Luis Ceberio Larrarte (Tolosa, 1935) izan zen agian Tolosako inauterietan konpartsa batean euskaraz kantatzen lehen pertsona. 1973an izan zen, Gure Kaiola elkarteak ateratako Cabaret karrozan. Bere kasa atera da gehiagotan eta sokamuturra, Alborada eta Diana ditu gustukoak. Kalejiretan saltoka egiteko modua ez errespetatzeaz kexatu da, Luis Ceberio Larrate inauterizalea.
Gure Kaiola elkarteak karroza eta konpartsa ugari atera izan ditu bere historian zehar, baina zu ez zara elkartekoa. Nola sortu zitzaizun bere konpartsan parte hartzeko aukera?
Jose Ramon Garikano laguna etorri zitzaidan etxera proposatuz, hizkuntza desberdinak zekizkien pertsona bat behar zutelako. Zazpi urte izan nintzen Ingalaterran eta Alemanian hizkuntzak ikasten eta nire lanbidea hori izan da, itzultzailea, Winkler enpresan 36 urtez eta beste enpresa batzuentzat ere egin izan ditut itzulpenak, gehienbat alemanetik.
Zein izan zen konpartsa?
Aurreko urtean arrakasta handia izan zuen Cabaret filmari buruzkoa, Bob Fosse zuzendaria eta protagonista nagusia Liza Minnelli zuena. Zortzi Oscar sari irabazi zituen eta polemika handia piztu zuen. 1973ko Inauterietan izan zen. Plataformaren gainean musikariak gindoazen: Luis Mari Gartzia Artetxe klarinetearekin, Poli Aierbe akordeoian, Jose Ramon Garikano perkusioan (dozena bat makil hautsiko zituen!), gogoan ez ditudan beste bi instrumentista eta ni kantari. Pelikulako abestiak kantatzen nituen alemanez, frantsesez eta ingelesez eta lurrean dantzariek dantza egiten zuten: Txetxo Gaztañaga, Mitxel Perales, Santi Larrarte, Peciña, Mantxi...
Nolakoak izan ziren prestaketak?
Anoetako garaje batean entseatzen genuen egunero, hilabete osoz, asteburua izan ezik, eta nahiko berandu, gauez. Izugarri gogorra izan zen. Gure Kaiolakoak oso diziplinatuak ziren horretarako. Jantziak guk egin genituen, garestiak, gure poltsikotik ordainduta. Kontxu Ibarrolaburuk orraztu eta makilatu ninduen. Ederki prestatu genuen. Arazo latza nuen: protagonista nintzen, baina pelikula ikusi gabea nuen. Gainontzekoek ikusita zuten. Inauteriak pasatu ondoren bota zuten Leidorren eta orduan ikusi nuen. Emaztea eta biok lotsatuta egon ginen butaka azpian ezkutatuta.
Iritsi zen Zaldunita eta kalera atera zineten.
Leidor aretoko atzealdetik atera ginen San Frantzisko pasealekura. Arrakasta handia izan genuen. Megafonia aparatu izugarri ona genuen. Emanaldien artean Inauterik diralako abesten genuen euskaraz eta eromena izaten zen, jende olatuak sortzen ziren. Arduradunek gelditzeko esaten ziguten, jendea lasaitzeko.
Zein da abesti hori?
Urte batzuk lehenago Vienako Haur Kantarien konpartsa atera genuen Jose Ramon Garikanok, Nekane Karrerak eta hiruok ume mordo batekin. Horretarako Estanis Urruzola Uxolak abesti ezagun baten letra zati bat euskaratu zigun: «Inauterik, inauterik, inauterik diralako, herri guztia poz gaietan ibiltzen gara guztiok». Hori bakarrik zen, baina doinua oso ezaguna zen.
Konpartsa bateko megafonian lehen aldiz euskaraz entzun zen abestia izango zen.
Baliteke. Ez dakit ziur. Orduan dena gazteleraz egiten zen normalean. Hori baino lehenago, adibidez, Kabi Alai txarangak Trilingüe pieza atera zuen euskaraz, gazteleraz eta frantsesez abestuz. Baina horrelako gauza solteak bakarrik zeuden.
Esperientzia polita, beraz.
Bai, oso ondo atera zen Cabaret konpartsa. Leher eginda bukatu genuen. Elkartean bazkaldu eta postrerik gabe zezenetara joan ginen, han aritu eta gero jarraitzeko.
Karroza edo konpartsa gehiagotan atera izan zara?
Beste behin atera nintzen Gure Kaiolakoekin, baina ez zen ondo atera eta ez naiz ondo gogoratzen. Ileorde handi batzuk genituela gogoratzen dut bakarrik. Nire kontura atera izan naiz batzuetan. Behin Izaskungo izebak utzitako asto zuriarekin atera nintzen Platero y yo bezala. Batzuetan beroki bat eta ileorde zikin batekin ere bai.
Txikitan nola bizitzen zenituzten Inauteriak?
Etxean ez ziren oso inauterizaleak. Sokamuturra ikustera eta txarangarekin saltoka ibiltzen ginen, hori bai. Anaia Jose Miguel zezenzalea zen. Zeru Haundi hotelean jaio ginen, kale Nagusia eta Agintari kalearen artean, eta han inguruan elkarte asko zeuden: Kabila, Arco Iris, Kabi Alai… Giro ederra sortzen zen. Baina lan gogorra izaten zen Inauterietan gurasoentzat eta laguntzen aritzen ginen senideentzat. Aitak bi sukaldari ekartzen zituen, horietako bat gero famatua izan zen Luis Irizar. Jende asko izaten zen hotelean bazkaltzen eta afaltzen, txanda hartzeko zain egoten ziren, bertakoa eta kanpotik inauterietara etorritakoa.
Musikaria eta musikazalea zara. Nolakoa da inauterietako musika?
Inazio Mokoroarekin eta Izurriaga frantziskotarrarekin ikasi nuen pianoa, baina ikasle txarrak ginen, beti pilotan aritzen ginen Santa Mariako txoko guztietan. Abesbatzen munduan murgilduta egon naiz bizitza osoan. Harrituta gelditzen naiz Inauterietan zenbat diru gastatzen den txarangetan. Txarangarik gabe Inauteriek ez dute ezer balio. Beste herrietan oso txaranga txarrak ikusten dira, kartoizko instrumentuekin eta horrela. Gureak hankak mugitzeko primerako piezak dira: Alboradako doinuak (askotan joan naiz), Arco Iris, errepertorioko denak… Habanerak politak dira, baina tristeak.
Dianara joaten al zinen?
Bai, baina ez zen orain bezala, askoz ere apalagoa baizik. Normal jantzita joaten ginen. Eta behin zortzi lagun bakarrik izan ginela gogoan dut: Xabier eta Jose Ramon Garikano, Miguel Mari Bello, Manolo Alonso, ni… Zer poza! Banda guztia guretzat!
Eta kalejirak?
Hori konpontzeko interes gutxi du udalak. Nire familiak asko sufritzen du, alemanak bezala dira: saltoka aurrera eta atzera egin behar da, doinuaren arabera, eta jendeak ez du hori errespetatzen orain, bakoitza bere gisa ibiltzen da.