mozorro festa erraldoia bilakatu da San Frantzisko ibiltoki ingurua.

Zaldunita irudimenez jositako eguna izan bazen, Astelenitak ere zertzelada ederrak utzi dizkigu. Atzo ikusi ziren zenbait mozorroetako gaiak errepikatu  dituzte herritarrek, baina beste modu batera. Jose Inazio Munillaren askatasuna aldarrikatu dute batzuek, beste batzuek, Georgie Dann berpiztea lortu eta Barbacoa kantatzen aritu dira goiz osoan zehar, Oria ibaiertza hondartza bilakatu dute berriro, eta Emeki zentroko haurdunak kalera atera dira gaur, txarangen atzetik saltoka ibiliz.

Horrez gain, Zaldunita taldeak, Lopez Mendizabal plazan jarri du konpartsa, Joxe Mari Barriolarekin batera; Pisako dorrea eta bertako turistak Tolosara etorri dira, baita Miamiko puntistak ere. Gipuzkoako armarriari buelta bat eman eta hura garai berrietara egokitu eta eraberritzeko eskaera egin nahi izan du herritar batek. Azkenik, Tolosako Inauteriak Euskal Herriko festa onenetakoak direla esan ohi dute; bada, gaur, Euskal Herriko beste zenbait festetako pertsonaiak izan dira bertan: Marijaia, Zeledon, San Prudentzio eguneko tronpeta jotzaileak, eta baita bordon dantzariak eta txistulariak ere.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!