Eromena. Poza. Ilusioa. Gogoa. Nahia. Beharra. Guztiak batu ditu 2022ko Tolosako inauterien hasierak. Tolosako Plaza Zaharra jendez gainezka zen eguerdirako. Guztiak zain, Kabia Alai elkarteko ordezkariak agertu, udaletxera igo eta pregoiari ekiteko.
Bi urte gogorrei amaiera eman nahi izan diete aurtengo inauteriekin. Koronabirusa presente izan da txupinazoan: testak, indizea, pasaportea, musukoa,... Iñigo Urkullu lehendakariak berak deitu du Tolosara kontuak eskatzeko. Deiaren aurrean balkoitik isiltasuna eskatu badute ere, jendeak zarata handiagoa ateraz erantzun du. Zazpigarren olatua surfeatzen jakin dute tolosarrek Plaza Zaharrean.
Kontuan hartuta inauteriak egitea duela bi aste erabaki zutela, eta antolatzeko denbora gutxi izan dutela tarteko, aurtengoan ezin izan dute Kabi Alai Kuttuna aukeratu. Tolosako Udalak, ordea, omenaldia egin dio Imanol Rojo eskiatzaileari. Festa lehertu aurretik, Neguko Olinpiar Jokoetan parte hartu duen eskiatzailea Olatz Peon alkatea alboan duela udaletxeko balkoira irten da. Herritar guztien txalo zaparrada jaso du kirolariak.
Neska kuadrilla
Kabi Alai elkartearen aldetik Tolosa herria eta tolosarrak izan dira omenduak. Hori horrela, suziria botatzeko ohorea neska gazte kuadrilla batek izan du. Plaza Zaharren elkartu den jende pilaren artetik aukeratu dute suziriari su emango zion jendea. Pilota batzuk jaurti dituzte, eta Kabi Alai izena zuen pilota hartutako taldea izan da zorteduna.
Balkoira igo, eta oihu egin dute: Gora inauteriak, gora Ostegun Gizen, gora Kabi Alai eta gora Tolosa. Suziriari sua eman eta lehertzearekin batera hasi da festa. Kabi Alai txarangaren lehen soinu erritmoekin batera hasi da jaia.
Eromena eta dantza. Salto eta kantu artean, plaza guztia dantzan jarri da. Jarraian, eta txaranga doinuei jarraituz Plaza Zaharra usten hasi da, eta festa Alde Zaharreko kaleetan zabaltzen joan da. Kabi Alai txarangaz gain, Pintxana txarangak ere Alde Zaharreko kaleak alaitu ditu, eta lagun artean ondo pasatzeko aukera ireki da.