Inauteriak azkenekoz iragarriko ditu Tomas Hernandezen kartelak

Ataria 2022ko ots. 16a, 19:59

Tolosako herriaren izenean esker ona adierazteko oroigarri bat eman zaio gaur eguerdian Hernandezen sendiari; iaz zendu zen, beraz, azken kartela izango da aurtengoa.

Urte amaieran hil zen Tomas Hernandez Mendizabal margolari, eskultore eta kartelgile donostiarra. Berak eginak dira 1969tik 2022ra bitarteko inauterietako kartel ofizial guztiak. Urte luzez hartutako lana eskertzeko, Tolosako Udalak, Tolosako herriaren izenean, oroigarri bat eman die Hernandezen familiari.  

Olatz Peon Tolosako alkateak esan duenez, kartelak "eskuzabaltasunez" egin izan ditu beti Hernandezek, "inoiz inolako ordainik eskatu gabe, beti Tolosako herriarekin pentsatuz, tolosar bat gehiago izango balitza bezala". 

Bere ibilbidean egindako 54 kartelekin, inauteriei "ikusgarritasun itzela" eman diotela esan du alkateak. "Hainbeste urteren ondoren, artista donostiarrari esker esan daiteke Tolosako inauteriak irudi propioa duela, bere marka duela, izan ere, bazuen berezkoa zuen zerbait Hernandezek, artistarena. Eta jende gehienari edozein urte sasoitan eta edozein lekutan kartela ikusi eta Tolosa etorriko zaio gogora, Tolosako inauterien poza eta bizitasuna". 

54 urteko kolaborazioa amaitu den honetan, Tolosako Udalak gogoan izan du Hernandezek egindako "ibilbide oparo eta aberatsa", eta bide horretan, Tomas Hernandezen bi semeei, Aitorri eta Asierri, aitaren oroitzapena elkarbanatzeko oroigarri bana eman die alkateak, gainerako udal ordezkariekin batera. Gaur eguerdian egin dute omenaldi xume bat, zezen plaza aurrean. Oroigarri horretan, Hernandezek inauterietarako egindako lan guztiak bildu dituzte, 54 guztira. 

Peonek jakinarazi du aurten ere bere kartela izango dela inauteriak iragarriko dituena. Izan ere, hiltzerako entregatuta utzi zuen 2022ko kartela eta inauteriak amaitu arte, Tolosako komertzio eta kaleetan ikusi ahalko da. Hurrengo urtean ez da Hernandezen kartelik izango, azkena izango delako aurtengoa, eta inauterien kartelgintzari dagokionez, aro bat amaitu eta berri bat irekiko dela gogorarazi du alkateak. 

«Maitasun istorioa»

Hernandezek Tolosarekin harreman estua zuela ere kontatu du Peonek. Eta artistaren seme Asierrek esan du bere aitaren kartelek "54 urteko maitasun istorio bat"  islatzen duela, "Tolosako inauteriekiko eta Tolosako herriarekiko". 

Irutxuloko Hitzak 2020an elkarrizketatu zuen Hernandez eta aitortu zuen Antxon Elosegi Tolosako Ekimen eta Turismo Zentroko sortzaileak animatu zuela Tolosako inauterietako kartelak egitera. Gaurko ekitaldian bertan izan da Elosegi: "Gizon ona, lagun ona, artista bikaina zen Hernandez. Ilusio handia zuen beti zerbait egiteko, eta beti zegoen laguntzeko prest. Pena daukat aurtengo inauterietan egongo ez delako, noizean behin etortzen zelako Kabila elkartekoekin inauterietara". 

Erlazionatuak

Guztietan azkena

Ataria 2022 ots 16 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!