Azkenak, eta lehenak

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko ots. 24a, 08:01

12:00etan lehertuko da Tolosako Inauterien hasiera iragarriko duen suziria; bi urteko geldialdi luzearen ostean, badator jai giro handiko sei eguneko maratoia.

Inauteriak zerbait badira, festa herrikoiak direla dio tolosar ugarik. Aurtengoak akaso ez dira inoizko herrikoienak izango, baina bai oso bereziak. Iazko etenaldiaren ondoren, bueltan da trapu zaharrak eta txilabak hartu, kalera irten eta txarangen atzetik saltoka nahiz lagunartean etenik izango ez duten festez gozatzeko ilusioa. Euskal Herriko azken jai ofizialak izan ziren 2020an; aurten, ohi bezala ospatuko diren lehenak izango dira.

«Ez dago atzera bueltarik». Kilo dendako Edorta Jauregik argi eta garbi du. Inauterien atarian, Tolosan erreferentziazko denda izan ohi da Kilo. Balkoi nahiz karrozetarako kolore guztietako telak saltzeaz gain, txilabak konpontzen aritu dira azken asteetan. «Herritarrek bi urtez ez dituzte erabili, eta orain, txiki geratu zaizkie askori».

Hain justu, azken urteetan, berrindartu egin da txilabaren erabilera, batez ere, herritar gazteen artean. «Tolosako inauterietako sinbolo nagusietako bat da», esan du Maritxu dendako Maria Apalategi jostunak. «Aurten, 200 txilaba inguru saldu ditut, eta beraz, beste urte batez, protagonismo handia izango dute. Azken asteetako mugimendua ikusita, herria kolorez beteta ikusteko gogoa eta esperantza dut», gaineratu du. Iaz bezala, txilabak egiteko telarekin egindako maskarak oparitzen aritu da herritarrei, soinean ez ezik, aurpegian ere elementu koloretsu bat jantzita eraman dezaten.

Kilo dendaren kasuan ere, mugimendu handia nabaritu dute txilaben kasuan. «Herria koloretsu egongo da gaurtik aurrera», aipatu du Jauregik. «Bitxikeria modura, gazteek txilaba klasikoak janzteko hautua egin dute azken urteetan, hala nola, forma geometrikoak dituztenak edo marradunak. Hortaz, baliteke protagonismo handia izatea, baita hurrengo egunetan ere, herritar askok ez dutelako mozorroa prestatzeko astirik izan». Hala ere, era guztietako mozorroak ikusi ahal izango ditugula nabarmendu du Kilo dendako jabeak: «Etxean dituzten trapu zaharrak aterako dituzte, pixka bat moldatuta. Tolosarrak ezin hobeak gara azken orduko mozorroak prestatzen».

Bezeroak, atean zain

Bai Jauregik, baita Apalategik ere, herritarrak animoz gainezka daudela nabaritu dute azken egunetan. Etxe askotako balkoiak apainduta daude jada, eta bada lan horiek gaur goizerako utzi dituenik ere. «Beharra genuen kalera mozorrotuta atera eta festak behar bezala ospatzeko».

Duela bi aste, mezu festa handia izan zen tolosar askoren mugikorretako WhatsAppean; orduan eman zuten jakitera inauteriak antolatu eta aurrera eramateko prest azaldu zela udala. Bada, hurrengo egunean, denda irekitzera joan zenean, atean zain zituen bezeroak Jauregik. «Gehienak, txarangetarako jantziak konpondu edo moldatzeko beharrarekin etorri ziren. Gutxitan sentitu izan dut orduan bezainbesteko gogoa eta ilusioa lanerako».

Azken unean antolatu beharreko festak izango dira aurtengoak. «Ahal dugun bezala ari gara lanean, egunero, etenik gabe; azken asteak erotzeko modukoak izaten ari dira», esan du Jauregik. Lanerako denbora faltagatik, eta eskaera handiak egiteko astirik ez zutenez, bai batak zein besteak, herritar askori eman behar izan die ezezkoa, batez ere konponketa lanak egiteko eskaerak egin dituztenei. «Hala ere, inauteriak ofizial egin aurretik, herritar eta kuadrilla batzuk balkoiak atontzeko eta txilabak janzteko asmoz etorri ziren dendara», azaldu du Jauregik.

Ia harrapatu ditu zezenak

Jostunak aritu dira azken egunetan txilabak eta mozorroak prestatzen. Aldi berean, herritarrak karrozak eta konpartsak antolatzen aritu dira, eta ari dira oraindik ere. Bellota pabiloian daude kalera aterako diren karroza gehienak; bakarren batek itxura ederra zuen atzo, eta beraz, herritarrek joko handia eman dezaketen mozorroak prestatu dituztela aurreikusi daiteke.

Eloy Iglesiasek eta bere kuadrillak zezen plaza itxura eman diote beren karrozari, toreatzailez mozorrotuko baitira; zezen festa San Frantzisko pasealekura eramatea izango da beraien asmoa. «Hamar egunetan prestatu ditugu mozorroak, karroza eta dantza nahiz antzerkia uztartuko dituen emanaldia». Datozen egunetan emango dizkiote azken ukituak karrozari. Aurrez, ordea, gaurko eguna behar bezala aprobetxatu nahi dute. «Ostegun Gizena sakratua da», azpimarratu du Iglesiasek.

Kuadrillan ia 30 lagun badira ere, ikasketa eta lan kontuak medio, 24 lagun elkartuko dira Zaldunitan eta Asteartitan. Argi dute zein den lehentasuna: gozatzea. «Zirraraz beteriko egunak datoz aurretik, eta gogotsu gaude, inauteriei, eta batez ere herriari, alaitasun apur bat transmititzeko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!