Tolosako inauterien ezaugarrietako bat da, zalantzarik gabe. Ostegun Gizenean, gauerdiko ordu txikietan hasi, eta Hausterre eguneko ordu txikiak bitarte, etenik izaten ez duen musika doinuen maratoian parte hartzen dute herritarrek: musikari, zuzendari, dantzari edo entzule modura. Bata bestearen atzetik jotako notek, parekorik ez duen giroa sortzen dute. Berdin dio tonuak, baita intentsitateak ere, eta konpas bakoitza, mundu bat da. Inauteria bizitzeko modu bat da: Txarangak.
Kaleak, plazak, elkarteak, tabernak… leku guztietan entzuten dira herritarrek urte osoan zehar entzungo lituzketen kantuak. Ez da hain zaharra inauterietako piezen errepertorioa (150 urte baino gutxiago ditu); hala ere, hura osatzen duten piezak klasiko bilakatu dira askorentzat. Kantu tradizionalak eta elkarteetakoak batuta, Tolosak gainditzeko oso zaila den zerrenda du, dibertigarria, eta batez ere, bertakoa: Diana, Iriyarena, Pello ziri-ziri, Galtzaundi, Praskuarena, Pastelero, Baratzeko pikuak, Farol Dantza, Kontrapasa, Irureta, Polka, Habanera, Jota eta Isabelita, besteak beste.
Baina kantu hauek, eta noski, beren partiturak ez lirateke existituko interpretatzeko inor izango ez balute, hau da, txarangarik ez balego. Baliteke, Inauterietan betidanik egon izana lagun taldeak, ilusioak bultzatuta eta instrumentuen laguntzaz, aparteko giroa sortzeko kantu horiek jotzera atera izan direnak. Hala ere, XIX. mendearen amaieran, antolatutako taldeak sortu ziren horretarako; lehenik, talde independenteak, eta, ondoren, elkarteen babesarekin sortutakoak. Laurak Bat txaranga izan zen lehena, 1887ko inauterietan.
XX. mendean aurrera egin ahala sortu ziren gaur egun Tolosako inauterietan entzuten ditugun txaranga gehienak. Ia denak elkarteetakoak dira, baina badira tartean elkarterik ez duten txarangak, baita txarangarik ez duten elkarteak ere. Txinparta elkartearena izan zen lehena, 1928an. Gero, 40ko hamarkadan hasi ziren txaranga gehiago sortzen. Gaur egun, 20 txaranga baino gehiago dira inauterietan kalera ateratzen direnak.
1.400 PEZETAREN TRUKE
«Tolosako txarangak inauteriengatik eta inauterietarako sortu ziren. Ezinbesteko elementua dira, eta ezin dugu ospakizunik irudikatu haiek gabe, paregabea baita sortzen duten giroa», azpimarratu zuen Jose Mari Goñik, 1997an, Arco Iris elkarteak txarangaren 50. urteurrenagatik argitaratu zuen liburuan.
Urte horretan, otsailaren 16an, 17an eta 18an ospatu ziren inauteriak. Zaldunita egunean, 25 lagunez osatutako musika talde berri bat atera zen kalera: Arco Iris elkarteko txaranga. Hura sortzeko, ordea, «zailtasun ugari» izan zituztela gogoratzen zuen Goñik. Izan ere, garai haietan diru laguntzak oso eskasak izaten ziren (1947an, 1.400 pezeta jaso zituen txarangak); ez zen iristen aurrekontuko gastuen (3.000 pezeta) erdira ere.
Lehen urteetan, musikari bakoitzak 25 eta 80 pezeta artean jasotzen zituen eguneko. «Kasu batzuetan, instrumentuak eta jantziak erosteko dirua ere lortu behar izan zuten, baina zenbait herritar anonimoren ekarpenari esker, aurrera egitea lortu zuten», gaineratzen zuen Begoña Simonek aipatutako liburu horretan. 1960an, txarangei egiten zien ekarpena handitzea erabaki zuen udalak.
Txarangako kide askorentzat «sakrifizio handiko lana» izan zela, baina «ilusioa eta gogoa» nagusitu zirela zioen Goñik. «Erabaki ausarta izan zen inauterietako hiru egunetan ateratzea, aurrekontuan gorakada handia eragin zuelako». Orain ere Zaldunita, Astelenita eta Asteartita egunetan ateratzen dira. «Sekula ez dute kale egin, zero azpitik hamar gradu egin zituen urtean ere ez. Une batean, perkusio instrumentuak soilik entzuten ziren; haizezkoak jotzen zituztenak ezin izan zuten putz egin».
FOLKLORE HERRIKOIAREN PIEZA
Ordurako, zenbait zuzendari igaro ziren Arco Iris txaranga zuzentzera, eta gaur egunera arte, dozena bat bazkide baino gehiagok izan dute ardura hori. Tarteka, eta egoerak hala eskatuta, beste bazkide batzuek ere zuzendu zuten txaranga, eta gaur egun, Alberto Usonek eta Iban Aznarrek betetzen dute funtzio hori. «Musikariek beti esan izan dute zuzendari aldetik sekula arazorik izan ez duen txaranga dela», aipatzen zuen Simonek. «Zuzendari eskola bezala ezagutzen da», gehitzen zuen Goñik.
Jantziari dagokionez, lehen hamarkadetan, uniforme zuri-gorria eta bi koloreko boneta janzten zuten musikariek. Geroago, bonetaren ordez txapela zuri-gorria erabiltzen hasi ziren. Azkenik, 1989an, egungo uniformea janzten hasi ziren: ostadarraren koloreak dituen brusa, galtza zuriak eta txapela urdina.
Eta elkarte batek txaranga badu, noski, ereserkia edo kantua ere izan ohi du. Arco Iris elkartearena Juan Colmenerok egin zuen. Horrela deskribatzen zuen Goñik: «Alaia, gogoratzeko erraza eta inauteri kutsua duena». Euskal Herriko zenbait txoko eta jaietan entzun izan da, baita hemendik kanpo ere, txarangen munduan doinu klasikoa bilakatu baita; izena ere aldatu zioten, eta leku batzuetan Bartali edo La Atomica bezala ere ezagutzen da. «Folklore herrikoiaren pieza bihurtu da dagoeneko», zioen Simonek. «Txaranga jaiotzen ikusi zuten asko gai ziren beren biloben urtebetetze egunarekin ez gogoratzeko, baina kantu honen letra ez zuten sekula ahaztu», gaineratzen zuen.
Colmenerok berak jarri zion letra (gaztelaniazkoa) kantuari; beranduago, Estanislao Urruzola Uxola idazle tolosarrak euskaratu zuen, inauterietako beste hainbat kanturekin batera. Honela zioen letrak: «Ortzadarrari umore on, beñe ez du falta, beti da on; porroian ardoa badago, beti da prest zurrutarako; txaranga eta gidariarekin, onena da beti; Tolosako Iñauterik, beti umore onakin».
FUTBOLAREKIN, ZORRETAN
Arco Iris, ordea, ez da aurtengo inauterietan brillantezko ezteiak betetzen dituen txaranga bakarra. Peña Alcoyano elkartearen txarangak ere 75 urte bete ditu. 1947an sortu zen Agrupacion Musical Alcoyano izenarekin. Zeru Txiki taberna zen bere egoitza, eta Migel Martinez izan zen lehen lehendakaria. Bere izenaren jatorria Alcoiko (Alacant, Valentzia) CD Alcoyano futbol taldeari zor dio.
Zenbait herritar gaztez osatutako kuadrilla bat txaranga bat osatu nahian hasi zen, baina ez zekiten zein izen eman taldeari. Kasualitatez, 1947an, Alcoyanok eta Realak elkarren aurka jokatu behar zuten partida baten bezperan, valentziarrek Tolosako Cielo Grande hotelean hartu zuten ostatu. Alcoyanoko jokalariek beren kamisetak garbitu eta Agintari kaleko balkoietan zintzilikatu zituzten, lehor zitezen. Bada, aipatutako gazte tolosar horiek, kamiseta haiek ikusi eta beren txarangari Alcoyano izena ematea erabaki zuten.
Horrela jaio zen bi herriren arteko erlazioa, elkarrengana hurbiltzeko saiakerak egin diren arren, jarraipen handirik izan ez duena, batez ere, bi herriak banatzen dituen distantzia fisikoagatik (700 kilometro). Txaranga sortu eta urte batzuetara, tolosarrek Mairuak eta Kristauak jaialdian jotzeko Valentziara bidaiatu zutenean egon ziren elkarrengandik gertuen.
Beranduago, Eibarrek eta Alcoyanok elkarren aurka jokatu zuten Bigarren Mailara igotzeko kanporaketa, eta Migel Angel Martinez (Migelen semea), orduko elkarteko lehendakaria, Eibarrera joan zen, futbol taldeko lehendakari Juan Serranorekin egoteko. Txarangaren zenbait liburu eta oroigarri eman zizkion, eta bere izenaren zergatia azaldu zion. Serranok futbol taldeko kamiseta bat oparitu zion Tolosako elkartearentzat, oraindik ere Martinezek maitasunez gordetzen duena.
Azken kontaktua, berriz, duela urtebete izan zuten, Alcoyanok Real Madril talde ahalguztiduna Errege Kopatik kanporatu ondoren. Migel Angelek, zorion mezua bidali zion gaur egun futbol taldeko lehendakaria den Toni Justiciari, eta honek eskerrak emanez erantzun zion.
ALCOIEN ARITZEA, AMETSA
Baina Alcoyano txarangak ez du futbolaz hitz egin nahi inauterietan; herria musikarekin alaitzea eta herritarrak jauzika eta dantzan jartzea du helburu. 80ko eta 90eko hamarkadetan 40 musikariz osatzen bazen ere (ia profesional izatera heldu zen), gaur egun 20 bat lagun ateratzen dira kalera Zaldunita egunean, Juanjo Tarragona zuzendari dutela.
1953an, lehen aldiz hartu zuten parte Gure Txokoa elkarteak Pazko egunean antolatzen zuen zekorketan. Txarangako musikariek zezen plazan eserita jotzea erabaki zuten, zekorrak bertan zenbiltzan bitartean. Lauzpabost urtez errepikatu zuten esperientzia, baina zenbaitetan ezbeharrak izan zituzten, eta alde batera uztea erabaki zuten, arriskutsua zelako.
Musikalki, talde ona kontsideratu izan zen lehen urteetan, umorea erabiliz, zaindutako eta landutako emanaldiak eskaintzen zituena. Zenbait bira egin zituzten, Espainia iparraldean edota Frantzia hegoaldean, baina batez ere, Euskal Herrian; «arrakastaz» ere hitz egin dute, zenbait herritan zuzendaria sorbaldan hartuta eraman izan dutelako. Martinezek, ordea, badu arantza bat: «Alcoien bertan aritzea falta izan zaigu. Handia litzateke ke amets hori betetzea».
«EZAGUNAGOA, GUGATIK»
Inoiz inork ez die Tolosako Alcoyano txarangako kideei ezer esan futbol talde baten izen bera izateagatik. «Hori bai, gaztelaniazko esaera batek dioena gogorarazten digute askok, Alcoyano taldeak berak baino kemen handiagoa dugula, alegia. Hala ere, bai Euskal Herrian, baita Espainiako zenbait herritan ere, Alcoyano ezagunagoa da txarangagatik, futbol taldeagatik baino».
Akaso kemen handiagoa ez, baina futbol taldeak baino diskografia oparoagoa izateaz harro egon daiteke Tolosako txaranga. 75 urteko ibilbidean, lau disko grabatu dituzte. Horrez gain, Alcoyano izeneko ereserkia dute; Migel Martinezek sortu zuen doinua, baita letra idatzi ere, eta honela dio: «Alcoyanokoak gara jauna, ardoa zahatoan edo porroian edaten dugu, eta edaten ez duenak ez du gozatzen. Edatea eta jotzea da gure lema; hori egiten ez duenak, ez du biziraungo bizitza honetan. Gozatzeko, zerbitzariak eskaintzen digun ardo on hau edan behar dugu».
SOINU FRESKODUN HAMABI KANTUZ OSATUTAKO LANA
75. urteurrena ospatzeko ekitaldien artean, disko bat kaleratu du Arco Iris txarangak. Auzolanean grabatu dute, lau talderen artean: 2006az geroztik elkartearekin harreman estua duen Sugarri txaranga, Inautessesions taldea, Hodeiertz abesbatzako kideak eta elkarteko boskote bat.
Hamabi kantuz osatutako lana da: lauk lotura zuzena dute elkartearekin, bi inauterietako errepertorio ofizialeko kantuak dira, jaietako beste hiru ere badira tartean; baita Izaskun elkartearen ereserkia ere, oraindik grabatu gabe zegoena.
«Soinu freskoa eta naturala du, inauteri kutsukoa, kalean entzuten dugunaren modukoa», esan dute elkartetik. Guztira, 1.000 ale kaleratu dituzte, eta Tolosako nahiz eskualdeko zenbait ostalaritza establezimendu nahiz saltokitan erosi daiteke.
ARCO IRIS ELKARTEAREN DISKO BERRIKO KANTUAK
- Arco iris.
- Irureta. Pedro Alejandro Irureta herriko margolariari eskainitako kalejira.
- Gure bigarren etxea. Joseba Apariciok elkartearen 75. urteurrenean (2014) egindako abestia.
- Don Crispin edo El Zapatero. Gaur egun oso gutxi entzuten da kalean, eta bere letrak gordetzen duen mezua garai bateko inauteri zaletasunaren lekuko da.
- Tolosarrak.
- Habanera 23.
- Izaskun.
- Migel Mari Iraola. Luis Angel Tarragonak elkartearen sortzaile eta txarangaren zuzendari izan zenari egindako habanera.
- Parrita. Inauterietako pasodoblea.
- Inpernu. Iaz, elkarteak Inpernu kalean estreinatu zuen egoitza berriaren omenez idatzitako kantua.
- Arko Iris. Juantxo Zeberiok egin duen elkarteko ereserkiaren moldaketa, Iñautesessions taldeak grabatua.
- Astelehenita. Juantxo Zeberiok Iñautesessions taldearentzat egindako kantua.