«Desfilea Tolosan egiten ez bazen, Ibarran egitea pentsatzen genuen»

Ataria 2022ko ots. 28a, 07:57

Familia hondartzan irudikatuko du aurten Txiribitu aisialdi taldeak eta marmoka eta soroslea ere bertan izango dira. Horixe kontatu du Iraia Sanchez Txiribituko kideak. Urte hasieratik aritu dira entseguak egiten, badaezpada, eta prest harrapatu ditu inauteriak.

Ibarrako Txiribitu aisialdi taldekoak inauteriak ospatu edo ez, entseguak egiten aritu dira urtarrila hasieratik, beraz, Iraia Sanchez kideak azaldu duenez, "gehiena prestatuta" dute gaurko.

Denborarik izan duzue prestatzeko?

Tolosan inauteriak ospatuko ez baziren ere Ibarran ateratzea aurreikusita geneukan lehen momentutik. Zerbait egitea pentsatzen genuen, beraz, urtero bezala entseguekin hasita geunden. Bi aste falta zirela, Tolosan inauteriak egingo zirela jakin genuen eta ezustekoa izan zen guretzat. Atzeko lan hori aurreratuta genuen, behintzat.

Badaezpada, beraz, lanean aritu zarete aurrez.

Desfilea Tolosan egiten ez bazen, Ibarran egitea pentsatuta genuen, haurrei aukera emateko, urtero bezala, egun berezi hori bizitzeko.

Nola joan dira prestaketak?

Urtarrila hasieran elkartzen hasi ginen eta larunbatero elkartzen gara, plazan bertan. 

Zein izango da aurtengo mozorroa?

Familia hondartzan mozorroa pentsatu dugu. Batzuk amonaz, besteak haurrez, familia bat osatuko dugu, eta gero marmoka eta soroslea ere hor izango dira. Aspalditik geneukan mozorro hori buruan, eta aurten iritsi da eguna. Beti jostun berberarekin osatzen ditugu mozorroak, eta aurten ere berarekin aritu gara. Gero osagarriak aparte erosi ditugu. 

Nolako dantza prestatu duzue?

Egia esan urtero nahiko antzekoa egiten dugu. Betiko pausoak sartzen ditugu, ordenez aldatuta. Hala ere, pauso berri batzuk urtero sartzen ditugu. Haurrek erraz ikasteko, ordea, orokorrean pauso nahiko oinarrizkoak izaten dira. 

Neurriak direla eta, normaltasunez arituko zarete?

Betiko lekuan arituko gara, San Frantzisko pasealekuan. Azken orduan nahiko erotuta ibili gara, Whatsappez guztia erabakitzen, ea mugituz, ea geldirik egon behar ote genuen, eta eromena izan da. Egunean bertan, ordea, lehenago geratuko gara gauzak ondo ixteko.

Zuek, gainera, Ibarratik oinez joango zarete Tolosara. 

Ibarran azken entsegua egiten dugu goizean, eta gero Tolosara jaisten gara guztiak taldean. 

Zenbat lagun elkartu zarete?

Aurten 185 pertsona ibiliko gara guztira. Beste urteetako antzera izango gara. Egia esan, hasi ginen urtetik gorakada izan du taldeak, baina azken urteetan kopuru antzekoetan mugitu gara. 

Animo aldetik, nola zaudete?

Ba gogoz gaude. Urtebete inauteriak ospatu gabe egon eta gero, haurrak zein begiraleak gogotsu gaude. Ez dakit bietatik nor dagoen gogo gehiagorekin. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!