Asuncioneko enpresa batzordeak (ELA eta LAB) agerraldia egin du goizean ospitaleko beste zerbitzu baten itxiera salatzeko. Hain justu, Barne Medikuntzako Unitatea desegin du ospitaleko zuzendaritzak. Langileek gogorarazi dutenez, azken hiru urteetan, Zainketa Intentsiboetako Unitatea, Anestesia eta Traumatologia zerbitzuak desegin ditu zuzendaritzak. "Zenbaitetan, profesionalen joan-etorria ikaragarria izaten da, eta Hematologia zerbitzurik gabe dago eskualdeko ospitale bezala funtzionatzen duen klinika, honek eragiten duen segurtasun faltarekin", gaineratu dute.
Hiru medikuk eta geriatra batek osatzen zuten Asuncion ospitaleko Barne Medikuntzako Unitatea. "Ospitalerako ezinbesteko zerbitzua ematen zuten, askotariko patologiak zituzten pazienteak artatzen baitziren. Hurbileko, eta tamainaz antzekoak diren beste ospitale batzuetan, Debagoienan esaterako, zazpi medikuk eta zerbitzuburuak osatzen dute". Orain, zerbitzu hori ixteak, zenbait ondorio ekarri dituela adierazi dute: "Zerbitzu honetako medikurik gabe, beste zerbitzuetako profesionalak ari dira hutsune hori betetzen, ez dagozkien lanak eginez eta euren zerbitzuen kalitatea gutxituz".
Zerbitzu hau desegitea salatzeaz gain, zenbait gogoeta plazaratu dituzte ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek. Batetik, ospitaleko zuzendaritzak bere interesen alde egin duela azaldu dute. "Pandemia garaian, osasun langileen beharra gorakada nabarmena izaten ari denean, medikuak alde batera uzteak erakusten digu zuzendaritzaren helburua ez dela Tolosaldeko herritarrei kalitatezko zerbitzua eskaintzea, enpresaren irabaziak gizentzen jarraitzea baizik. Behin baino gehiagotan salatu dugu ospitale honetako zuzendaritzak zenbaki eta lan-denboratan jarri duela arreta osoa, pertsonen asistentzia-kalitatean jarri ordez".
Bestetik, zuzendaritzarentzat langileen lan baldintzak "ez direla lehentasuna" aldarrikatu dute. "Desegindako zerbitzu horretako medikuek adierazi zuten onartezina zela kalitatezko laguntza eskaintzea, beregain hartu beharreko lan kargekin. ELAk eta LABek behin baino gehiagotan salatu dugu eskualdeko ospitalearen funtzioak beregain hartu dituztela, baina beste eskualde batzuetako ospitale publikoetan baino langile gutxiagorekin eta baldintza okerragoetan. %95a baino gehiago Osakidetzako pazienteak izan arren, ez zaigu gure lana aitortzen", esan dute.
Azkenik, gogora ekarri dute, bi urte pasatxo direla, langileen eta herritarren borroka, aldarrikapen eta eskarien ondoren, Tolosaldeak ospitale publikoa izango zuenaren erabakia hartu zela, baina une honetan, ez-jakintasuna "erabatekoa" dela: "Gaur egun, plan funtzionalaren berririk gabe jarraitzen dugu, hau da, oraindik ez dakigu zein ospitale mota izango den, ezta zein zerbitzu izango dituen ere. Ospitaleko langileen etorkizunari buruz ere ez dugu inolako berririk".
Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eta Olatz Peon Tolosako alkateari, Tolosaldeko Ospitalea publifikatzeko proiektuari "lehentasuna" emateaz gain, "ondorengo baldintzak bete ditzatela" eskatu dute: "%100 publikoa izatea; hurbileko eskualdeko ospitale batek izan ditzakeen zerbitzu guztiak ematea, inolaz ere ez lehen aipatutako zerbitzuak desegin aurretik, Asuncion ospitaleak ematen zituen zerbitzuak baino gutxiago; eta ospitalean hainbeste urtez zerbitzu publikoa eskaini duten langile guztiekin osatutakoa izatea".