Inoizko berezienak izango dira gaur hasten diren inauteriak. Aurten ere ez zirela izango uste zenean, hamar egunen faltan egitea erabaki zen, beraz denbora gutxi egon da guztia prestatzeko. Duela bi urteko inauteriak izan ziren pandemia aurreko azken festak, eta osasun egoera baretuta, ia neurririk gabeko lehendabiziko jaiak izango dira. Ez dira ohiko inauteriak izango, baina, herritarrak inoiz baino gogotsuago nabari dira. Inauteri nahia dago.
Bada, inauteri berezi hauetan ere, TOLOSALDEKO ATARIA-k jarraipen berezia egingo du, festa lehertzen den lehen unetik. Ataria Irratiak Pasahitza saio berezia egingo du, Plaza Zaharretik txupinazoaren unea zuzenean eskainiz, eta Zaldunitan, Astelenitan eta Asteartitan Fronton kafetegiko terrazatik bertatik egingo da irratsaioa, kalean gertatzen dena nahiz protagonisten ahotsak bilduz.
Ataria.eus-en inauterietako ekitaldi guztien bildumaz gozatu ahalko da, gertatu ahala. Inauterizaleen hitzak, argazkiak, bideoak, denetarik izango da gaur hasi eta Asteartita bitarte. Egunkariari dagokionez, ale bereziak banatuko ditu ATARIAK. Hala, bihar egunkaria argitaratuko du, Ostegun Gizenak emandakoa jasoz, Astelenitan 16 orrialdeko egunkari berezia jasoko dute harpidedunek eta baita tolosarrek ere banaketa berezia egingo baita, eta Asteartitan eta asteazkenean ere egunkaria izango da. Euskarri desberdinetan, beraz, inauteri bereziek utzitakoa jarraitu ahalko da.
MOZORRO LEHIAKETA
Aurten ere inauterietako argazkiekin Mozorro festa antolatu du ATARIAK. Mozorrotutako argazkiekin parte hartu ahalko dute eskualdeko herritarrek, Ataria.eus-en dagoen atal berezira argazkiak igota. Martxoaren 2a izango da parte hartzeko azken eguna, eta zozketan irabazle denak lau pertsonarentzako otordu bat jasoko du Tolosako Isastegi Sagardotegian eta Atarikideen artean eginiko zozketan irabazle suertatzen denak, berriz, Amasa-Villabonako Panttako produktuez osaturiko saskia.
INAUTERI TRIVIALA
Inauterietako Trivialean jolasteko aukera ere izango da gaurtik Asteartitara. ATARIAK inauterien inguruko galderak egingo ditu egunero Instagram bitartez. Galdera horiek inauterietako ohiturei buruzkoak, bitxikerien ingurukoak, edota historiari buruzkoak izango dira. Eta kasu honetan ere, sariak eskuratu ahalko dituzte parte hartzaileek. Hiru irabazle egongo dira, eta Tolosako 3 tabernako bina pizza jasoko dituzte. Beraz, animatu eta parte hartu!