Tolosako Kazkabarra taldea ezustean harrapatu bazuen ere azken erabakiak, denbora izan dute guztia antolatzeko.
Denborarik izan duzue prestatzeko?
Egunak gerturatzen ari zirela ikusita prestatzen hasi ginen baina ziurgabetasun handiarekin. Ez genekien seguru zer izango zen edo zer ez. Beste aisialdi taldeekin hitz egin genuen zerbait egin ahal izateko, eta bigarren urtez jarraian ezer egin gabe ez geratzeko, baina udaletik jaso genuen erantzuna inauteriak ez zirela egingo izan zen. Orduan, erdipurdiko zerbait egitea baino ezer ez egitea erabaki genuen. Eta gero inondik inora espero ez genuen aldaketa etorri zen, eta korrika eta presaka nahikoa hala moduz hasi ginen prestatzen.
Nola antolatu zarete?
Kanpotik ikusten ez diren gauzak nahikoa antzeko egin ditugu: karrozaren muntaketa, bozgorailuak lortu,... Aldaketarik handiena entseguena izan da. Urtero abendu amaiera aldera hasten gara entseguekin, eta aurten formatua aldatu dugu. Entsegu kopurua hirura murriztu da. Lehen zortzi edo egiten genituen. Partaide guztien artean dantzaren bideo bat zabaldu dugu, eta lehen entsegura ume guztiak etxean dantza ikasita etorri ziren. Denbora pila aurreztu dugu horrekin.
Zertaz mozorrotuko zarete?
Aurten ez dugu izan denborarik urtero moduan jostunekin mozorroa egiteko. Mozorrorako gai bat zehaztu dugu, eta haur bakoitza ahal duen neurrian egokitu beharko da. Begiraleak margolariz jantziko gara, eta haurrak kolorez edo pinturaz jantziko dira. Ume bakoitzari kolore bat egokitu zaio ilararen arabera, eta kolore hortaz jantziko da.
Zenbat laguneko taldea aterako zarete?
Ez gaude ziur errekorra egin dugun edo ez, baina azken urteetako kopururik altuena lortu dugu. 590 partaide izango gara. Oso-oso erantzun ona jaso dugu. Umeei azken bi urte hauetan gauza asko murriztu zaizkie, eta orain aukera dutenean denera apuntatzen dira. Beharra dutela ikusten da.
Gogotsu zaudete?
Bai. Inoiz baino gehiago esango nuke. Jendea gogo askorekin dago.
Zein da gaurko plana?
Urterokoa izango da. 11:00etan dantza egiten hasiko gara. Aurten hainbeste garenez leku finko batean jartzeko aukera eman zaigu, eta goiz osoan San Frantzisko elizatik Fronton kafetegi parerainoko tartean egongo gara. Eta ahalik eta dantza gehiena egingo dugu jendeak ikusi ahal izateko. Bazkaltzeko tartea izango dugu, eta zezen plazara joango gara. Ondoren, merienda egin eta arratsaldean ere zubi berria aldera jaitsi eta dantzan ariko gara.