Atzo goizean uhinen bidez jaso zuen Ataria Irratiak txupinazoa bera, aurrekoa eta ondorena. Goizean goizetik, mikrofonoa eskuan, kaleko ahotsak, zarata eta musika harrapatu ziren 107.6an.
Lasai hasi zen goiza, jendearen joan-etorri pausatuarekin. Erosketa bat hemen eta kafe bat han. Baina berehala hasi ziren dezibelioak gora eta gora, bereziki Plaza Zahar inguruan, jendea gerturatu ahala.
Eta tabernariak prestaketa lanetan. Zartaginak sutan eta txistorrez beteta, suziria lehertu ondorengo jendetzari tragoarekin batera mokadua eskaintzeko. Eta txarangetako musikariak ere instrumentuak besapean zituztela, behatzak berotu eta jotzeko prest.
Izan zen Ataria Irratiko mikrofonoa ikusi eta korrika urrundu zenik, baina benetako inauterizaleek bazuten zer kontatua, bazuten barruan zuten ilusio hori benetan kanporatzeko beharra. Eta zer hoberik herriari kontatzea baino.
Urtebeteko hutsunea betetzeko "beharra" aipatu zuten batek baino gehiagok. Iazkoaren faltan "gogo bikoitza" nabarmendu zuten beste hainbatek. Eta azken bi asteetan guztia prest izateko egindako ahaleginak ere jardun ziren, nola txarangakoak, hala txistulari zein tabernariak.
Suziria zuzen-zuzenean uhinek jaso zuten bezala jasoko dugu Zaldunita, Astelenita eta Asteartitan kaleko giroa. Ataria Irratia kalean izango delako egun horietan, 10:00etatik 14:00etara.
XABIER IZAGIRRE, XIRIMIRI KAFETEGIA
«Hamabost egun izan ditugu guztia prestatzeko eta korrika eta presaka ibili gara»
Iritsi da Ostegu Gizena. Festarako tarterik hartuko duzu?
Lana eta lana daukat buruan, deskantsatu eta berriro lanera.
Nola joan dira prestaketak?
Korrika eta presaka, ez genuen horrelakorik espero. Edariak, langileak, dena prestatu behar izaten da. 15 egun izan ditugu eta korrika aritu gara. 30 urte egin behar ditut hemen eta badut esperientzia, baina inoiz ez duzu jakiten nola joango den gauza.
Ze ordutegi duzue?
Goizean gosarietarako irekitzen dugu eta 15:00ak aldera ixten dugu. Gero 18:00ak aldera berriro ireki eta gauerdian itxi arte.
Txistorra prest duzu?
Aurten bikoitza atera beharko dugu, iazkoa eta gero. 20 kilo prestatu ditut denentzat.
KIKE CEA, KABI ALAI TXARANGAKO ZUZENDARIA
«Adin bat badut, baina bihotza gaztea daukat eta emozio ugari sentitzen ditut»
Emozio handiko inauteriak dituzue aurretik?
Duela gutxira arte ez genuen horrelakorik pentsatzen. Eta hamar egunetan begira zer egin dugun.
Txarangako zuzendaria izanik, nola igaro dituzue azken egunak?
Eromena izan da. Baina denen artean lortu dugu, tolosarrak horrelakoak gara.
Iazkoa eta gero, ilusio bikoitza duzue aurten?
Gogo izugarria daukagu, bikoiztuta ditugu sentimenduak.
Tximeletak dituzu oraindik sabelean?
Adin bat badut, baina bihotza gaztea daukat eta urduritasun eta emozio ugari sentitzen ari naiz gaur.
ION GARMENDIA (ezkerrean), UDAL TXISTULARI BANDAKO KIDEA
«Suziria bota baino hiru ordu laurden lehenago abisua pasatzen dugu»
Ze plan duzu gaurko?
Txistua jotzea aspaldiko partez.
Txupinazo aurretik hasten zarete jotzen.
Aurretik Zortzikoa jotzen dugu, eta igandean egiten dugun ibilbidea osatzen dugu Alde Zaharrean.
Suziria plazan ikusten duzue?
Lehen beranduago hasten ginen, baina azken urteetan, 11:30ak alderako plaza nola egoten den ikusita, ordua aurreratu genuen.
Behin plazatik aterata zer?
Suziriak gehiago alaituko ditu bizilagunak, baina guk hiru ordu laurden lehenago abisua pasatzen diegu kalejira eginez.
Ze emanaldi dituzue aurretik?
Bihar txistuko ikasleekin kalejira daukagu. Igandean diana eta zezenak, eta asteartean alborada eta zezenak izango ditugu.