Sexu eraso bat salatu dute Tolosan

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2022ko otsailaren 28a

Ertzaintzak ikerketa zabaldu du. Erasoa gaitzesteko elkarretaratzera deitu dute, biharko.

Tolosako Asanblada Feministak salatu duenez, 18 urteko emakume baten kontrako sexu erasoa izan da bart Tolosan. Ertzaintzak erasoa baieztatu du, eta esan du biktimak Ertzaintzaren laguntza izan duela hasieratik, bai eta osasun-laguntza ere Donostia Ospitalean. Argitu dutenez, salaketa bat jaso dute, eta Oriako Ertzain-etxeko ikerketako agenteak egin dira polizia-eginbideen kargu, gertatutakoa argitzen eta egilea edo egileak identifikatzen saiatzeko. Ez dute inor atxilotu.

Indarkeria matxistaren kontrako protokoloa abian jarri dute, eta erasoa gaitzesteko elkarretaratzera deitu dute. Bihar egingo dute, 19:00etan, udaletxearen aurrean, Tolosako Asanblada Feministak, Tolosako Udalak eta Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak deituta.

Tolosaldeko Itaiak ere erasoa gaitzetsi du, eta babes osoa adierazi dio biktimari. "Indarkeria matxista gauzatzen duten figurak seinalatu eta honi aurre egiteko antolatzearen beharra azpimarratzen dugu", esan dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiak bat egin du  biharko elkarretaratzearen deialdiarekin eta bertan parte hartuko du foru erakundeko ordezkaritza batek. “Sexu eraso honen aurrean, beste behin ere, aski dela esan nahi dugu. Gipuzkoan ez du lekurik biolentzia matxistak”, nabarmendu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!