21 domina Euskal Herriko Txapelketan

Ataria 2022ko ots. 23a, 07:58

Tolosaldea IKTko 4x100 metro estiloko laukotea, podiumeko lehen postuan. OIER TEJERIA

Euskal Herriko infantil mailako igeriketa txapelketa izan da jokoan asteburu osoan Tolosako Usabal igerilekuan.

Tolosaldea IKT taldeko 11 igerilari izan dira bertan parte hartzen eta guztira 21 domina lortu dituzte. «Oso pozik gaude. Asteburu borobila izan da. Oso jende gaztearekin egin dugu igeri, gehientsuenentzat lehenengo aldia zen Euskal Herriko txapelketan parte hartzen, infantilak direlako», azaldu du Nerea Pagola entrenatzaileak. «Igerilari guztiek salto handia eman dute: Gipuzkoako Txapelketan jauzi bat eman zuten, eta orain Euskal Herrikoan beste bat eman dute».

Nahia Garrido, Irene Sagarna, Izaro Urkola, Malen Zubeldia, Mattin Zubeldia, Uhaitz Aranbarri, Markel Zaldua, Leire Prados, Enara Zubillaga, Enara Urizar eta Saioa Urdangarin izan dira asteburuan igeri egin dutenak.

Nabarmentzeko markak Nahia Garridok eta Mattin Zubeldiak egin zituzten. Garrido goi mailan aritzen da bizkarreko probetan, baina beste proba batzuetan lehiatu zen banaka egindakoetan. 4x100 metro estiloko proban, ordea, berak egin zuen 100 metro bizkarreko txanda, eta 15 urteko adinean Euskadiko marka berria ezarri zuen 1.01,09ko denborarekin. Zubeldiak 100 metro bizkar estiloan 57 segundo egin zituen eta 200 metro bizkarrean 2.05. «Espainiako sailkapena hartuz gero, aurrenekoetan dago», zehaztu du Pagolak. Bi igerilariek infantil mailako Espainiako Txapelketan parte hartuko dute, eta aurreneko postuetan lehiatzeko aukerekin.

Asteburuan ere nesken erreleboak oso txukun aritu ziren. Igande goizean 4x100 metro estilo librekoan bigarren postua lortu zuten, eta 4x100 metro estiloko proban lehen postua lortu zuten. Bi errelebo horiek ere parte hartuko dute infantil mailako Espainiako Txapelketan. Hain justu, taldeak izango duen hurrengo erronka txapelketa hori izango da, eta martxoaren 10etik 13ra egingo da.

Martxoan ere, 19an eta 20an, Euskal Herriko absolutu eta junior mailako txapelketa izango dute, Gasteizen. Maila horretako igerilariek Espainiako Open Txapelketa izango dute, apirilaren 10etik 13ra, eta taldeko zenbait igerilarirentzat lehiaketa hori izango da denboraldiaren zati honetako erronka nagusiena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!