"Gogoa eta beharra, dena elkartu zaigu inauteri hauetan"

Ataria 2022ko ots. 27a, 17:12

Olatz Peon Tolosako alkatea Ataria Irratiarekin izan da goizean. Orain artekoaren inguruan hitz egin du. Inauteriak nola biziko dituen ere azaldu du.

Inauterietarako «gogoa eta beharra» zegoela nabari dela esan du Tolosako alkateak; orain arte giro onean doazela, «hunkigarriak» ari direla izaten, eta ez dela aipatzeko gertakaririk izan nabarmendu du

Goiz ekin diozu egunari Dianarekin. Zer moduz joan da?

Oso ondo. Egia esan, jendetza elkartu da Dianan musika bandaren atzetik, eta giro oso polita eta sanoa nagusitu da.

Urtero hutsik egiten ez duzun ekitaldia izaten da.

Bai. Oso kuttuna dut Diana, txiki txikitatik, gainera. Udaletxean jarraipen bilera egiten dugu egunero 08:00etan. Beraz, hori bukatu, jaitsi eta salto batzuk egin ahal izan ditut.

Bazegoen gogoa.

Bai. Nabaritzen da. Gogoa eta beharra. Pixka bat guztia elkartu zaigu.

Orain arte nola doaz inauteriak?

Orain arte oso ondo doaz. Kalean giro ona eta alaitasuna nabarmentzen da. Txarangen doinuak eta musika entzutean jendea hunkitu bezala egiten da. Hori da niri jendearen aldetik iristen ari zaidana, hunkigarriak ari direla izaten aurtengo inauteriak.

Aipatzeko gertakaririk izan al da?

Ez dago azpimarratu daitekeen aparteko gertaerarik, beraz, ezin hobe esango nuke.

Egitarauari erreparatuta, ia ekitaldi guztiak izango dira.

Ez nuen pentsatzen herriak hainbeste egiteko gaitasuna izango zuenik. Hamar-hamabost egunetan dena antolatzeko gai izan da. Jendeak sekulako lana egin duela uste dut. Askotan errepikatzen dudan kontua da, inauteria dela herri osoa elkartzen gaituen gai bakarretakoa. Hori aurtengo inauteritan nabarmendu da bereziki. Izugarria izan da egiten ari den lana. Udaletxean bertan, ikusten ez bada ere, langileak lan handia egiten ari dira. Eta, azkenean ia egitarau osoaz gozatzeko aukera izango dugu.

Gorabeheratsuak izan dira azken asteak. Pentsatzekoa da zuretzat presio izugarria izango zela hori guztia.

Bai. Egia esan, denborek ez digute gehiegi lagundu. 2020an inauteriak oso juxtu ospatu ziren, eta aurtengoan ere oso juxtu ospatu ahal izango ditugu. Intzidentzia tasari egunero begiratzea neketsua izan da, ez soilik azken egunetan, baita pandemia osoan ere. Egia da, azkenaldian egoera ezberdina zela, txertaketa maila oso handia dugula... Nahiz eta, ez dugun ahaztu behar, oraindik ere erabat gainditu gabe dugun egoera dela, eta elkar zaindu behar dugula.

Azken asteetako tentsioa txupinazoarekin pixka bat lasaitu al zen?

Ardura beti izaten da gainean, baina, egia da jaiari hasiera eman ondoren tentsioa pixka bat askatu genuela. Dena den, jarraipena egiten ari gara egunero, eta iristen ari zaizkigun input-ak oso positiboak dira. Beraz, momentuz behintzat, uste dut erabaki egokia hartu dugula Tolosan inauteriekin aurrera egitean.

Zer jaso duzu inauteriak egiteko erabakiaren inguruan?

Batik bat, jendeak zoriondu egin nau, eta eskertu ere bai, erabakia hartzeko ausardia izateagatik. Badakit jende asko kezkatuta ere badagoela, urte gogorrak izan direlako. Tolosan ere, beste herri askotan bezala, heriotza tasa garrantzitsua izan da, eta hori ez dugu inoiz ahaztu behar.

Datozen egunetarako mozorroak prest al dituzu?

Azken unera arte inprobisatzen duen horietakoa izaten naiz, baina, badut buruan zerbait. Egun bakoitzerako bat izaten dut. Lagunekin-eta elkartzen saiatzen gara, baina, aurten, kuadrilla txikiagoa izango dugu beste urteekin alderatuta.

Alkate bezala gozatu al daiteke inauterietan?

Zalantzarik gabe, bai. Goizetako jarraipen bileran erabaki batzuk hartzen dira, eta lantxo batzuk ere izaten dira, baina, bestelakoan, normalean, beste edozein herritar bezala, inauteriez gozatzeko aukera izaten du alkateak.

Parodia dezente izan dira, egun hauetan kanpoko jendeari ez etortzeko eskaeragatik. Umorez hartu behar, ezta?

Zer da ba inauteria umorea ez bada? Txupinazoan bertan egin zuten parodia kontu horrekin, eta beste asko ere izan dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!