Denbora nahikorik ez, eta aurreko urteetako mozorroak jantzita aterako dira Ttenttek aisialdi taldekoak kalera.
Denborarik izan duzue prestatzeko?
Denbora justua izan dugu. Ez dira ohiko inauteriak izango, moldatu egin behar izan dugulako, baina ateratzeko prest gaude.
Nola antolatu zarete?
Inauteriak ez zirela ospatuko esan zenean, bilera bat egin genuen eta ezezkoarekin geratu ginen buruan. Duela aste pare bat, ostegun batez jakin genuen ospatuko zirela. Ostiralean abisua jaso genuen hurrengo astelehenean bilera izango genuela udalekoekin. Buruan bagenuen zerbait pentsatuta, baina astelehen gauean hasi ginen guztia antolatzen.
Entseguak egiteko ere estu ibili zarete?
Entsegurik ez dugu egin. Denbora gutxiegi genuen prestatzeko. Gure dantza abenduko zubian prestatzen dugu, eta behin muntatuta, astebururo elkartzen gara entseguak egiteko. Aurten, hain denbora gutxirekin, koreografia finkorik gabe aterako gara kalera. Denok dakizkigun dantzak egingo ditugu, Macarena eta horrelakoak. Taldeko guztiak elkartzeko ere ez zegoen erraza: gehienak gurasoak dira eta ezin izan gara moldatu.
Zertaz mozorrotuko zarete?
Iaz, gure aisialdi taldeak 40 urte beteko zituen, eta ez zen inauteririk ospatu. Beraz, 40+1. urteurrena aurten ospatuko dugu, eta azken urteetako mozorroak aterako ditugu. Bakoitzak nahi duena ekarriko du, edo behintzat etxean gordeta duena.
Zein da gaurko plana?
Azken momentura arte ez dugu jakin mugimenduan edo geldirik arituko garen. Goizean San Frantzisko pasealekuan izango gara, eta arratsaldez Nafarroa Etorbidean. Maskarak jarri eta distantziak mantentzeko eskatu digute; ahal dena egingo dugu.
Lehenago elkartu eta entsegurik egitea aurreikusi duzue?
Berez 11:00etan hasiko gara eta 10:30ean elkartuko gara San Frantzisko alboan. Aurretik bilera bat egin dugu apuntatu den jende guztiarekin, azalpenak emateko, bai egunaren inguruan, bai neurrien inguruan, eta gaur bertan jakinaraziko dizkiegu azken neurriak.
Zenbat laguneko taldea aterako zarete?
50 inguru izango gara. Gutxi gorabehera talde erdia aterako gara aurten.
Animo aldetik nola zaudete?
Oso gogotsu gaude. Inauteri batzuk galdu ondoren, berriro ateratzeko gogoarekin gaude. Gauza sinpleak eginez, disfrutatzera aterako gara eta besteei disfrutaraztea.