Asuncion ospitaleari buruzko informazioa eskatu diote Osasun Sailari

Tolosaldeko Ataria 2022ko ots. 14a, 12:16

EH Bilduk Asuncion ospitalearen egoeraren inguruko informazioa eskatu dio Osasun Sailari, "herritarrek kalitatezko osasun arreta jasotzen dutela bermatzeko helburuarekin".

EH Bilduko legebiltzarkide diren Ibai Iriartek eta Rebeka Uberak agerraldia egin dute Tolosako Asuncion atarian. «Azken urteetan, hemen hartutako zenbait neurrik eskaini beharreko zerbitzuak kaltetu ditu, eta ondorioz, Tolosaldeko herritarrek jaso beharreko osasun arretan eragin du», salatu dute. «Eskualde mailako zerbitzua eskaini behar duen klinika pribatu baten kudeaketaren ondorioa da. Barne Medikuntzako Unitatearen itxieraren ondoren, are larriagoa da egoera. Honek eragin zuzena du Osakidetzako gainerako zentroetan; pazienteak beste eskualdeetako erakundeetara ari dira joaten», esan du Uberak.

Bestetik, Iriartek gogoratu du Osasun Sailak «guztion dirua erabiliz» ekarpen bat egiten diola urtero Invizari, «gainerako eskualdeetako ospitale publikoen mailako zerbitzu bat ematearen truke». Abenduan onartu zutenaren arabera, hurrengo bi urteetan, 50,2 milioi eurokoa izango da ekarpen hori. «Urtean, 25 milioi euro baino gehiago ordainduko zaizkio gure poltsikotik klinikari, egunerokoan herritarren osasun arreta bermatzeko zailtasunak izan eta bigarren mailako zerbitzua eskaintzen ari den bitartean», salatu du.

Egoerarekin «kezkatuta» azaldu dira bi legebiltzarkideak. Ondorioz, kontratazioak arautzen dituen 77/1997 dekretua oinarri hartuta, informazioa eskatu dio EH Bilduk Osasun Sailari, «kontrastatu eta egoera bideratzeko». Lau puntutan banatu dute eskaera hori: Dekretuaren 3 eta 4 artikuluetan eskatzen duen homologazioa, azken bost urteetako kontuen balantzea eta inbertsioen zerrenda, epe berean kontratatutako langileen eta lanuzteen bilakaera, eta memorien, kexen, iradokizunen eta erantzunen txostenak. «Lehen aipatutako inbertsioa behar bezala kudeatu eta bideratzen dela kontrastatu eta kontrolatu beharra dago».

Amaitzeko, herritarrek kalitatezko osasun zerbitzua jasotzeko duten eskubidea bermatua izan dadin EH Bilduk lanean jarraituko duela aurreratu dute. «Osasun Sailaren aldetik, nabarmena da kontrol falta».

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!