Azken momentuan antolatu behar izan dute guztia Kirikiño aisialdi taldekoek. Ez zuten ezer prestatuta, eta inauteriak egingo zirela jakitean bozketa bidez erabaki zuten atera edo ez. Pirataz jantzita aterako dira kalera.
Denborarik izan duzue prestatzeko?
Udalarekin egin genuen lehen bilera hartan inauteriak ez zirela esan ziguten. Gero aisialdi taldeak elkartu ginen, eta guk garbi genuen ez genuela ezer egingo. Ez ginen ezer prestatzen hasi, ezta gaia pentsatzen ere. Eta bat-batean inauteriak ospatuko zirela esan zigutenean, eta ikusita beste aisialdi taldeak ere mugitzen ari zirela, guk ere baiezkoa erabaki genuen.
Nola antolatu zarete bi aste hauetan?
Inauteriak egingo zirela jakitean, begirale bakoitzak bere bizitza du, eta online egin genuen lehen bilera. Bozkatu egin genuen zer egin, eta baiezkoa atera zen. Lanak banatu behar izan ditugu. Batzuk dantza sortu, besteak plataformarekin zer egin, gaia erabaki,...
Entsegurik egiteko aukerarik izan duzue?
Dantza eta koreografia grabatu egin ditugu, eta familiei bidali diegu umeek ikas dezaten. Eta ostiralean eta larunbatean egin genituen entseguak. Hor saiatu ginen guztia antolatzen.
Zertaz mozorrotuko zarete?
Pirataz mozorrotuko gara. Zabarra izan gabe, mozorro erraza izatea zen helburua. Bagenekien zein egoeratan geunden, eta kontziente ginen egoeraz eta ditugun errekurtsoez. Eta batez ere denboraz, eta baliabideak ikusita pirataz janztea erabaki genuen. Mozorro erraza da, eta Kirikiñotik ere mozorroak hautatzerakoan ideia material gutxi erabiltzea izaten da.
Zenbat laguneko taldea aterako zarete?
Kopuru zehatza ez dakit, baina jendea animatu da, eta taldea elkartuko gara. Umeen artean ere gogoa sentitzen nuen eta jakin-mina ere bai.
Gogotsu zaudete?
Ni behintzat bai. Begiraleen artean ezberdintasunak egon dira. Eta niri ere eromena iruditzen zitzaidan aste batean guztia egin beharra, baina behin eguna iritsita denok animatuko garela iruditzen zait.
Zein da gaurko plana?
Egunean zehar dantza egiten ibiliko gara. Elkarrekin bazkalduko dugu, eta gero zezenetara joaten gara. Aurten ez dakigu guztientzako sarrerak lortuko ditugun, eta horrela ez bada, ez gara sartuko. Eta arratsaldean berriz ere dantzatzen jarraitzen dugu. Ondoren, umeak joan egiten dira, eta begiraleok jarraitzen dugu dantzan.